Iker Aranburu.
Salneurrien garestitzea. Inflazioa. ANALISIA

Zer egingo du EBZk? Ezer ere ez

2021eko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Banku zentralen hamar mandamentuetan lehenengoa hau da: inflazioa handitzen denean, interes tasak handitu behar dira, ekonomia pixka bat hoztu eta prezioak kontrolpean mantentzeko. Lehen estimazioen arabera, urrian inflazioa %4,1era iritsi zenez eurogunean, pentsa liteke diruaren prezioa igotzeko ordua jada hemen dagoela. Bada, ez. Interes tasa ofiziala %0 da, eta, ustekaberik ezean, hala jarraituko du aldi nahiko luze baterako. Analisten arteko apustua ez da hurrengo hilabeteetan igoko ote duten, baizik eta igoera 2022an iritsiko ote den. Eta oraingoz dirua mugimendu ezezkoaren aldekoa da.

Zergatik? Christine Lagarde presidentea eta EBZko beste kide gehienak aspertu arte esaten ari dira prezioen igoera aldi labur baterako dela, gas garestia dela arrazoi nagusia, eta 2022aren amaieran %2 inguruko maila onargarrira itzuliko dela. Onartuta ere sukarra uste baino gehiago irauteko itxura hartzen ari dela, «pazientzia» eskatzen ari da EBZ, «gehiegizko erreakzioa ez izatea», Phillip Lane banku zentraleko ekonomisten buruak aste honetan esan duenez. Lanek eta EBZko oraingo buruek gogoan dute 2011n gertatutakoa: Jean Claude Tricheten gidaritzapean, EBZk diruaren prezioa igo zuen, zorraren krisia lehertzen ari zela. Emaitza desastre hutsa izan zen, eta berehala zuzendu behar izan zuten. Oraingo taldeak ez du akatsa errepikatu nahi, are gehiago pentsatuko duelako interes tasak igotzeak ziur aski ez duela eraginkortasun handirik izango energiaren prezioa jaisteko.

Baina interes tasak ez ukitzeak ez du esan nahi EBZn ez dagoela kezkarik. Azken bileran, urrikoan, «inflazioa, inflazioa, inflazioa» izan zen gaia, Lagardek baieztatu zuenez. Baina energiaren garestitzea bainoago, banku zentralaren kezka nagusia da inflazio handia soldata igoera handia bilakatzea, uste baitu horrek inflazioaren sorgin gurpila elikatuko lukeela, bere burua elikatzen duen prozesu bat. «Garrantzitsua da soldatei buruzko negoziazioek bizitzaren kostua kontuan hartzea, baina baita lan kostuen igoera jasanezinak eragoztea ere», Laneren esanetan. Kezka ulergarria da, batez ere enpresa asko ahul daudelako pandemiaren eraginez , baina ez da kezka txikiagoa aurten beren erosteko ahalmenaren galera handia izango duten herritarrena. Baliteke negoziazio kolektibo gogorra izatea datorren urtean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.