KRONOLOGIA

Ekaineko hautaprobak, Barakaldoko BECen. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
2018ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Maiatzak 12-26. Auzitan dauden espezialitateetako azterketak egin zituzten. 96.000 pertsonak baino gehiagok eman zuten izena, 3.335 lanpostu betetzeko.

Ekainak 4. Elkarrekin Podemosek eta ESK sindikatuak maiatzaren 11n —azterketa egin aurretik— notario aurrean erregistratutako «kiniela» bat erakutsi zuten. Anestesiologiako proba gaindituko zuten hiru pertsonen izenak agertzen ziren, eta asmatu zuten. Filtrazioak iradoki zitzaketen datu gehiago irten ziren argitara; noten arteko alde handiak, tartean. EH Bilduk eta LABek adierazi zuten susmoa espezialitate gehiagotan zutela.

Ekainak 6. Maria Jesus Mujika Osakidetzako zuzendari nagusiak iragarri zuen hiru espezialitateko probak behin-behinean geldiaraziko zituztela. Azterketak Oviedoko (Asturias, Espainia) Unibertsitateko aditu bati bidali zizkioten, berrikusteko.

Ekainak 8. Jon Darpon Osasun sailburuak agerraldia egin zuen; Elkarrekin Podemosi «etika falta» egotzi zion irregulartasunak «aurrez jakinda» ez saihesteagatik.

Uztailak 11. Hiru espezialitateetako —Kardiologia, Anestesia eta Angiologia— probak urte amaieran berriz egingo dituztela iragarri zuen Mujikak. Oviedoko Unibertsitateko adituak «zuzenketetan akatsak» atzeman zituztela argudiatu zuten; sindikatuek zalantzan jarri zuten bertsio hori.

Uztailak 19. Legebiltzarreko alderdi guztiek erregistratutako eskaeren ondotik, Darponek, Mujikak eta Juan Carlos Soto Osakidetzako Giza Baliabideetarako zuzendariak agerraldia egin zuten Osasun Batzordearen aurrean, eta beste lau diziplinatako oposizioak ikertuko dituztela iragarri zuten.

Uztailak 24. Osakidetzak ikerketapeko hiru probak errepikatzeko ebazpena argitaratu zuen.

Abuztuak 1. EH Bilduk eta ESK-k azterketen errepikapena geldiarazteko eskatu zuen, fiskaltzak auzia ikertu artean.

Abuztuak 31. ESK sindikatuak errekurtso bat aurkeztu zuen azterketak errepikatzeko Osakidetzaren erabakiaren aurka.

Irailak 11-12. ELA eta ESK sindikatuak Arartekoarekin bildu ziren. Osakidetzan «hautaketa sistema ustel oso bat» dagoela salatu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.