Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Politika Diseinu politiko, instituzional eta sozial bat eskatu du kolektiboak

Publizitatea

Politika

Euskal presoak. EPPKren eztabaidako ondorioen txostena

Diseinu politiko, instituzional eta sozial bat eskatu du kolektiboak

EPPK-k uste du ez dela nahikoa izango bere ildo juridikoaren garapena. Eragileekin dinamizatzaile lanak egiten ari da Foro Soziala

2017-07-16 / Enekoitz Esnaola

ETAk 2011ko urrian jarduera armatua betiko bukatutzat emateak egoera politiko eta sozial berria zabaldu zuen Euskal Herrian, baina sei urte beteko dira erabaki historiko hartatik eta oraindik ere Hegoaldeko eragileen artean ez da nahikoa konfiantza euskal presoen auziaren aurrerabiderako. Ari dira pixkanaka harreman batzuk josten. Foro Sozial Iraunkorra ari da izaten zubilan eta konfiantza ereite horren dinamizatzaile nagusia. ETAren armagabetzeak ere jarri du alerik; eragile sindikal batek esaten duen legez, «egoera berria egonkortuta» dago ordutik —apirilak 8—, eta ia denek irizten diote badela garaia espetxe eremuan aurrera egiteko. EPPK-k legedi arruntaren bideari jarraitzea ere lagungarri izan daiteke, guztien arabera, baina kolektiboak eskatu du ildo berria «diseinu politiko, instituzional eta sozialarekin lagundu» behar dela, «aukerak zabaltzeko».

Izan ere, Euskal Preso Politikoen Kolektiboak ondorioen txostenean dio ETAk jarduera armatua amaitu arren Espainiako eta Frantziako estatuen jarrera «gotortu» egin dela, eta bion «krudelkeria» eta «mendeku grina» gaitzetsi ditu. Ondorioz, EPPK-k ohartarazi du ez dela nahikoa izango bere kideen ildo juridikoaren garapena, beharko dela gizartearen bultzada ere. «Ildo judizial hau ez da etxeratzeko estrategia eraginkorraren osagai bakarra».

Ipar Euskal Herrian badago diseinu bat: Bakegileena. Hor dira hautetsiak, sindikalistak, gizarte erakundeetakoak... Artikulatua dute mugimendua —armagabetze prozesuak azkartu egin zuen—, eta joan den astelehenean Parisen izan ziren, presoen auziaren irtenbidea sustatzeko bilerak egiten hainbat eragilerekin. Kontua apalago dago Hego Euskal Herrian. Gainera, elkarlan bat izatekotan, ez da berdina izango, denek aitortzen dutenez. Desberdinak baitira ETAren indarkeriak eta Madrilen errepresioak utzitako ondorioak, elkarbizitzaren kalterako. Espetxe eskumeneko programak eta Espetxe Zaintzako eskaerak EAEtik eta Nafarroatik bideratzeko aukera egoteak ere egiten du egoera desberdin.

Gehiengoa zabaldu

Foro Sozialak uste du helmugarako bidean «beheko kanpalekua gorago» dagoela orain, eta badaudela «adostasunerako baldintzak». Komunikazio bideak irekiak ditu alderdi politikoekin —tartean, PPrekin, harreman ahulagoa duen arren— eta sindikatuekin, eta guztien arteko «elkarrizketa bateratzailea eta zeharkakoa» bilatuko du. Larri gaixorik diren presoak askatzea eta urrunketa amaitzea «premiazko» neurritzat jo ditu foroak. Orain dela bi aste Eusko Legebiltzarrean EAJk, EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PSE-EEk erdibideko zuzenketa bat adostu zuten gaixotasun larriak eta sendaezinak dituzten euskal presoen askatasuna eskatzeko. Handik egun batzuetara, Bilbon agerraldi bat eginda, eskaerari sostengua eman zioten ELAk, LABek, EAEko UGTk eta beste sindikatu txikiago batzuek, eta erkidegoko CCOO ados azaldu zen ohar baten bidez. Beraz, Foro Sozialaren arabera, euskal presoen aterabide baterako gehiengoa zabaldu egin da. Eta urrats gehiagoren bila doa.

Orain dela bi aste, eztabaidako emaitzak emateko agirian, EPPK-k aitortu zuen «indar politiko eta sozialak gero eta gogotsuago» ari direla «presoen eskubideen alde ekinean». Ondorioen txostenean berebiziko garrantzia eman dio presoek herritarrekin eta eragileekin hartu-emana izateari eta haien babesa jasotzeari. «Eragileen ekinbideen babesle, laguntzaile eta lankide izango gara».

Publizitatea

Sortu kontua
Enekoitz Esnaola Enekoitz Esnaola

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak