Hezkuntza publikoa olioztatzeko taupadak

Euskal Eskola Publikoaren jaia egin zuten igandean, Errenterian. Pozik azaldu dira Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteko kideak eta Koldo Mitxelena ikastetxeko gurasoak, aurreikuspenak bete dituztela eta.

Jendetza. Milaka lagun bildu zen Errenterian igandean. JON URBE / @FOKU.
Izaro Zinkunegi Barandiaran.
2019ko ekainaren 4a
00:00
Entzun

Makina bat jende bildu zen herenegun Errenterian (Gipuzkoa), Euskal Eskola Publikoaren festan. Makina bat lagun, eta Makina bat taupada, aurtengo leloak eta abestiak dioten moduan. Hezkuntza publikoaren motorra olioztatzeko helburuz, lehenengoz hartu du Euskal Eskola Publikoaren festa Oiartzualdeak, eta aurreikuspenak bete dituztela adierazi dute antolatzaileek.

«Oraindik zenbakirik ez badaukagu ere, balorazio oso positiboa egiten dugu. Jende pila bat etorri da, eta antolakuntza aldetik ez da gorabeherarik egon», adierazi du Maialen Oliveri Errenteriako Koldo Mitxelena ikastetxeko Koldokide guraso elkarteko kideak. Biharamun gozoa izan du EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteak ere, aurreikuspenak bete dituztela azaldu baitute.

Koldo Mitxelena ikastetxea izan da festaren erdiguneetako bat. Alta, Oliverik esan duenez, Errenteriako Bizarain eta Gamon eskolek, Oiartzungo Elizaldek eta Lezoko herri eskolak ere parte hartu dute jaiaren antolaketan. Egunean bertan lanean aritutakoentzako esker hitzak ere izan ditu Koldokideko gurasoak: «Eskerrak eman nahi dizkiegu boluntario aritutakoei; 250 lagun inguru ibili gara lanean egunean bertan».


Pirritx, Porrotx eta Marimototsen emanaldia izan zen jendetsuenetako bat. Jon Urbe / Foku

Hilabete luzez prestatutako egitarauaz gozatu zuten igandean milaka lagunek, horretarako prestatutako sei guneetan. Askotariko ekitaldiak izan ziren: jolasak, tailerrak, ikuskizunak, kontzertuak eta beste. Publikoa ere halakoa izan da, antolatzaileen arabera: «Gure helburuetako bat zen publiko zabala erakartzea, eta lortu dugu. Goizean, familiak ibili ziren haurrekin. Eta arratsaldeko kontzertuetan bestelako publiko bat izan zen, kontzertuak ikustera etorritako 20-30 urte inguruko jende gaztea».

Lekukoa, Arabako Errioxak

Egunak ez ezik haren antolaketak ere fruituak eman dituela nabarmendu du Oliverik: «Koldo Mitxelenako guraso elkartea guztiz indartuta atera gara. Eta ez gu bakarrik: baita hezkuntza komunitatea ere». Ikastetxearen parte hartzea nabarmendu du Oliverik. Halaber, azaldu du eskolen arteko sarea sortzeko ere balio izan duela jaiak: «Beste ikastetxeekin elkarlanean aritzeak sortu du lan sare bat, aurrerantzean ere elkarrekin aritzeko».


Jolasak eta tailerrak egin zituzten zenbait gunetan. Jon Urbe / Foku

Norbanakoez gain, alderdi politikoetako eta erakundeetako ordezkariek ere parte hartu zuten Euskal Eskola Publikoaren jaian; tartean, Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak. XXI. mendeko aldaketetara egokitzeko, Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako hezkuntza lege baten beharraz ohartarazi zuen Uriartek festaren irekieran. Eta berretsi zuen hezkuntza lege berri bat onartzeko lehen urratsak egiten hasia dela Eusko Jaurlaritza. Hezkuntza sistema publikoaren aniztasuna ere aldarrikatu zuen hitzaldian: «Kolore anitzeko sistema bat gara, jatorri anitzetako pertsonek osatua».

Aldarri eta kolore artean ospatu zuten herenegun Errenterian Euskal Eskola Publikoaren 28. festa. Baina makinak ez du etenik, bertan jaso baitzuen lekukoa Bastidak (Araba). Arabako Errioxako ikastetxe publikoek antolatuko dute datorren urteko Euskal Eskola Publikoaren jaia.


Zaporeak proiektua laguntzeko erabiliko dituzte janarien salmentako etekinak. Jon Urbe / Foku


Kontzertua eman zuen eMe taldeak, herriko plazan. Jon Urbe / Foku


Musikariek girotu zituzten herriko kaleak. Jon Urbe / Foku

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.