Venezuela

Maduro estutasunean jartzeko estrategian bat egin dute hainbat estatuk eta oposizioak

Guaidok uko egin dio presidentearen elkarrizketa deiari, eta «mobilizazio handi batera» deitu du larunbaterako. «Datozen egunetan» boz «libre» batzuk egiteko eskatu dio EBk Madurori

Kristina Berasain Tristan -

2019ko urtarrilak 29
Aurrekoa bezain aste beroa izan daiteke hau Venezuelan. Nicolas Maduro presidentea estutasunean jartzeko ahaleginean beste aurrerapauso bat emango du oposizioak, eta, saiakera horretan, nazioarteko hainbat estaturen babesa izango du. Estrategia bateratua da. Tempoetan eta letretan. Juan Guaidorekin lehen minututik lerratu ziren herrialdeen zerrenda ikustea besterik ez dago horretaz ohartzeko, eta hasieran jarrera lausoagoa izan eta azken orduetan zerrendara batu direnena. Alemaniak, Erresuma Batuak, Espainiak eta Frantziak banan-banan egin dute bat eskaera berarekin. Venezuelako Gobernuak zortzi eguneko epean hauteskundeak antolatu ezean oposizioko burua presidente gisa aitortuko dutela. Europako Batasuna ildo beretik joan da; epea zehaztu ez badu ere, «datozen egunetan» hauteskunde «libreak, justuak eta sinesgarriak» egiteko eskatu dio Madurori.

Federica Mogherini EBko diplomaziaburua aurreko astean baino hertsiago aritu da orain; izan ere, haren hitzetan gaur egungo «statu quo-a jasanezina» da, eta, hortaz, «neurri gehiago» hartzeko prest agertu da «baita herrialdeko buruzagitzari buruzko auzian ere».

Guaidok aurreko asteazkenean izendatu zuen bere burua presidente, hiriburuaren ekialdean egindako agerraldi batean, oposizioaren gotorlekua den eremu aberatsaren plaza batean. Asanblea Nazionaleko presidenteak berak deitu zituen herritarrak egun horretan manifestatzera, eta, ekinaldiak izan zuen oihartzuna aintzat hartuta, aste honetan berdin egin du: aurreko asteko manifestazioa egin eta astebetera berriz kalera ateratzeko deia egin die herritarrei. Indar erakustaldi handiena, baina, datorren larunbatean egin nahi du, gobernuari ezarritako ultimatumaren bezperan. «Venezuelan eta mundu osoan mobilizazio handi bat» egitera deitu ditu herritarrak, «ohartuta gosea duen herriari ezin zaiola egunero kalera ateratzeko eskatu».

Twitterrean zabaldutako bideoan bi mezu zabaldu ditu: armadari bat —Amnistia Legea hitzeman die presidentearen kontra egiten duten militarrei—, eta gobernuari bestea —«sendagaiak eta elikagaiak» sartzen uzteko—. VP Herriaren Borondatea alderdiko buruzagiak protestak baketsuak izango direla hitzeman du; herriari eta nazioarteari begira bidalitako hirugarren mezua. The Guardian egunkariari emandako elkarrizketan haratago joan da, «lana azkendu» nahi duela esanez. Venezuelak, haren ustez, «kaosa atzean uzteko aukera paregabea» dauka.

Elkarrizketarako deia

Madurok egindako elkarrizketa deiari, berriz, uko egin dio. Aurreko asteko gertakarien ostetik hori izan baita gobernuak behin eta berriz helarazi duen eskaintza; negoziazioarena. Madurok berak adierazi zuen krisi politikotik irteteko hitz egiteko prest dagoela: «Elkarrizketarako prest nago, bakean sinesten dudalako. Hitzeko gizona naiz, eta bidea elkarrizketa da, hitza, diplomazia». Bozetara deitzeko estatu kideek emandako ultimatumaz, berriz, irmoa izan da: «Ozarkeria da». Bozak egiteko jarritako epea ez duela beteko iragarri du Madurok: «Inork ezin digu horrelako ultimatumik jarri. Norbaitek nahi badu herrialdetik joan, joan dadila». Europa «akats bat» egiten ari dela uste du presidenteak.

Jorge Arreaza Atzerri ministroa bide berean mintzatu da, eta adierazi du chavismoak «25 hauteskunde libre eta garden» egin dituela hogei urtean. Haren hitzetan, «paradoxikoa» da herritarrek aukeratu ez dituzten gobernuek hauteskundeak egiteko eskatzen aritzea. Arreazak esan du komunikazioa beti egon dela eta «badagoela», aurretik ere oposizioarekin negoziatu dutela: «Abenduan akordio bat lortzekotan egon ginen. Asanblea Nazionala berriz martxan jartzea proposatzen zen, alde guztien adostasunez, eta azkenean atzera egin zuten». AEBetako Estatu idazkaritza eta eskuin muturra egin ditu ministroak porrot egin izanaren erantzule.

Limako Taldea izan da, orobat, negoziazioak trabatzen aritu dena. Kanadak, ildo horretan, premiazko bilera batera deitu du erakundea heldu den otsailaren 4rako, Ottawan. Chrystia Freeland Atzerri ministroak, baina, elkarrizketa horren asmoa zein den zehaztu du: «Juan Guaido behin-behineko presidenteari beharrezko babesa emateko balioko du». AEBen ostean oposizioarekin lerratutako bigarren estatua izan zen Kanada.