Kataluniako prozesu subiranista. Epaiketaren hasiera

Izaera bat nozitzeko neurriak

«Segurtasuna» bermatze aldera, Polizia operatibo itogarria ezarri du Espainiako Estatuak Auzitegi Gorenaren inguruan. Horrek akusatuen senideei, Kataluniako zein Euskal Herriko ordezkari politiko independentistei, kazetariei, eta herritarrei eragin die. Gertatutakoa salatu dute alde guztiek.
Auzipetuen aldeko mobilizazioa bat, <em>Erabakitzea ez da delitua</em> lelopean, atzo, Madrilen. Pankartari eusten daude Torra —eskuinetik bosgarrena— eta Torrent —eskuinetik seigarrena—.
Auzipetuen aldeko mobilizazioa bat, Erabakitzea ez da delitua lelopean, atzo, Madrilen. Pankartari eusten daude Torra —eskuinetik bosgarrena— eta Torrent —eskuinetik seigarrena—. RODRIGO JIMENEZ / EFE

Igor Susaeta - Berriemaile berezia

2019ko otsailak 13
Segurtasunaren izenean Espainiako Estatuak epaiketarako hartutako neurriei erreparatuta, «estatu polizial batean» ote zegoen galdetzen zion bere buruari Kataluniako alderdi subiranista bateko prentsa zerbitzuko kide batek, atzo, Madrilen, Auzitegi Gorenaren inguruan noraezean zebilen bitartean. Kongresuko euskal ordezkari eskarmentudun bat, ordea, ez zegoen harrituta. «This is Spain [Hau da Espainia]. Horrela adierazten dizute beren izaera». Eta, buruzagi subiranisten aurkako epaiketaren estreinako egunean, izateko modu hori bete-betean nozitu behar izan zuten akusatuen senideek, politikari independentista katalan zein euskal herritarrek, kazetariek, baita Madrilgo herritar soilek ere. Polizia operatibo itogarria diseinatu zuen estatuak, eta Gorenaren eraikinaren inguruko bazter bakoitza kontrolatzeko agindu zien hamaika agenteri, «segurtasuna» deitzen diotena bermatzeko helburuarekin.

Beste aspektu batzuetan, aldiz, ez zuen hain arretatsu jokatu estatuak. Bazekien akreditatutako kazetarien kopurua oso handia zela 600 bat, baina horietako batzuk epaiketa hasita zegoela sartu ziren auzitegiko prentsa aretora, 10:30 inguruan. Gorenak atzo ireki zuen akreditazioak jasotzeko bulegoa, 08:00etan, eta horiek banatzeko prozesua motela eta, gainera, aldrebesa izan zen oso.



Kazetari batzuk 07:00etarako joan ziren General Castaños kalean ilara egitera. Publiko moduan epaiketara sartu nahi zutenak ere han zeuden, eta, hasieran, ilara bakarra egin zuten denek. 08:00 inguru zirenean, akusatuak Guardia Zibilaren furgonetetan iristen hasi zirenean eman zuen bi ilara egiteko agindua Espainiako Poliziako agente batek. «Egia konta ezazue!», oihu egin zien kazetariei, bi aldiz, publiko moduan sartzeko asmoa zeukan emakumezko batek.

Jon Iñarritu EH Bilduko senatariak salatu zuenez, bistaren aretora «entzule gisa» sartu ziren 40 pertsonetatik «gehienak» Vox alderdiaren «militanteak edo jarraitzaileak» dira. Ilaran zeudenen artean, konpainiarik gabe zegoen erretiroa hartutako gizonezko gorbatadun bat. Dramarik egin gabe mintzatu zen. «Ezin banaiz sartu, paseatzera joango naiz». Egiazki, egun ederra, ezin naturalagoa egin zuen atzo Madrilen. Bi emakumezkok, bestalde, «normaltzat» zituzten beren buruak, eta epaiketa «historikoa» iruditzen zaielako zeuden han. Rey Juan Carlos Unibertsitatean zuzenbidea ikasten ari diren 18-21 urteko lau ikaslek «ikasteko» ikusi nahi zuten epaiketa bertatik bertara.

40ri egin zieten tokia atzo —ilara ez zen oso luzea, eta ez ziren askorik izan kanpoan geratu zirenak, baina goizeko saiora 23 sartu ahal izan ziren soilik, epaiketaren hasierak onartutako guztien tramiteak bukatu gabe harrapatu zituelako Goreneko funtzionarioak.

Eraikinetik kanpo, berriz, bestelako zorroztasuna erakutsi zuen estatuak. Gorenetik bost bat minutuko distantziara, Recoletos pasealekuko izkina batean, elkarretaratze batera deitu zuten ANC Biltzar Nazional Katalanak eta Omnium Culturalek, 08:45ean. Behin jendea bildu zela ikusi ondoren, poliziek hesitu egin zuten pasealekuko eremu hori, eta kazetariek hamaika azalpen eman behar izan zizkieten elkarretaratzearekin bat egin eta gertatzen ari zena kontatu ahal izateko.

