Noiz sortua: 2018-04-28 00:30:00

ANALISIA

Josef K eta terrorea

Auzipetuak, Espainiako Auzitegi Nazionalean, epaiketako lehenengo egunean.
Auzipetuak, Espainiako Auzitegi Nazionalean, epaiketako lehenengo egunean. J. DANAE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Joxerra Senar -

2018ko apirilak 28
Altsasuko auzi guztiak eta epaiketak berak Kafkaren Der Prozess (Prozesua, euskaraz) eleberriaren tankera hartu du. San Fernando de Henaresko eraikinaren arkitektura hertsiak, gotorleku itxurak, egunero gogorarazi du tranpa batean erori izanaren irudipena. Epaiketa azken txanpan sartu da, eta datorren ostegunerako defentsako abokatuen txanda helduko da, baina akusazioaren ondorioek ahoan utzitako zapore garratza ezin da ezabatu. Zalantzarik erakutsi gabe, erabateko ziurtasunarekin, atzerantz pausorik txikiena eman aurretik, legearen inperioa bere gordintasunean erabiltzeko gertu daude. Hala eskatu diote epaimahaiari. Eta haiei begira, haiei entzunez, zortzi gazte. Eleberriko Josef K. banku langilearen antzera, labirinto judizial batean harrapatuta, atzean ezkutatzen diren hariak ulertu ezinik.

Epaiketak erakutsi du dena ETA da erabiltzen jarraitu nahi dutela. ETArik gabe ere. Esperimentu horren laborategi bihurtu dute Altsasu. Urriaren 15eko gertaeren ostean, norbaitek botoi politiko hori sakatu zuen. Istilu hura errentagarri atera zitekeela kalkulatu zuen: lehenik, etor daitekeen eztabaida baldintzatu nahirik, desmilitarizazioaren aldarrikapen politikoa kriminalizatu du; non eta, Ospa Egunen bidez, oihu hori modu ozenean egin duen herrian. Bigarrenik, aurrekari arriskutsua ezarriz, gizarteari ohartarazpena igorri dio, eta, aurretik zein ondoren etorri diren beste auzi batzuk gehituta, argi dago esaneko eta otzan nahi dituela herritarrak. Hirugarrenik, modu apalagoan bada ere, Nafarroan aldaketa zipriztintzeko erabil zitekeen auzia.

Bultzada politiko horren gainean eraiki da dena. Eta, horretarako, beharrezkoa zen, estatuaren makineria aktibatuz, Altsasuko gertaeren kontakizuna puztea. Horixe islatu da epaiketan. Guardia zibil tenienteak eta Maria Jose Naranjo bikotekideak esan zuten «20-25 lagunek» Koxka barruan zein kanpoan jipoitu zituztela. Sarjentuak, berriz, tabernan «bospasei» zirela zabaldu zuen. Bi guardia zibilek «bizitza arriskuan» ikusi zutela deklaratu dute.

Epaiketan, bi kontakizun jarri dira aurrez aurre, baina diferentzia handi batekin: akusazioari dagokio frogatzea auzipetuen erruduntasuna, eta ez alderantziz. Eta, ikusitakoaren arabera, ez dute froga ukigarri bakarra aurkeztu. Bakarrik euren hitza. Hartara, akusazioaren helburua lekukotza horri sinesgarritasuna ematea izan da. Lehenik, guardia zibilak direlako. Bigarrenik, biktimak direlako, «terrorismoaren biktima».

Hain zuzen ere, puzte horrek kentzen dio sinesgarritasun oro. Adibidez, laguntzarik jaso ez zutela adierazi bazuten ere, Kenneth Bergara Paulette lekukoak baieztatu zuen eurak laguntzen eta dena baretzen ahalegindu zirela. Dena den, batez ere, euren lesioek hitz egin dute. Izan ere, kontakizun hori entzunda, euren gorputzetan islatu beharko litzateke indarkeriaren tamaina. Lesiorik larriena tenienteak izan zuen (orkatilan bi hezurren haustura). Gainerakoan, ukabilkada batek eragindako zauria ezpainean. Hiru astera egindako azterketan, sarjentuak eta bikotekideak ubeldura bana eta uzkurdurak zituzten. Naranjoren kasuan, lesio fisikorik ez. Bi auzitegi medikuren arabera, lesio horiek «bateragarri» dira kontakizunarekin; aldiz, beste bi medikuk justu kontrakoa adierazi dute. Orkatilaren haustura bera makurdura handi baten ondorioz izan zela diote.

Eta gero, Iñaki Abaden bideoa dago. Han ikus daitekeenez, sarjentuak ez du urraturik kamisetan; ez du zapata arrastorik, foruzainetako batek esan bezala; fisikoki oso indartsua da (horregatik, haren pasarte batzuk zalantzagarriak dira); ordurako foruzainen babespean izan arren, auzipetuetako hiru ez ditu identifikatzen; eta bideoak Abaden kontakizuna berresten du (sarjentuak sakelakoa lurrera bota ziola, kasurako). Fiskalak manipulatua izan den susmoa zabaldu nahi izan du, baina Bel Pozuetak berak gogorarazi du bideoaren metadatuak eskura jarri nahi dituztela halakorik gertatu ez dela egiaztatzeko.

Dena den, gertaerez harago, terrorismora heltzeko Guardia Zibilak zein fiskalak emandako jauzi hirukoitzean datza gakoa. ETAtik hasi eta gertaeretarainoko bidean, tesi oso bat eraikitzen da terrorismoa dagoela justifikatzeko... frogarik erakutsi gabe. Hala ere, tesiari bakarrik helduta, ahulguneak ditu, onartzen baitu, euren terminologia erabiliz, «intentsitate apaleko terrorismoko» azken indarkeria kasua 2008an izan zela Altsasun. Bestalde, 2011n ETAk jarduera armatua behin betiko utzi zuen. Zulo handi hori estali nahirik, fiskalak justifikatu du segurtasun indarrak kanporatzeko helburuak indarrean jarraitzen duela, eta Altsasun «mehatxu bidez» aurrera eraman dela. Mehatxu horien artean, Ospa Egunak edo pankartak aipatzen dituzte, baina jarraian onartu dute ez zutela legez kanpoko ezer topatu.

ETArik gabeko testuinguru politiko baten atarian, terrorismo delitua nahieran erabiltzeko prest daudela erakutsi dute fiskalak eta, haren atzetik, akusazioko gainerako ordezkariek. Ez dute atzerapauso bakarra eman. Ezin jakin epaimahaiak zer egingo duen (eskubideen bermeen alde egin, edo orain arteko bidean aurrera egin), baina auzi honek guztiak Zuzenbide Estatu deritzon horretan arrakala handi bat azaleratu du. Tamalez, arrakala horrek zortzi gazte irents ditzake.

Indarkeria erlatibizatuz, estatuko ordezkari esanguratsuenek halako prozesu judizial bat eraiki nahi izateak eragiten du izua. Edo, fiskala aipatuz, «terrorea». Neurrigabekeria judiziala oso bortitza izan daitekeelako. Kafkak ondo islatu zuen bezala.

Albiste gehiago

Martxoaren 28an eguneratua, 14:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 6.987 gaixok eman dute positibo koronabirusaren proba eginda, administrazioen arabera. 312 hil dira. COVID-19 gaitza izandako 988 pertsonari eman diete alta. Grafikoak, albiste barruan.

Jolas parkeak duela bi aste itxi zituzten. Irudian, horietako bat Donostian. / ©Gorka Rubio, Foku

EAJk harridura agertu du, eta EH Bildurentzat berandu dator erabakia

Berria

Confebaskek gaitzetsi egin du "funtsezkoa ez den jarduera oro" geratzeko erabakia. ELAk eta LABek ontzat jo dute, baina orduak errekuperatzera behartuta, ondorioak langileen bizkar geratuko direla salatu dute.

Langile batzuk lanean, joan den astean, Hernaniko lantegi batean. ©J. URBE / FOKU

Konfinamendu osoa bihartik, Hegoaldean

Jokin Sagarzazu

Madrilek eten egin ditu funtsezkoak ez diren jarduera guztiak, bihartik apirilaren 9ra. Langileek ohiko soldata jasoko dute, eta lanorduak gero egingo dituzte.

Nekazaritza da itxialditik salbuetsitako funtsezko jardueretako bat. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Zeintzuk dira «funtsezko jarduerak»?

Ion Orzaiz

Elikagaien ekoizpenak, lehengaien garraioak, hedabideek eta osasun zerbitzuek orain arte bezala segituko dute apirilaren 9ra arte.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna