Poitiers, Erdi Aroko altxorren gordailu

Ondarea zaindu, gorde eta mantentzen dute Poitiers hiriak eta inguruko herriek, eta horixe dute, hain zuzen, bereizgarri. Erdi Aroko eraikuntzek ezaugarritzen dituzte, eta baita denda txikiz beteriko kaleek ere.

Poitierseko justizia jauregia. MIREN MUJIKA TELLERIA.
Miren Mujika Telleria.
Poitiers
2022ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Etorkizunekoak baino gehiago, antzinako elementuak gordetzen ditu Poitiersek (Frantzia), Futuroscope parketik hamahiru bat kilometrora dagoen hiriak. La Vienne departamenduan dago, Frantziako mendebaldean. Kale zabalak, jendez betetako plazak, tabernetako terrazak lepo, hiriaren historia kontatzen duten bazterrak... Hala jasotzen ditu bertakoak eta bisitariak. Erdi Aroko arte erromanikoak besarkatzen du Poitiers, ondarea zainduz, eta, batez ere, gordez. Hain justu, horrexek berak ematen dio xarma berezi bat hiriari.

Coraline Pronok egin du argazkia, Poitierseko turismo bulegoko prentsa arduradunak: «Oso leku berezia bihurtzen duen erakargarritasuna du hiri honek; arkitektura erromanikodun txokoak dira bere ondare, baita barrualdeak apaintzen dituzten pinturak ere». Hain justu, horrek bereizten du Poitiers bestelako hirietatik; izan ere, «munduko toki gutxitan ikus daiteke Poitiers bezalako hiri bat», nabarmendu du Pronok.

Denda txikiz beteriko kaleetan barrena doa jendea, horien guztien erakusleihoei so. Kale guztiek kasik bat egiten dute plaza berean: Notre Dame eliza erromanikoaren plazan. «X. mendean sortu zen eliza, eta XIX. mendean berreraiki zuten. Poitiersek duen monumentu nagusia da».

Ez dago barrura sartu beharrik elizaren edertasunaz jabetzeko, ikusgarria baitu fatxada bera ere. «XII. mendekoa da fatxada, eta Erdi Aroan zizelkatutako Bibliaren irudiak ikus daitezke bertan». Barrualdeak badu atentzioa ematen duen elementu bat; izan ere, koloretako marrez jantzitako hamarnaka zutabek eusten diote eraikuntzari: «Koloreek modernizatu egiten dute eliza, baina horrek ez du esan nahi ahantzarazten duenik Erdi Aroan eraikitako eliza dela», adierazi du prentsa arduradunak. «Garai hartako pinturak dira hormetan daudenak, benetako harribitxiak».

Dendaz eta jendez beteriko terrazei jarraituta, ez da oharkabean pasatzen justizia jauregia. Herriko txoko guztien antzera, badu zer kontatu: «Poitiersko kondeen jauregi zaharra da justizia jauregia», jakinarazi du Pronok: «Gotikoaren adibide bikaina da».

Kondeen jauregia zena, ordea, justizia auzitegi bilakatu zen Frantziako Iraultzaren ondoren, eta funtzio hori izan zuen 2019. urtera arte. Poitiers hiria da jauregiaren jabe geroztik, eta, Pronok azaldu duenez, jauregia hiriaren jabetzakoa izatea «aukera paregabea da toki horri bestelako erabilera bat emateko». Dantza emanaldiak, kontzertuak eta antzerkiak egiten dituzte asteburuetan, eta aste barruan mahai ugari jarri ohi dituzte jendeak atseden hartzeko edo ikasi ahal izateko.

Erdi Aroko herri, gaztelu eta abadia gehiago ditu inguruan Poitiersek. Esaterako, La Guinguette Pictave parkea, Saint Savin abadia, Chauvigny udalerria eta Geants du Ciel gaztelua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.