Karmele Soler. Makillatzailea

«Ezin duzu torturaren errealitatea islatu, ikusleak botaka egingo lukeelako»

Ridley Scott, Jacques Audiard eta Pedro Almodovar zuzendarien filmetan egin du lan Solerrek, besteak beste. Sarituriko 30 urteko ibilbidean ikasitakoak azaldu ditu.

JUAN CARLOS RUIZ/ FOKU.
Edu Lartzanguren.
Donostia
2018ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Karmele Soler donostiarrak 30 urte baino gehiago daramatza zinema makillatzaile gisa. 60 filmetan baino gehiagotan aritu da, azkena, Kuban filmaturiko Yuli (Iciar Bollain). SolerBMak estudioan makillatzaile belaunaldi berriak hezteko prestatzen ari da.

Politikariak aktoreak baino errazagoak dira makillatzeko orduan?

Behin, hauteskunde kanpaina batean aritu nintzen lanean, EArekin eta PSOErekin. Gogoratzen dut Carlos Garaikoetxearen atzetik ibili izana merkatu batean, distirak eta kentzeko. Izan ere, alde handia dago politikaria makillatuta egon edo ez egon, nahiz eta zu ez konturatu. Jose Antonio Ardanzarekin eta Odon Elorzarekin ere aritu izan naiz. Poliziak maletina irekiarazten zidan, garai ikaragarri hartan. Burusoiletan argia oso zuzena baduzu, irudia erre egiten da. Orduan, asko ilundu behar dituzu kaskasoilak, horrenbeste argi isla ez dezaten.

Donostiako Parte Zaharrean hazi zinen, gurasoek Konstituzio plazan zuten lurrin dendan. Makillajearekin loturiko familia zarete. Amaren eragina horrenbestekoa izan da?

Ama estetizista zen, eta kremen eta ezpainetako barren artean hazi nintzen. Hiru ahizpak makillatzaileak gara. Harrigarriagoa da, gainera, kontuan hartzen baduzu orduan lanbide hori ez zela existitu ere egiten. Nik amarengandik jaso nuen zaletasuna, baina lanbidea ez nuen non ikasi. Telebistarik ere ez zegoen hemen. Gero, lan egin nuen euskaraz eginiko lehen hiru film haietan: Zergatik Panpox?, Ehun metro eta Hamaseigarrenean aidanez [1985]. Orduan ez zitzaidan asko gustatu zinemagintza.

Zer ez zitzaizun gustatu zinema industriaz?

Sekulako anabasa da filmatzea. Gogorra da. ETBn eroso zaude, estudio batean, baina filmaketa batean, ez ordurik, ez erosotasunik, hotza, beroa... Latza da. Nire ibilbide osoa gogorra izan da. Ander eta Yul [1988] egin nuenean, ilusioa nuen, baina ezjakintasun erabatekoa: autodidakta hutsa zara, ez duzulako norengandik ikasi. Argazki zuzendariek zuzentzen zidaten lana. Horrela ikasi nuen. Gero Frantziako Makillatze Eskolan ikasi nuen, Parisen, eta hor zinemarako makillajearen espezialitatea egin nuen.

Zein da aldea zinemarako eta telebistarako makillatzearen artean?

Telesail baterako bada, ez dago inongo alderik. Izan ere, dagoeneko inork ez du zeluloiderik erabiltzen. Zeluloidean egin nuen azkena Hable con ella izan zen [Pedro Almodovar, 2002]. Orain dena definizio handiko bideokamerekin egiten da. Digitalak aukera asko ematen dizkizu, baina zaila da, ia giza begia bezalakoa delako: lanak askoz finagoa izan behar du, nahiz eta gero aukera egon manipulatzeko. Orain, askoz urrutiago joan zaitezke makillajearekin.

Mundu osoan filmatu duzu. Aktore beltzak kexatzen dira makillatzaile eta argazki zuzendari zuriek ez dakitela askotan azal ilunak tratatzen. Arrazoia dute?

Bai. Cabo Verden egin nuen film batean [Casa de lava, 1994], oso azal zuriko Ines de Medeiros eta oso azal beltzeko Isaach de Bankole aktoreak ziren protagonistak. Nola argiztatzen duzu hori? Bat erre, edo bestea desagertu! Nik ezin nuen Ines ilundu. Digitalak asko laguntzen du orduan. Batzuek uste dute beltzek ez dutela makillatu behar. Ezin dituzu produktu berdinak erabili, noski, baina tratatu behar da azal beltza ere, pantailan osasuntsua emateko, eta grisakara edo urdinkara ez agertzeko. Konplexua da.

Iaz Errumanian egon zinen, Jacques Audiarden The Sisters Brothers filman lan egiten —datorren urtean estreinatuko dute—. Jake Gyllenhaal, Joaquin Phoenix eta Rutger Hauer western batean. Cowboy bat sortzeko aski da beltzaran jartzea eta azalari zikinkeria gehitzea?

Figurazio lan ikaragarria du filmak, lau Oscar irabazitako Milena Canoneroren jantzi zoragarriekin. Ez nuen aurretik cowboy filmik egin, eta izugarri gustatu zitzaidan: beltzarandu, distira jarri, zikinkeria, ile eta bizar luzeak... Oso lan polita izan zen, eta, geroztik, hori da gogokoen dudan generoa, naturaltasun zikin hori bilatzeko.

Nolakoak dira makillatzeko gehien maite dituzun pertsonaiak?

Ibilbidea dutenak: gauzak pairatzen dituztenak, edo hazi egiten direnak, eta, horregatik, lagundu egin behar dituzunak bilakaera horretan. Ordu askoko makillatze saioak egiten ditugu, baina aktoreek gustura aritzen dira horretan, hori pertsonaia sortzeko lana delako.Aktore on batekin lan egitea sekulako plazera da.

Euskal Herrian ari dira filmak ateratzen, urte askotako lehortearen ostean. Aukerarik egongo al da industria egonkor bat sortzeko?

Pribilegiatutzat dut neure burua, pasioa lanbide bihurtzea lortu dudalako. Baina ondo dakit, bizi izan dudalako, zein zaila eta gogorra den. Hasi gara Euskal Herrian bolada on bat izaten. Hemen ez dugu telesailik, baina hemendik kanpo lan handia ematen ari dira. Prestatzen hasi behar gara. Gero eta gauza gehiago egiten ari dira hemen, eta egiten den zinema eta profesionalak oso maila handikoak dira. Denerako behar dira makillatzaile profesionalak. Nire hurrengo filmean [Soinujolearen semea] hiru garai prestatu behar ditut, eta jendea behar dut horretarako, baina ez dago. Horregatik, jendea prestatzen hasteko asmoa dugu estudioan, niri Ander eta Yul-en gertatu zitzaidanaz bestela, gazteek izan dezaten non ikasi.

La piel que habito filman (Pedro Almodovar, 2012) makillajeak sekulako garrantzia izan zuen protagonistaren zauriengatik. Nola egin zenion aurre erronkari?

Inoiz ez zitzaidan halakorik gertatu, baina, film horretarako, Pedrok [Almodovar] casting-a egin zuen: hau da, hainbat makillatzaile talde probatu zituen. Aurkeztu nuen nire egitasmoa protanisten azalerako, eta aukeratu egin ninduen. Nik egiten nituen gorputzeko zaurien orbanak, eta, gero, efektu berezietako taldearekin egiten nuen lan. Eginkizun nekeza izan zen, pintzel batekin. Izan ere, hasieran, gauza fantastiko bat egin nahi zuen Pedrok, baina, gero, eta zauri errealistagoak egiteko eskatu zuen. Behin eta berriz sortu behar izan nituen. «Bazenuen plantilla bat egiterik, polit hori», esaten zidaten lankideek pazientzia galduta.

Mereziko zizun, Goya saria eman baitzizuten lan horregatik, ezta?

Bai. Eta sariaren ondoren urtebete pasatu nuen lanik gabe. Halere, ez dakit sariarekin zerikusirik izan zuen, edo krisiarekin. Edonola ere, hurrengo urtean Exodus egin nuen, Ridley Scott zuzendariarekin.

Ridley Scotti protesta antolatu zioten lankideek Blade Runner filmatu zutenean, ez zituelakoan ondo tratatzen. Zu ondo tratatu zintuen?

Ez nuen asko ikusi. Behin, kleenex bat eskatzera etorri zitzaidan, eta oinak dar-dar nituen. Lan polita izan zen: ez dut ikusi inoiz horrenbeste baliabide, kamera... Nik esklabo egiptoarrak egiten nituen, goizeko lauretatik eguerdira arte... Halere, zorion mezuak bidaltzen zizkigun Scottek.

