Zubietako espetxearen proiektua bertan behera utzi asmo du Madrilek

Lehen eta bigarren graduko presoak Zaballara (Araba) eramango lituzkete, eta gizarteratze zentro bat eraikiko lukete Zubietan

Martuteneko espetxea «aurki» eraitsiko dute. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Erredakzioa
Donostia
2018ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Agi denez, bertan behera geratuko da Zubietan (Gipuzkoa) eraikitzekoak ziren espetxea. Donostiako Udalaren eta Espainiako Gobernuaren arteko negoziazioetan «begi onez» ikusi dute erabaki hori, Eneko Goia Donostiako alkateak azaldu duenez. Erabakia oraindik ez da irmoa, ezta ofiziala ere, baina udalak isilpean jakinarazi die albistea komunikabideei. Iturri horien arabera, Martuteneko kartzela «aurki» eraitsiko lukete, baina haren ordez ez lukete Zubietako presondegia eraikiko,gizarteratzeko zentro «txiki» bat baizik.

Zentro horretan, hirugarren graduko presoak geratuko lirateke —gaur egun, Martutenen daudenen herenak—, egunez lanera edo ikastera ateratzeko baimena dutenak eta menpekotasunen aurkako tratamenduak jasotzen dituztenak. Gainerako presoak—lehen eta bigarren gradukoak— Zaballako espetxera (Araba) eramango lituzkete. Presoekin lan egiten duten abokatu eta elkarte batzuek kezka agertua dute, horrek kasu askotan bide luzeagoa eginaraziko liekeelako familiei. Zaballako espetxea duela zazpi urte zabaldu zuten, eta mila pertsonarentzako tokia du; gaur egun, 700 preso inguru daude barruan. Martutenetik, 200 inguru eramango lituzkete.

Auzo berriaren erdian

«Badago diru sail bat espetxea eraikitzeko, eta horixe bera gizarteratzeko zentroa eraikitzeko erabiltzea bezain erraza da kontua», azaldu du Goiak: «Hura, gainera, merkeagoa izango da; beraz, aurrekontua nahikoa eta sobera izango da». Martutene auzoaren hiri garapenaren izenean ere justifikatu du erabakia: Txomin izeneko auzune berria eraikitzen ari dira han, eta espetxe zaharra—70 urte ditu Martutenekoak—aurki geratuko da hainbat solairutako etxebizitza blokez eta babes ofizialeko etxe berriz inguratuta. «Urrian, jendea hasiko da auzo horretan bizitzen, eta, hiri garapenaren ikuspegitik, garrantzitsuena da espetxea hortik desagertzea», esan du Goiak EITBn egindako adierazpenetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.