Dimisioa aurkeztu izana «eskertu» dio EAJk Aldekoa ertzainburu ohiari

'Cabacas auziagatik' «erantzukizun politikoak» eskatu ditu oposizioak. Iñigo Justizia taldeak epaiaren aurkako manifestaziora deitu du gaurko

Jorge Aldekoa, 2016ko ekainean, EHUko udako ikastaroetan. A. CANELLADA / FOKU.
jon olano
2018ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Jorge Aldekoa ertzainburuak Cabacas auziko epaiagatik dimisioa aurkeztu eta biharamunera, Josune Gorospe EAJko legebiltzarkideak «eskerrak» eman dizkio Aldekoari; Gorosperen ustez, Aldekoak segurtasun publikoaren «ezagutza sakona» dauka, eta dimisioa eman izanak«agerian»uzten du Ertzaintzarekiko duen «konpromisoa»; erabaki horrek «ohoratu» egiten du ertzainburu ohia, Gorosperen hitzetan.

Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten talde politikoetako ordezkariek Radio Euskadin hitz egin zuten atzo goizean Aldekoaren dimisioaz. EH Bilduko legebiltzarkide Iker Casanovaren esanetan, dimisio horrek «inoiz ez zuen gertatu behar, Aldekoak inoiz ez zuelako Ertzaintzako buruzagi izan behar, Iñigo Cabacasen heriotza eragin zuen operatiboan nahastuta egon eta gero». Cabacas auziko ebazpenean, epaileak auzitan jarri zuen gaztea hil zuten gauean Ertzaintzak ezarritako operatiboa, eta, beraz, Casanovak uste du Aldekoak ertzainburu kargua utzi beste aukerarik ez zuela, «bere kabuz edo kargugabetuta». Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkide Julen Bollainek, berriz, azpimarratu zuen auzian «injustiziak» jarraitzen duela eta epaiketetan ez zirela egon «erantzule politikoak».

«Errespetua» hautuari

PSE-EE zegoen Jaurlaritzako Segurtasun Sailean 2012ko apirilaren 5ean, Cabacas pilotakada batez zauritu zuten gauean. Atzo, Jose Antonio Pastor sozialisten bozeramaileak esan zuen «errespetua» zor zaiola ertzainburu ohiaren erabakiari, eta «balioetsi beharreko keinua» dela dimisioa. Azkenik, Anton Danborenea PPko legebiltzarkideak ontzat jo zuen erabakia, Aldekoa zelako «egun hartan Ertzaintzaren arduraduna Bilbon».

Epaileak ertzain bat zigortu zuen epaiketan, eta, epaiaren aurka, manifestazio bat egingo dute gaur Bilbon, Iñigo Justizia plataformak deituta. 12:00etan abiatuko da Bilboko Epaitegitik, eta Eusko Jaurlaritzaren Bizkaiko hiriburuko egoitzan amaituko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.