PP-EAJ akordioa. Pentsio sistema

PPk eta EAJk adostu dute aurten eta 2019an pentsioak KPI adina igotzea

Etorkizuneko pentsioak gehien jaitsiko dituen aldagaia, iraunkortasun faktorea, 2019tik 2023ra atzeratuko dute. Alargun pentsioak oinarri likidagarriaren %52tik %60ra igoko dira datorren urterako

Pentsiodunen protesta Bilboko udaletxearen aurrean, apirilaren hasieran. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Iker Aranburu.
2018ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Kaleko presioak eta aritmetika parlamentarioak bultzatuta, PPk osoko zuzenketa bat egin zion atzo pentsioak txikitzeko 2013. urtean egin zuen erreformari. Ontzat hartu du etorkizuneko pentsioak jaitsiko dituen iraunkortasun faktorea lau urtez atzeratzea, eta, Gizarte Segurantzak defizit handiak izan arren, onartu du aurten eta 2019an pentsioak inflazioa adina igotzea.

Neurri horiek guztiak EAJrekin hitzartu ditu PPk, jeltzaleen babesa bilatzen ari delako Espainiaren 2018ko aurrekontuak onartzeko. EAJk ez die osoko zuzenketarik aurkeztuko aurrekontu horiei, eta beste taldeen osoko zuzenketak atzera botatzen lagunduko dio gobernuko alderdiari.

Itunak hainbat kritika jaso ditu Euskal Herrian. «Aurrekontu antisozial batzuei jarritako partxeak» iruditu zaizkio Marian Betialarrangoitia EH Bilduko diputatuari. LABek, berriz, nabarmen- du du pentsiodunen protestak «apaltzea» duela helburu itunak, eta ez duela galdutako erosteko ahalmena berreskuratzen. CCOOk esan du ituna «kalearen presioaren ondorio» izan dela, baina ez dituela «sakoneko arazoak konpontzen».

Hiru dira PPk eta EAJk pentsioei buruz hitzartutakoak, eta esan gabe doa soilik ezarriko direla baldin eta aurrekontu proiektuak aurrera egiten badu.

KPI-AREN ARABERA IGOTZEA

Hego Euskal Herrian dozenaka mila pentsiodun kalera atera dituzten gaietako bat pentsioen gaurkotzea izan da. Zehazki, azken bost urteetan %0,25 soilik igo dizkietela, PPk bere botoekin bakarrik onartutako azken erreformak finkatzen duen gutxieneko kopurua. Igoera txiki hori justifikatzeko —2,83 euro hilero Hegoaldeko batez besteko pentsioan—, Madrilgo gobernuak argudiatu du defizit handia duela Gizarte Segurantzak.

PPk eta EAJk lotutakoaren arabera, aurten eta 2019an KPI kontsumo prezioen indizearen arabera eguneratuko dira pentsioak. Atzerako eragina izango du neurri horrek, hots, urtarriletik aurrekontuak onartu arte jasotako igoeraren (%0,25) eta iazko Espainiako inflazioaren (%1,6) aldea ordainketa berezi batean jasoko dutela. Hamabost euro hileko, batez beste.

Akordioa 2018-2019 epeari soilik dagokio, eta, teorian, posible izango da 2020an %0,25eko igoerara itzultzea. Edonola ere, pentsioak eguneratzeko sistema berriak aztertzen ari da orain Toledoko Ituna —pentsioei buruz Espainiako Kongresuan dagoen talde berezia—. Herenegun arratsean zabaldu zenez, pentsioak gaurkotzeko formula berri bat adostu dute talde handiek. Inflazioa hartuko luke kontuan, baina formula konplexuago baten barruan, BPG barne produktu gordinaren bilakaera, kotizazioen egoera eta soldatak ere aintzat hartuko bailirateke.

PP-EAJ akordioak ez du indargabetuko alderdi popularrak pentsiodunen haserrea baretzeko egindako beste promesa bat: gutxieneko pentsioak eta kontribuzioarekin lotuta ez daudenak aurten %3 igotzea.

ALARGUN PENTSIOAK

Alargun pentsioak hobetzea izan da kaleko protesten beste eskaera nagusietakoa, horiek baitira, oro har, pentsiorik txikienak. Gaur egun, hildako ezkontidearen pentsioaren oinarri likidagarriaren %52 jasotzen du alargunak. PPren aurrekontu proiektuak %54ra igotzea aurreikusten zuen, baina zertxobait gehiago igoko dira EAJrekin hitzartutako zuzenketen bidez: %56ra aurten eta %60ra 2019an. Hego Euskal Herrian 164.928 lagunek jasotzen dute alargun pentsioa, 766 euro batez beste.

IRAUNKORTASUN FAKTOREA ATZERATZEA

Lehen begiratu batean arreta gutxien eragin duen PP-EAJren akordioaren puntua da iraunkortasun faktorea atzeratzea, nahiz eta hura den, ziur aski, pentsioetan eragin handiena izango duena. Izan ere, iraunkortasunfaktorea da 2013ko erreformaren gakoa, etorkizuneko pentsioak jaitsi eta sistema eramangarria izatea bermatu behar zuen aldagaia.

Haren arabera, bizi itxaropena kontuan hartuko da pentsioaren kalkulua egitean. Hau da, gero eta luzeagoa bizi itxaropena, orduan eta urte gehiagotan banatu beharko da pentsio bera. 2019ko urtarrilean zen indarrean jartzekoa, eta 2013-2017 urteetako bizi itxaropena hartu behar zuen aintzat. Luzatu zenez, hilero %0,47 gutxiago jaso behar zuten 2019tik aurrera erretiroa behar zutenek. Murrizketa hori urtetik urtera pilatuz joatekoa denez, 2020an erretiroa hartzen zutenei ia %1 jaitsi behar zitzaien pentsioa. Kalkulatu dutenez, hamar urteren buruan, pentsio berriak %7 jaitsi ahal ziren, eta %15, berriz, hogei urtean.

PPren eta EAJren arteko itunak ez du iraunkortasun faktorearen aplikazioa indargabetu, baina lau urtez atzeratu du, 2023ko urtarrilaren 1era arte. Gerta daiteke inoiz indarrean ez jartzea, baldin eta ordurako pentsio sistema berritua baldin badago. Gaur-gaurkoz, iraunkortasun faktore horrek ere ez du bermatzen sistemaren finantza oreka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.