Epaiketa bera salatzeko eta akusatuei berotasuna adierazteko deitu zuten. Elisenda Paluzie ANCko presidentearen eta Marcel Mauri Omniumeko presidenteordearen ondoan izan ziren Quim Torra Kataluniako Generalitateko presidentea; Roger Torrent Kataluniako Parlamentukoa; Eduard Pujol JxC Junts per Catalunyako ordezkaria; Carles Campuzano eta David Bonvehi PDeCAT Alderdi Demokrata Europar Katalanekoak; Joan Tarda, Marta Vilalta eta Gabriel Rufian ERC Esquerra Republicanakoak; baita Vidal Aragones CUPekoa ere. Han zegoen, gainera, Angel Oiarbide Gure Esku Dago-ko bozeramailea.

Madrildarrek osatutako bospasei laguneko talde bat haiekin guztiekin zegoen, Decidir no es delito (Erabakitzea ez da delitua) idatzita zeukan pankarta baten atzean. Aitortu zutenez, Madrilen ez da «erraza» Espainiako alderdi unionistek auziaz duten iritziaren kontrako jarrera bat edukitzea, eta, gainera, hori azaltzea. Ez dute, ordea, «heroitzat» euren burua. «Zentzugabekeria bat da epaiketa hau, fartsa bat». Autoak ondotik pasatzen ari ziren, eta gidariren batek elkarretaratzean bildutakoak iraindu zituen. «Badakizu, inperioaren hiriburuan gaude...», bota zuen pankartari eusten ziotenetako batek.



Albano Dante Fachin Podemeko idazkari nagusia izan zena Twitterreko eztabaida batean nahastuta zegoen, han inguruan. «Zertarako miatzen digute motxila?», kexatu zen, gero, polizia bati begiratzen zion bitartean. «Batzartzeko eskubidea debekatuta dago, ala?». Rufian hurbildu zitzaion, eta Podemeko liderra zenak esan zion, baietz, Oriol Junquerasen senideak zailtasunak zituztela Gorenera sartzeko. «Die Linkeko bi diputaturen aurrean [Alemaniako alderdi politiko bat da] ari da polizia hori egiten». Iñarritu EH Bildukoaren arabera, poliziek senideei esan zieten aretoa beteta zegoela, ez zela haientzako lekurik.

Psikologia kontuak

ERCko iturriek BERRIAri adierazi ziotenez, «ezegonkortze psikologikorako estrategia bat» izan zen atzo estatuak plazaratu zuena. Pere Aragones Generalitateko presidenteordeak ere lanak izan zituen Poliziaren kontroletako bat igarotzeko. «Ordu laurden eduki gaituzte bazter batean. Poliziek esaten ziguten bazekitela nor zen Aragones, baina...». Antzeko zerbait gertatu zitzaion Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkideari, nahiz eta hark ere bazuen aurrera eta atzera ibiltzeko baimena.

Kataluniako elkarte zibil subiranistek antolatutako mobilizazioari ehun bat lagun ez zioten Gorenaren eraikinaren pareko zabalgunera, Villa de Paris plazara sartzen utzi. Bidean, Falangeko hiru dozena lagunekin topo egin zuten. Poliziaren agenteak bi mobilizazioen erdian zirela, eskuin muturrekoek iraindu egin zituzten erabakitzeko eskubidearen aldekoak: «Putasemeak!»; «Terroristak!»; «Rufian, alua, Espainia da zure nazioa!». Madrilen bizi diren asaldatutako bi bartzelonar guztiz ados zeuden oihukatutakoarekin. «Nazionalismoak gaitz bat dira gizartean», aldarrikatu zuten. Ondoan zituztenak Espainiako banderak astintzen ari ziren, ordea... «Baina espainiarrok esaten dugu besteak baino gehiago garela? Supremazistak gara?».

Falangekoekin ideologikoki behintzat bat egiten duten Hogar Social Madrid eskuin muturreko hiruzpalau kidek Poliziaren kontrolak saihestu zituzten. Ez dago argi nola egin zuten, baina, pankarta eta guzti, Villa de Paris plazara iritsi ziren, zabaldu zuten pankarta, eta «Ez gaituzte engainatzen, Katalunia Espainia da!» oihukatu zuten hiruzpalau aldiz. Zenbait polizia agentek korrika jo zuten haiengana, pankarta itxi zuten, eta zabalgunetik kanpo bidali zituzten militante ultrak. ANCkoei eta Omniumekoei ez bezala, espetxeetako funtzionarioen manifestazio bati Gorenaren parera heltzen utzi zioten eguerdi aldera.

Herritar soilen kexak

Polizia operatiboak hamaika madrildarren egunerokoari eragin zion. Gorenaren inguruan askotan errepikatu zen elkarrizketa hau. «Baina lanera joan beharra daukat», herritarrak. «Ezin zara hemendik pasatu», poliziak. «Baina... orduan?», herritarrak. Horietako bat jatetxe batera sartu zen, eta hango zerbitzari bati azaldu zion gertatu berri zitzaiona. «Katalan horien errua da...», bota zuen zerbitzariak. «Ez, ez, ez da haien errua», erantzun zion herritarrak.

Libertad (Askatasuna) izeneko kalea ez dago Gorenaren egoitzatik oso urrun; bost bat minutura ere ez oinez. Chueca auzoaren bihotzean dago, eta Chueca, hain zuzen ere, leku esanguratsua da LGTBIentzat; toki friendly bat komunitate horrentzat. Gorenaren eraikinak bizkarra ematen dio auzoari, eta, atzo, ingurune guztira hedatu zen askatasun gabeziaren sentipena. Horren ordez, izaera jakin bat erakusteko estatuak egindako ahaleginak blaitu zituen kaleak; baita Libertad izenekoa ere.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna