Mercosur-EB ituna, Bolsonaro estutzeko bidea?

Irune Lasa.
2019ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Amazoniako hondamendiaren harira, Jair Bolsonaro Brasilgo presidente ahoberoa latzak esaten ari da egunotan, baina entzun ere, gero eta hitz gogorragoak entzuten ari da, batez ere Europatik. Gehiago ere bai: Emmanuel Macron Frantziako presidenteak Osakako G20ko bileran «gezurretan» aritu izan leporatu zion atzo Bolsonarori. Macronek leporatu zion Japonian adostutako ingurumenari buruzko konpromisoak izenpetu bai, baina ez dituela bete. Macron, hala ere, ez zen salaketara mugatu; mehatxu garbia egin zuen, esanez «baldintza hauetan» bere herrialdeak ez duela Mercosurren eta EB Europako Batasunaren arteko merkataritza itunaren alde bozkatuko.

Hogei urteko negoziazioen ondoren, joan den ekainaren amaieran hitzartu zen Mercosurreko herrialdeen —Argentina, Brasil, Paraguai eta Uruguai— eta EBren artean merkataritza areagotzeko akordioa. Itunak klima larrialdiari aurre egiteko Parisko Akordioa betetzea jasotzen du, baita beste hainbat baldintza ere, ingurumenari lotuak —eta, zehazki, deforestazioari—.

Irlanda ere bai

Horiekin, besteak beste, ingurumen dumping-a saihestu nahi da; hots, Hego Amerikatik Europara iritsiko diren nekazaritza produktuak ez daitezela izan lehiakorragoak basoak erauztearen eta naturaguneak kutsatzearen kontura, aldi berean Europako nekazariek ingurumen baldintza zorrotzak bete behar dituztenean.

Mercosurren eta EBren arteko ituna oraindik onartua izateko prozesuan da, eta batasuneko herrialdeen onespena behar du, besteak beste. Ez da Frantzia izan orain ituna kolokan jarri duen herrialde bakarra. Irlandako gobernuburu Leo Varadkarrek ere esan du ez duela merkataritza hitzarmena babestuko «Brasilek ez badie ingurune konpromisoei ohore egiten». «Bi urte geratzen dira Europak Mercosurren akordioa bozkatu arte», esan zuen ostegunean Varadkarrek. «Bitarte horretan, zorrotz behatuko dugu zer egiten duen Brasilek ingurumenarekin».

Europako Batzordearen eledun Mira Andreevak ere hizpide izan zituen atzo Mercosurren eta EBren arteko akordioa, eta Brasil. Haren ustez, «merkataritza itunak ezin ditu arazo guztiak konpondu, baina ingurumen estandarrak betearazteko dugun tresnarik onena da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.