Raquel Perez. Alpinista

«Ez du merezi zortzimilako batengatik hatz bakar bat ere galtzea»

1996. eta 2006. urteen artean egindako espedizioetan izan zuen sona handiena Raquel Perez alpinistak. Edurne Pasabanekin batera, hamar urte horietan espedizio gehien osatu zituen emakumea izan zen. 2004an Gasherbrum I igo zuen.

JAGOBA MANTEROLA /FOKU.
Unai Ugartemendia.
Donostia
2021eko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Gaur egun Donostia du bizitokia, eta han egin du topaketa Raquel Perezek. Hitz errazekoa da, eta oraindik ere begiak argitzen zaizkio Himalaiako eta Karakorumeko mendiez hitz egitean. Bizi-bizi gogoratzen ditu oraindik herrialde haietan egindako espedizioak. Ez du baztertzen etorkizunean berriro ere hara itzultzea.

Mendian hasi aurretik, zein kiroletan aritu zinen?

Igeriketan egin nituen urte asko. Donostiako Fortuna taldeak Bidebietan zuen eskolan igaro nituen nerabezaroko urteak. Baina 7 urterekin edo, asma antzeman zidaten. Igerian nenbilen batean, arnasa hartu ezinik gelditu nintzen, eta gurasoek esaten zidaten kirola aldatu behar nuela. 16 urterekin, atletismoan hasi nintzen, Errenterian bertan. Entrenatzen amaitzean, oso denbora gutxi zela bertako frontoiaren atzeko aldean ipini zuten eskalada horman aritzen ginen. Han egin nituen lehen igoerak eskaladan.

Mendirako jauzia noiz egin zenuen?

18 urte nituenean, Aste Santuko oporretan, Morata de Jalonera [Zaragoza, Espainia] joan ginen Errenteriako lagun batzuekin, han eskalatzeko asmoarekin. Nik ordurako harra sartua neukan, eta, gainera, han ezagutu nuen gaur egun nire senarra dena. Bera ni baino jantziago zegoen alpinismoan. Batera entrenatzen hasi ginen. 20 urte bete nituenean, elkarrekin bizitzen jarri ginen, eta orduan hasi ziren Pirinioetarako jarraikako bidaiak. Bidaia asko egin genituen urte batzuetan Pirinioetara.

Pirinioetatik Alpeetara joan beharrean, zuek zuzenean Andeetara joan omen zineten.

Bai, hala da! 1999an, Perura joan ginen. Besteak beste, han, Urus [Andeak, 5.495 metro] eta Ishinca [Andeak, 5.530 metro] mendiak igotzeko aukera izan genuen. Esperientzia hartzeko mendi paregabeak dira biak ere.

Euskal Mendi Federazioak urte haietan martxan jarri zuen gazte alpinisten taldean ere ibili zinen.

Bai, Antxon Bandres zen orduko presidentea, eta uste dut lehen edo bigarren promozioa izan zela geurea. Patxo Davilak eta Eneko Pouk ere laguntzen zuten. Asko ikasi nuen. Proiektua amaitzeko Alpeetara egiten zen irteerara ezin izan nintzen joan. Pena handia eman zidan.

Ondoren etorri zen Himalaiarako jauzi handia.

Bai, Andeetan ibili ondoren, 2002an, Edurne Pasaban ezagutzeko aukera izan genuen. Nepalera joan nahi genuela aipatu genion, eta informazio bila joan ginen harengana. Baina gure asmoa ez zen zuzenean zortzimilako batean murgiltzea. Zazpimilako batekin amesten genuen orduan. Halako batean, aipatu zigun bera Cho Oyura [Nepal, Himalaia, 8.201 metro] zihoala, eta ea gu ere animatuko ginen. Errazenetako bat zela eta baimen berarekin joan gintezkeela esan zigun. Guretzat dena berria zen, baina azkenean haiekin joatea erabaki genuen. Han zen, besteak beste, Joxe Ramon Agirre Marron ere. Paraxutarekin gailurretik botatzeko asmoa zuen.

Nolako esperientzia izan zen lehenengo hura?

Dena ondo zihoan, baina, egun batean, haize bortitzak lehen kanpalekuan utzia genuen denda eraman zuen, glaziarreraino. Altuerako arroparik gabe, zakurik gabe eta material askoren faltan geunden bat-batean. Etxerako bidea hartzekotan egon ginen, baina oinarrizko kanpalekuan zegoen jendeak materiala utzi zigun. Berriro ere martxan jarri ginen; altuera irabazten hasi ginen. Baina, egunak aurrera zihoazen heinean, nire asma arazoak agertu ziren. Biriketako edema txiki baten lehen zantzuak azaldu zitzaizkidan. Pasabanek eta Marronek gailurra egin zuten, baita beste espedizio batean zeuden Juanito Oiarzabalek eta Juan Vallejok ere. Gu, berriz, gailurrik egin gabe itzuli ginen etxera.

Nondik ateratzen zenuten espedizioetarako dirua?

Bikotekideak eta biok hemen genituen lan finkoak utzi genituen, eta Panticosako [Huesca, Espainia] eski estaziora joan ginen lanera. Aldi berean, mendiko gida izateko lehen kurtsoa ere egin genuen, Benasquen [Huesca]. Lanean lortzen genuen diruarekin, etxe inguruko enpresa pare baten laguntzarekin, eta bankuan eskatutako mailegu txiki batekin abiatu ginen lehen espedizio haietan.

Zure lehen zortzimilakoa 2004an igo zenuen: Gasherbrum I. Nola gogoratzen duzu?

Oso espedizio luzea izan zela gogoratzen dut! Carlos Pauner alpinista aragoiarrarekin joan ginen espedizio hartara. Gure lehen asmoa zen espedizio berean Gasherbrum I eta Gasherbrum II [Pakistan, Karakorum, 8.035 metro] igotzea. Erronka handia zen hura. Gainera, berrogeita hamar urte ziren K2 mendiaren lehen igoeratik, eta jende asko zegoen Karakorumen. Ia bi hilabete pasatu genituen oinarrizko kanpalekuan, maiatzaren amaieratik uztaileko azken egunetara arte. Gailurra zapaltzeko unea izugarria izan zen. Han ziren Gerlinde Kaltenbrunner eta Ralf Dujmovits alpinista handiak ere. Baina gauzak asko okertu ziren jaitsieran. Gure espedizioko kide zen Jose Antonio Anton Alacanteko alpinista hil egin zen. Oso gogorra izan zen. Erorketa guztia ikusi genuen zuzenean. Ezin nuen sinetsi!

Nola kudeatzen da horrelako istripu bat?

Jaisten hasi ginenean konturatu ginen elurra ez zegoela onenean. Bera ere ez nuen oso ondo ikusten, eta gogoan daukat gailurrera iristeko ere arazo batzuk izan zituela. Oso mantso hasi ginen jaisten badaezpada, baina irrist egin, eta jausi egin zen. Haren altuerara jaitsi ginenean, azkar konturatu ginen hilda zegoela. Hor bertan lurperatu behar izan genuen. Istripu hura ez dut inoiz ahaztuko. Gainera, oinarrizko kanpalekuan beste astebete zain egon ginen geure material guztia jaisteko. Oso egun gogorrak izan ziren haiek. Espediziotik itzultzean, Elxera [Alacant, Herrialde Katalanak] joan behar izan genuen familiari haren material guztia eramatera.

Carlos Pauner hamalau zortzimilakoak osatzeko erronka bete-betean zegoen. Nolakoa zen espedizioan harekin batera egotea?

Berdin zitzaion espedizioan emakume bat baldin bazegoen! Harentzat denak berdinak dira! Denek bezala, nik ere beste guztiek eramaten zuten pisu bera garraiatu behar izaten nuen. Ez zuen barkatzen! Pasabanekin alderatuta, ez generamatzan altuerako xerpak. Horretan oso ezberdinak ziren. Ez zen erraza harekin lan egitea.

2005ean Nanga Parbatera (Pakistan, Karakorum, 8.126 metro) joan zineten. Ez duzu berehalakoan ahaztuko espedizio hura.

Espedizio hartarako gauzak asko aldatu ziren. Jada zortzimilako bat igota neukan, eta gauzak errazagoak egin zitzaizkidan. Gailurra zapaltzeak gauzak asko errazten zituela konturatu nintzen. Inork ez gintuen behartzen gailurra zapaltzera, baina laguntzak lortzeko errazagoa zen. Donostiako Udalaren eta Euskaltelen laguntza izan nuen Nanga Parbaterako, eta berriro ere Carlos Paunerrekin eta Javier Huarte nafarrarekin batu ginen. Lehenengoetakoak izan ginen oinarrizko kanpalekura iristen, eta argi geneukan Kinshoffer bidetik igo nahi genuela. Lehen egunetan lan handia egin genuen, eta altuera irabaziz joan ginen. Haietako egun batean, eta bidea sokaz hornitu eta gero, lehen kanpalekura jaitsi ginen. Denda barruan nengoela, eta gazta zati bat hartzera nindoanean, halako batean, goitik izotz bloke bat erori eta eskuin aldeko aldakan bete-betean jo ninduen. Arnasarik gabe gelditu nintzen. Izugarria izan zen! Han zeudenek eta bezperan oinarrizko kanpalekura iritsi zen Jorge Egocheaga alpinista eta medikuak ahal zuten moduan atera ninduten handik. Esku-ohe bat inprobisatu behar izan zuten, eta ni ere zakuan sartu ninduten handik jaisteko. Gorriak ikusi nituen kanpalekura iristeko. Hantxe amaitu zen nire espedizioa!

Nola osatu zinen lesiotik?

Lehenik helikopteroz atera ninduten oinarrizko kanpalekutik. Oso helikoptero txikia zen, eta justu-justu sartzen nintzen bertan. Gilgiteko ospitale batera eraman ninduten lehenik, eta hara bakarrik iritsi nintzen. Bikotekidea ere ezustean iritsi zen, beste helikoptero batean. Handik hiru egunera, Islamabadera eraman ninduten. Han beste astebete pasatu nuen ospitalean, eta, hasieran, han egin nahi zidaten ebakuntza. Nik ezetz esaten nien; handik ateratzeko eskatzen nion aseguru etxeari. Ez nintzen nahi ordurako handik atera! Behin etxera itzulita, Zaragozako ospitale batean hasi nintzen errehabilitazioan. Hango traumatologoen taldeak ebakuntzarik ez egitea erabaki zuen. Zorte handiz, eta bi hilabete ohean egin ondoren, gutxinaka berriro ere osatze prozesuan nengoen. Handik bederatzi hilabetera, Dhaulagiriko [Nepal, Himalaia, 8.167 metro] oinarrizko kanpalekuan nengoen berriro ere.

Han ere ez zenuten zorte handirik izan.

Ez, han ere beste istripu bat izan genuen! Ez da batere leku erosoa Dhaulagirikoa, eta gainera bigarren kanpalekua oso arriskutsua da. Elur-jausi asko izaten dira, eta jende asko hil izan da, besteak beste Juanjo Garra, Santiago Sagaste, Ricardo Valencia eta Pepe Garces. Bigarren kanpalekuan geundela, ikusita elurrak ez zuela atertzen, etxera itzultzea erabaki genuen. Ez zuen merezi han egotea. Gauza guztiak bildu, eta helikoptero batean alde egitea erabaki genuen. Martxan jarri eta gutxira, zeraman pisuarengatik, helikopteroa berriro ere lurreratzen hasi zen batere kontrolik gabe. Uf, segundo haiek ordu bilakatu ziren! Oraindik ere ez dakit bizirik nola atera ginen istripu hartatik. Urtebete igaro zen helikoptero hura handik atera zutenerako.

Alpinista ezagun batek esana da gailurra zapaltzeak ez duela azazkal bat galtzea ere merezi. Iritzi berekoa al zara?

Nik ere berdin pentsatzen dut, nahiz eta baditudan lagunak aurkakoa pentsatzen dutenak. Beti pentsatu izan dut niri ez didala merezi zortzimilako batengatik hatz bakar bat galtzea. Oraindik ere gustuko dut hatzak pintatzea [barrezka].

2006ko espedizio haren ostean, berriro ere Cho Oyura joan zineten, baina han amaitu ziren zure espedizioak. Zergatik ez zinen itzuli?

Ordurako jada pentsatzen hasita nengoen familia izatea. Dhaulagiriko espedizioan, esaterako, senarrak aipatu zidan agian hura izan zitekeela garaia horretarako. Handik gutxira, krisia hasi zen, eta proiektuak ere bertan behera erortzen hasi ziren. Uste dut dena pilatu zela. Himalaiarako azken bidaia 2008an egin genuen, aitaginarrebarekin eta haren lagunekin Khumbuko trekkinga egitera. Ondoren, ama izatearekin batera, alde batera utzi nituen espedizioak, gaur arte. Orduan konturatu nintzen oso zaila egingo zitzaidala berriro ere antzeko erronketan murgiltzea.

Geroztik sumatu al duzu espedizioen falta?

Nire buruan beti izan dut arantza bat horrekin. Gustatuko litzaidake, baina oso zaila ikusten dut. Emakume gutxi ezagutzen ditut ama izan ondoren Himalaiara joan direnak; gizonezkoetan, berriz, ez dut gauza bera ikusten.

Gaur egun nola ikusten duzu emakumeen egoera goi mendietako espedizioetan?

Gauzak asko aldatu dira azken urteetan. Lehen oso emakume gutxi ikusten zen orokorrean mendian. Nire espedizioetan ere oso emakume gutxirekin topo egin izan dut, esaterako Edurne Pasabanekin lehen Cho Oyu hartan, eta Eva Zarzuelorekin azken Cho Oyuan. Gaur egun, asko pozten naiz emakumeak mendian ikusten ditudanean!

Emakumeek askoz gehiago erakutsi behar izan al duzue Himalaian?

Baietz esango nuke. Guk lortutakoa beti zalantzan jarri izan dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.