Kalerik kale ihesi

Toki itxietan ez ezik, kalean ere egin daitezke ihes jokoak. Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Iruñean badira halakoak, baita herri batzuetan ere. Tokian tokiko historia, kultura eta ondarea dira asmakizunez beteriko joko horien oinarria.

Fermin Iriarte. Doako ihes jokoa sortu du Iruñerako, aurretik sortu zuen ibilbide turistikoan oinarriturik. IÑIGO URIZ / @FOKU.
Iker Tubia.
2020ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Fernando Katolikoak Nafarroa konkistatzeko agindua eman du. 1512. urtea da. Joanes Albretekoa eta Foixko Katalina Nafarroako errege-erreginek mezu sekretu bat bidali dute: baliteke defentsarako aginduak izatea edo errefortzuen berri ematea. Zuen misioa mezua argitzea da, baina Cryptex batean dago gorderik. Sei letrek osatzen dute irekitzeko gakoa, eta horiek lortzeko sei enigma asmatu beharko dituzue mapan ageri diren tokietan».

Hala hasten da Takonerako Sekretuak jokoa. Uda honetan Iruñeko Udalak Takonera parkean eskaini duen ihes jokoa da, baina, kasu horretan, jokalariek ez dute gela batetik ateratzea lortu behar, argitu beharreko misterioa karrikan baitago. Izan Bilboko kortsario baten altxorra, zezen plaza irekitzen duten zortzi giltzak, erloju saltzailearen kondaira edo Tuterako Benjaminen sekretua gordetzen duten kutxa, guztiek gauza bera dute oinarrian: talde lanean argitu beharreko misterio bat.

Badira urte batzuk ihes gelak boladan jarri eta arrakasta handia dutela. Ez dira garairik onenak negozio mota horrentzat ere, bezero anitzek nahiago baitute gela itxi batean ez sartu. Jokoak, baina, ez du zertan gela batean izan. Azken boladan, Euskal Herrian ihes joko horien molde berri bat zabaltzen ari da: kaleko ihes jokoak. Hiriburu gehienetan badira, eta herri batzuetan ere bai.

Gela itxi batetik heldu dira ideia horiek. Hala onartu du Santiago Lesmes Escape Street enpresako kudeatzaileetako batek: «Ihes gelen zaleak garelako sartu ginen honetan». Duela hiru urte sortu zuten enpresa, eta Iruñean egin zuten lehenbiziko jokoa: Escape Bull. Entzierroaren ibilbidean egiten da ihes joko hori, eta onartu duenez, turismoari begira jarri ziren. «Turismoa sustatzeko baliagarria izatea nahi dugu. Bisita arrunt bat saldu baino gehiago, bisita ludiko bat eskaintzeko». Haientzat ez ezik, besteentzat ere sortu dituzte jokoak: Bilbon, Donostian eta Tuteran, besteak beste. Frankizia sistema darabilte halakoetan: haiek jokoa garatu, eta besteek kudeatzen dute. Ez hori bakarrik, jarduera zehatzetarako ere prestatzen dituzte jokoak: Iruñea Beltza jaialdirako egin zuten bat, eta euskarari buruzko beste bat euskaltegietan erabiltzeko.

Badira ezberdintasunak ihes gelekin alderatuz gero: lehenbizikoa, agerikoena, kalean jokatzen dela. Edukia ere ezberdina izaten da: «Kultur edukiak sartu genizkien jokoei: gauza oso bitxi, original eta dibertigarriak daude ihes geletan, baina aspertu ginen beti bankuetan lapurtzeaz, bahituak askatzeaz edo zonbi kontuetan ibiltzeaz. Beraz, ezinbestekoa iruditu zitzaigun joko guziak historiari, kulturari eta ondareari lotzea», azaldu du Lesmesek.

Bide beretik jo dute beste kaleko ihes joko batzuek ere. Juanjo Bernuyk Street SKP sortu zuen duela bi urte, eta iaz atera zuen Bilboko Alde Zaharrean aritzeko ihes jokoa. Bere jokoan Casilda anderea bahitu dute, eta hura salbatu beharra dago. «Hala ere, froga guztiak, aurkitzen dituzun gauza guztiak, benetakoak dira: adibidez, katedralaren atzean dagoen Aingeruaren atea», esan du. «Nahi dugu jendeak hiriko sekretu eta istorioak ezagut ditzan, baina jokatzen».

Bertako historiari loturik

Oraingoz joko bakarra du, baina beste bat garatzeko asmoa du, batzuek errepikatzen baitute. Hurrengoa Galdutako kopa izanen da: 1902. urtean Bizcaya taldeak irabazitako Koroatze Kopa Alde Zaharrean galdu zen, eta hor abiatuko da jokoa. «Benetako istorio bat da. Hori da politena. Errealitateak beti gainditzen du fikzioa, eta askoz hobe da benetako istorio batetik abiatzea, gero gauzak egokitzea baita afera, eta askoz ere interesgarriagoa da».

Berdin gertatzen da Donostiako ihes jokoan: «Primerako ibilbidea da Donostian barrena, eta istorio oso bitxi eta dibertigarriak kontatzen ditugu hiriko pertsonaiei eta gertakari historikoei buruz. Beti modu dibertigarrian, baina zorroztasun historikoarekin», azaldu du Lesmesek. Euskal Herriko kaleko ihes joko gehienetan ez da gauza askorik behar: sakelakoa edo tableta —bateria kargatuta— eta arropa erosoa. Donostiakoa berezia da: «Joko mistoa da; beraz, beste elementu batzuk daude. Talde bakoitzari motxila bat ematen zaio zenbait gauzarekin: kutxak, giltzarrapoak, zintak, errealitate birtualeko elementuren bat...».

Horrelako jokoetan aritzeko, normalki, ordaindu beharra dago. Joko batzuetan aurretik izena eman behar da, eta beste batzuetan aski da aplikazioan sartu eta partida ordaintzearekin. Badira doako aukerak ere, dena den. Fermin Iriarte gazte iruindarrak kaleko ihes joko bat sortu berri du konfinamendutik atera berritan. Aldez aurretik hiriak bisitatzeko gidak sortu zituen sakelakorako: My Phone Tour. Hego Euskal Herriko lau hiriburuetarako doako gida eskaintzen du, besteak beste.

«Konfinamenduan joko bat egitea pentsatu nuen, eta informatikari baten laguntzarekin egin genuen. Aplikazioa jaitsi eta erabili liteke», azaldu du Iriartek. Jokoa ibilbide turistikoan oinarritu du gazte iruindarrak. «Gida prestatzeko ikerketa egiten dut, informazioa egiaztatu eta saiatzen naiz sobera datu ez sartzen». Haren aburuz, errazagoa da kondairak eta anekdotak buruan gordetzea. «Katedrala ongi ezagutu nahi duenak, hobe du hara joan eta bisita gidatua egin», ohartarazi du.

Jokoak Iruñea bisitatzeko beste modu bat eskaintzen duela uste du Iriartek. Are, gauza asko ikasteko baliagarriagoa dela ere esan du: «Joko baten bidez egiten duzun edozer gauza errazago oroitzen duzu. Ihes jokoetan oso kontzentraturik egoten zara. Probak gainditzea hainbeste kostatzen zaizunez, hainbeste buelta ematen dizkiozunez buruari, gero hori memorian iltzatzen zaizu». Bernuyk berdin uste du: «Jokoaren ondoren, ikasitako gauza batzuk ahaztu ditzakete, baina gerora ezagun egiten zaizkie».

Lesmesek sumatu du eskaria handitu dela aurtengo udan, nahiz eta ez den «gorakada izugarri bat» izan. Eskaintza ere zabaltzen hasi da. Euskara da oraindik ez dena joko horietan hainbeste zabaldu: oraingoz, euskaraz jokatu liteke Bilboko Street SKP jokora, baita Basaburuko (Nafarroa) natura eskapean ere. Hori herriz herri egiten denez, autoa beharrezkoa da. Iruñean, Donostian, Bilbon eta Tuteran jokoak dituen Escape Street enpresak aplikazioak euskaratzeko asmoa duela esan du Lesmesek.

Ez da ginkana bat

Ihes joko horien egileek diote ez direla altxorrak bilatzeko jokoen edo ginkanen antzekoak. «Talde eta bilaketa lana da, baina batez ere asmamena erabili behar da gauzak argitzeko. Ihes joko batean ezinbestekoa da asmamena, ezin da ginkana bat izan: gauzak aurkitzeaz gainera, asmamena landu behar da eta gauzak argitu», azaldu du Lesmesek. Eta horren atzean historia eta kultura, bai, baina horretan ere ez da aditu izan beharrik: «Ez da Trivial bat ere, ez da beharrezkoa historia ongi ezagutzea; historia asmakizunak sortzeko baliatzen dugu, ez besterik».

Ihes geletan bezala, kaleko ihes jokoetan ere bada laguntzarik, ez aurrera ez atzera dabiltzan taldeentzat. Bernuyk uste du garrantzitsua dela, jokalariak zapuztu ez daitezen. Horretarako, joko horiek pistak ere izaten dituzte. Ihes geletan jokalariak ikusten dituen pertsona batek ematen dizkie pistak. Kaleko jokoetan, pistak automatikoak izaten dira nagusiki. Are, Bernuy bere jokoa hobetzen ari da, jokalariek jakin dezaten ea noranzko egokia hartu ote duten, une oro. «Joko honetan ehun taldek baino gehiagok parte hartu dute, eta lau baizik ez dira bukaerara iritsi», esan du.

Ez da gauza askorik behar hiri bateko karriketan murgildu eta bere historia, ondarea eta kultura ezagutuz dibertitzeko. Kanpokoentzat ez ezik, bertakoentzat ere ikasbide baitira ihes jokoak. Hain zuzen ere, ihes egiteko ere baliagarriak izan daitezke: eguneroko arazoak alde batera utzi, eta gozatzeko gogoekin kalerik kale ihesi ibiltzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.