Esklaboak eta profetak film horretan. Zu profeta izan zinen zure herrian, 2015ean, Zinemira saria eman zizutenean?

Zelako sari goxoa. Jose Luis Rebordinosek [Zinemaldiaren zuzendaria] joateko esan zidanean, uste nuen aktore saridunen bat makillatzeko zela, adineko izarren bat, ziurrenera, makillatzaile propioa behar izateko. «Saria niri?», esan nien. «Ni makillatzailea naiz, ordea!».

Zinemagintzaren eboluzioa ikusi duzu urteetan zehar. Zertan aldatu da?

Izarkeria asko apaldu da. Gaztetan film batean aritu nintzen, Imperio Argentina, Aurora Bautista eta Ana Mariscal aktoreekin. Negatiboa oso garestia zen, eta, Argentinari lehen plano bat egin ondoren, negatiboa ateratzen zuten kameratik, eta besteei ere grabatzen zieten, filmik gabe, zeloti jar ez zitezen. Kamera ingelesa esaten zioten horri. Eskola zaharra ezagutu nuen, izarkeria eta hierarkia hura. Dena oso astuna zen.

Lasa eta Zabala egin zenuen 2014an. Nola makillatzen da torturatu bat?

Ikaragarri zaila izan zen, film zailenetako bat. Asko dokumentatu nintzen Paco Etxeberria auzi medikuarekin, baina, gero, ezin duzu torturaren errealitatea islatu, ikusleak botaka egingo lukeelako. Tortura horien neurria bilatu behar izan nuen. Uste nuen neurtu nuela, baina koinatuak esan zidan ia zorabiatu egin zela filma ikusten. Errealitatea askoz gogorragoa zen; zer jarri eta zer ez aukeratu genuen. Epaiketa ere zaila izan zen, pertsonaiak hamabi urte geroago agertzen direlako: sinesgarri egon behar dute, baina aldatuta. Iñigo Iruin abokatuarekin ere dokumentatu nintzen.

Jende askok daki makillatzaileek horrenbesteko dokumentazio lana egiten duzuela?

Askok uste dute goizean joan, makillatu, eta etxera joaten zarela. Aurreko lana izugarri garrantzitsua da. Sendagileekin hitz egiten dut, dialisi kliniketan izan naiz gaixoen besoak ikusten... Minbizia landu behar izan nuen behin, baina ez nintzen ausartu sartzen. Itxaron gelan geratu nintzen, eta emakume bat zapia buruan ikusten nuenean, aldamenean esertzen nintzen behatzera: azalaren kolorea, ilea, zapia nola jarri... Orduak pasatu nituen behatzen, diskrezio handiarekin.

Beste zer ikasi duzu auzi medikuengandik?

Baztanen gertatzen den El guardián invisible-rako, asko lagundu zidan auzi mediku batek hildako neskatoak lantzen: azala nondik hasten den ubeltzen azaldu zidan, begiak nola izango zituen... «Hori ez dut egingo», esan nion, «sekulako nazka emango duelako». Sendagileak errealitatea erakusten zidan, eta nik azaltzen nion errealitate hori nola bihurtuko nuen errealitate zinematografikoa. Sinesgarritasuna lortu nahi duzu, eta batzuetan, ez da errealitatea. Oso marra fina da, baina ez da pasatu behar.

Soinujolearen semea ari zara prestatzen orain. Hor ere, euskal gatazkaren inguruko irudiak zure bildumarako. Nola ari zara lantzen?

Oso zaila da, 1960ko hamarkada dudalako, gero 1970ekoa, eta, azkenean, 2007a. Tartean pertsonaiei gauzak gertatu zaizkie. Aktore bera aldatzen joango naiz, gaztetzen eta zahartzen. Pertsonaia bat hogei urte gazteago, eta gero hogei urte zaharrago, eta gaixorik. Hor ere torturak egongo dira, baina horretan, dagoeneko, master bat daukat. Aurrekoizpen fasean nago orain. Zuzendariarekin hitz egiten duzu, eta aktoreekin pertsonaiak lantzen hasten zara. Hori da politena, sortzaileena. Orain bukatuko nuke lana. Karpeta itxi, norbaiti eman, eta... orain zeuk egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.