Iker Martinez de Lagos. Euskaltzaleen Topaguneko kidea

«Zubiak behar dira gure errealitate bera ez dutenekin hitz egiteko»

Euskaldunak beste komunitateetan nola ikusten dituzten jakiteko eta guztien bizikidetzaz aritzeko, Zubideiak egitasmoa antolatu dute hainbat eragilek. «Funtsezko» ariketa da, Martinez de Lagosen ustez.
BERRIA

Maialen Belarra -

2016ko maiatzak 6
Euskara, kultur aniztasuna eta herritar guztien arteko bizikidetza landuko dituzte bihar EHUren Leioako Campusean (Bizkaia) Zubideiak gizarte elkarrizketan. Gizarteko «ahots guztiak» entzun eta ekarpenak bildu nahi dituztela baieztatu du Iker Martinez de Lagos (Bilbo, 1976) Euskaltzaleen Topaguneko kideak; gizarte eredu berriak «elkarlanean» eraikitzea nahi dute. Euskaldunei zein ez direnei egin diete gonbita, aniztasunaren lagin erreal bat lortze aldera. Hogei eragile baino gehiagok sustatu dute egitasmoa.

Zer da Zubideiak?

Gizarte esperimentu bat; lehen aldiz egingo dugun solasaldi bat. Euskaldunak direnak euskaldunak ez direnekin batera egotea nahi dugu, hizkuntzarekin zer-nolako harremana dugun ikusteko. Bakoitzaren bizipen guztiak eztabaidan jarri nahi ditugu, eta elkarren berri izan.

Zeri buruz mintzatuko zarete?

Guk euskara, aniztasuna eta bizikidetza proposatuko ditugu gai ardatz modura, eta, horien inguruan, bakoitzak interesatzen zaizkion gaiak proposatuko ditu egunaren hasieran. Gai bakoitzean interesa dutenen artean lantalde txikiak eratuko dira.

Euskara, aniztasuna eta bizikidetza. Non egiten dute bat?

Puntu askotan. Euskara da gure ariketaren ardatza, baina aniztasunaren begietatik begiratuta. Euskal Herrian sekulako kultur eta hizkuntz aniztasuna dago, eta hor elkarbizitza euskaratik antolatzea tokatzen zaigu. Edonola ere, horretarako arauak ez dira guk nahiko genituzkeenak izango, komunitate guztien bizikidetzatik sortuak baizik. Horregatik probokatu nahi ditugu zubi eta praktika horiek euskaltzaleok.

Aniztasuna talde eragilean bertan lortu nahi izan duzue.

Euskalgintzan garbi dugu etorkizuneko gizarte diseinua nolakoa izatea nahi dugun, baina ez ditugu aukera larregi izaten gugandik urrunago dagoen jendearekin partekatzeko, eta gure errealitate bera ez duten pertsonekin hitz egiteko. Zubiak eraikitzea tokatzen zaigu. Hori landu nahi dugu larunbatean, eta, horretarako, sustatzaileen artean aniztasuna egotea beharrezkoa da. Askok kezka bera dugula ikusi dugu.

Parte hartzaileen artean %30ek euskaraz ez jakitea da xedea...

Guretzat interesgarria izango litzateke haien ikuspuntua jakitea. Azken finean, orain arte heldu gabeko sektore batzuetara iritsi nahi dugu. Gure ustez, hor gizarte ariketa interesgarri bat sortuko da. Euskaltzaleen arteko eztabaidetatik urrats bat harago joan nahi dugu, eta horretarako, 150 lagun inguru biltzea gustatuko litzaiguke, euskaraz dakitenak zein hizkuntzarekin inolako loturarik ez dutenak. Guztientzako tokia egongo da. Izena Topagunearen webgunean eman daiteke.

Elkar entzutea falta da?

Nik uste dut ez dugula lortu benetan elkarrizketa gune horiek sortzea. Guk elkarbizitzari buruz hitz egiten dugu hemen, eta elkarbizitza ez da eslogan bat. Bizikidetza praktikarekin egiten da, eta gure helburua hori da; elkarbizitza praktikak abian jartzea. Horretan hasiko gara larunbatean.

Helburua ez da adostasun mezu bat helaraztea, ezta?

Ez. Etorriko da gero horretarako aukera. Larunbatean, gai bakoitzaren gainean azaleratzen diren bizipen edo iritzi guztiak jasotzea nahi ditugu, eta ez ondorio bateratu bat erdiestea. Bakoitzak esaten duena bilduko dugu. Fase honetan guri entzutea interesatzen zaigu, eta entzundakotik ikastea.

Zubideiak mamitu ostean, zer?

Gizarte eredu berri baten alde jarraituko dugu lanean, baina larunbatean jasotakoa oinarri hartuta; Leioan hitz egindako guztia txosten batean biltzen saiatuko gara. Izan ere, garrantzitsua iruditzen zaigu euskararekin loturarik ez dutenek gurekin zer-nolako harremana duten, etorkizunean zubi horiek areagotuz joateko. Espero dugu aurrerantzean denek elkarrekin ematea pausoak, baina, betiere, non gauden eta nora joan nahi dugun ahaztu gabe.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna