«Gogotsu» itzuli dira festara

Bi urteko etenaren ondoren, herri eta auzoetako festak itzuli dira Euskal Herrira. Jai batzordeek antolaketarako zailtasunak izan dituztela onartu arren, adierazi dute jaietarako zuten ilusioak lagundu diela horiek gainditzen.

Matiena auzoan, gazte bat txosna montatzen. RAUL BOGAJO / FOKU.
ane insausti barandiaran
2022ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Zain zeuden, eta iritsi dira: bi urteren ostean, herri eta auzoetako jaiak bueltan dira, ostera ere, Euskal Herrian. Txupinazoekin batera egin du eztanda pilatutako jaietarako gogoak, eta, aurrerantzean, herriz herri eta auzoz auzo hedatuko da grina hori, koloretako serpentinak airean nola. Jaiak hasi dira, edo hastear dira, besteak beste, Santurtzin, Urduñan eta Abadiñon (Bizkaia); Iruñeko Txantrean (Nafarroa), eta Beasainen eta Lazkaon (Gipuzkoa).

Iruñeko Txantrea auzoa izan da festei berriro ekiten lehenetarikoa. Apirilaren 27an hasi ziren, eta maiatzaren 1ean amaitu. Lehen egunetik nabaritu zuten festarako gogoa, Polo Gartzia Txantreako jai batzordeko kidearen arabera: «Txupinazoa oso jendetsua izan zen, oso hunkigarria. Vicentak [Irurita] bota zuen, 106 urterekin; jotak kantatzen aritu zen eta oso polita izan zen», azaldu du.

Joan den urtean, jaiak sarean ospatu zituzten, eta jendeak bideoak eta argazkiak bidaliz parte hartu zuen horietan. Aurten, berriz, zalantza egin zuten jaiak ohiko eran ospatzeko aukera izango zuten ala ez, baina beti bezala antolatzen hastea erabaki zuten. Ez alferrik:«Hasieran pixka bat kostatu zitzaigun berriro martxan jartzea, baina orain oso pozik gaude. Izan ere, guk dena auzolanean sortzen dugu». Horixe nabarmendu du behin eta berriz, auzolanaren indarra: «Honen atzean ez dago ez udalik, ez multinazional babeslerik; guk lortzen duguna auzokideei esker lortzen dugu». Orotara, 100 ekitalditik gora antolatu dituzte.

Hain zuzen, zailtasun bakarrak udalaren aldetik izan dituztela direla salatu du txantrearrak. «Udalaren laguntzak gure aurrekontuaren %30 estaltzen du, gutxi gorabehera. Beste guztia auzoko merkataritza eta auzokideei esker lortzen dugu. Alokairuaren kostua ere gure gain hartzen dugu: komunak, karpak, eszenatokia...».

Gartziak adierazi du jai hauetarako «talde gisa indartu» direla, jende berria sartu delako batzordean. Denek dute sentimendu bera: «Txantreako jaiak bihotzean daramatzagu, gure ikurra dira; sozialki asko mugitu den auzoa da, eta hori nabaritzen da».

Aurten, gainera, auzoan bizi diren atzerritarrengana hurbiltzeko saiakera egin dute: «Larunbatean, Karrika dantza egin genuen, kalejira antzeko bat. Etorri ziren Hamaika koloreko kideak, eta hor egon ginen euskaldunak, kolonbiarrak, boliviarrak... denak nahastuta. Oso polita izan zen».

Lazkaon ere maiatzaren 1ean amaitu ziren San Prudentzio jaiak. Oraindik talde gisa balorazioa egin ez badute ere, «oso ondo» joan direla azaldu du Ane Arizkorreta Lazkaoko txosna batzordeko kideak: «Bi urteren ondoren, gogo handia geneukan festak ospatzeko».

Pandemia hasi zen urtean bertan behera utzi zituzten festak, dena antolatua zuten arren. Ez ziren geldirik geratu, ordea: «Herria alaitzen saiatu ginen bideo bidez zabaldutako bertso batekin, jendea balkoian topa egitera animatuz txupinazoaren egunean». Iaz, berriz, kontzertuak antolatu zituzten, «Lazkaon kultur ekitaldiak zineman bakarrik egin zitezkeenez, kultur eragileei laguntzeko asmoz».

Berrikuntza ugari

«Indartuta» itzuli direla adierazi du lazkaotarrak, eta hori baliatuta, hainbat berrikuntza egin dituzte: «Aspalditik geneukan buruan elikadura burujabetza lantzea, eta iruditu zitzaigun garai egokia zela hitzetatik ekintzetara pasatzeko». Hala, Basabe artisau garagardoko kideekin elkarlanean, haien garagardoa ekoitzi dute; Biba Ardoak-eko ardoa erabili dute txosnan, Euskal Herriko kooperatiba bat delako, eta Bilbao Biscay Distillerykoekin sortu dute ginebra ere. Edalontzi eta plater berrerabilgarriak ere sortu dituzte, aurrerantzean erabiltzeko.

Horrez gain, erasoen aurkako protokoloa ere berritu dute, eta «arreta berezia» jarri dute oholtzan: «Bermatu nahi genuen emakumeen presentzia taula gainean, eta saiatu gara egunero emakume talde bat gutxienez egon dadin eszenatokian», azaldu du.

Kanpotik jende andana joan zen herrira, baina herritarrak ere lanerako prest zeudela nabarmendu du Arizkorretak: «Txosna batzordean hainbat eragile gabiltza lanean, jende askok hartzen du parte: azarotik antolaketan hasten garenoz gain, Talde Feminista, Jo ta ke elkartea, barrako txandak egiten dituztenak, goizeko garbiketa egiten dutenak... lanerako prest daude beti». Era berean, azaldu du «gazte belaunaldi berri bat» batu dela lantaldera, eta «horiek ezagutzeko eta haiekin harremanak izateko aukera polita» izan dutela.

Dena den, ohi bezala, aldarrikapenetarako abagunea izan dira festak Lazkaoko txosnan: «Txosna batzordeak beti aldarrikatzen du festa herrikoiak, euskaldunak eta feministak nahi ditugula, eta, era berean, presorik gabeko Euskal Herri burujabe bat nahi dugula».

Zailtasunak zailtasun, lantaldea indartuta atera dela berretsi du Arizkorretak: «Zailtasunak beti izan ditugu. Baina, zorionez, lantalde handi eta kohesionatu bat daukagu, eta denei aurre egin diegu».

Jaien esperoan

Bestelakoa izan da egoera alboko herrian, Beasainen, Maider Insausti bertako jai batzordeko kidearen arabera. Hilaren 27an hasiko dira jaiak Beasainen, eta otsailean hasi ziren batzordeko kideak biltzen. Bileretarako deialdiak bideo bidez ere egin zituzten jende gehiagorengana iristeko, baina ez dute espero adina jende bertaratzea lortu: «Ez da beste urteetan azaldu den bezainbeste jende azaldu batzarretara. Herrian motibazioa bai, sumatu dugu, baina, gero, jendea ez zen bileretara animatzen». Halere, ziur da txosnako txandetarako jendeak parte hartuko duela, ohi bezala.

Bi urteko geldialdia dela medio, hainbat gauza oraindik lotzeke dauzkatela onartu du: «Azken batean, praktika galdu dugu pixka bat. Lehen gauzak gehiago hartzen genituen kontuan, eta aurten berandu xamar gabiltza alde horretatik, hainbat gauza ez ditugulako behar bezala aurreikusi». Dena den, uste du gutxi barru egitaraua argitaratzeko moduan egongo direla.

Bederatzi eragilek osatzen dute Beasaingo txosna batzordea, baina haren antolaketa herriko jaietara mugatzen da. Urtean zehar, eragile bakoitzak bere aldetik antolatzen ditu ekintzak. Hortaz, txosnatik lortutako dirua hurrengo jaietarako gordetzen dute, eta eragileei iristen zaien dirua erabiltzen dute urteko jarduerak aurrera eramateko.

Jaien esperoan, «gogotsu» sumatzen dute giroa, eta «eguneroko monotoniatik» atera etagozatzeko egunak izatea espero du beasaindarrak: «Festak herri gisa lotzen gaituzten egun garrantzitsuak dira, herri osoa elkartzen da, eta jendeak intentsitatez bizi ditu».

Hori dela eta, aurtengoez zer espero duten galdetuta, zera dio: «Espero dut dena ondo joatea, denek elkar errespetatuz ondo pasatzea, eta herriko gazteak elkartu eta sustatzea orain arte egin ez ditugun harreman horiek. Izan ere, Beasainen asko biltzen gara kuadrillaka, bakoitza bere aldetik».

Hori bera espero du Eneko Intxausti, Urduñako jai batzordeko kideak. Atzo hasi ziren Otxomaio jaiak, eta horietan herritarrak berriro elkartzea espero du: «Hiri txiki bat denez, jaiek laguntzen dute hiri osoa elkartzen, eta urtean zehar jendearen artean egoten ez den harreman hori bultzatzen».

Urduñarrak ere ez dira geldirik egon pandemiaren bi urteetan. Gazte Asanbladak, jai batzordeak zein Udalak hainbat ekintza antolatu zituen iaz, segurtasun neurriak errespetatuta: «Erauntsi dantza taldeak, adibidez, dantza egin zuen, hiriko hainbat lekutan. Horrez gain, irratsaio berezi bat egin zen, etenik gabekoa, Otxomaioak ospatzen diren bi asteburuetan. Hainbat ekintza antolatu ziren irratsaio horren harira: hitzaldiak, tokiko musika bultzatzeko kontzertuak, eta abar».

Txosnak muntatzeko lanetik une batez aldenduta egin du elkarrizketa, eta esan du dena bide onetik doala: «Hasieran zaila egin zaigu berriz dinamika hartzea. Baina jendea gogotsu dago, eta dena nahiko erraz ateratzen ari da».

Aurtengoan ez dute egitarauan berrikuntza askorik egin, bainauste du jaiak ospatzea bera «ikaragarrizko aurrerapausoa» dela, azken bi urteekin alderatuz gero: «Duela lauzpabost urteko Otxomaioen eta aurtengoen egitaraua oso antzekoa izango da, baina irudipena dugu jendeak inoiz baino gogotsuago hartuko dituela». Besteak beste, kuadrillen arteko afaria antolatuko du Gazte Asanbladak, eta euskara bultzatzea eta eraso sexisten aurkako jarrera erakustea izango dituzte helburutzat.

Pasatutakoak pasatuta, gozatzea espero du, eta azken bi urteak atzean uzteko lehen urratsa izatea: «Espero dut lehen pauso bat izatea normaltasunera bueltatzeko. Jende guztiak beste mentalitate bat izatea, aipatutako eraso sexistarik ez gertatzea, eta denok ondo pasatzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.