Nahikoa dela esan dute Gasteizen, azkeneko operazioa deitoratzeko

Ehunka lagun elkartu dira 'Aski da. Utzi Euskal Herria bakean' lelopeko martxan, Sortuk deituta. Azaldu dute ETArik gabe ere gatazka badagoela
Sortuk deituta atzo Gasteizen egindako manifestazioa.
Sortuk deituta atzo Gasteizen egindako manifestazioa. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Erredakzioa -

2019ko otsailak 10
Ehunka lagun elkartu ziren atzo arratsaldean Gasteizen, Galder Barbadoren eta Aitor Zelaiaren atxiloketak salatzeko. Sortuk deituta, Aski da. Utzi Euskal Herria bakean lelopean egin dute manifestazioa, eta bat egin du, besteak beste, Ernai gazte antolakundeak. Herrialde Katalanetako ezker independentistako Arran gazte antolakundeko kideak ere izan dira. «Berriz min hau dio abestiak, eta hala diogu guk ere, berriz min hau», esan du amaierako hitzaldian Oihana San Vicentek, Sorturen Arabako arduradunak. «Berriz ehizatu ditu otsoak herri honetako bi gazte abertzale konprometitu, berriz ere bahituak eraman ditu Espainia aldera. Ez da kasualitatea izan, ez nortzuk eraman dituzten, ezta noiz gertatu den ere». Nahikoa dela esan dute.

Maria Tardon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak espetxera bidali zituen Barbado eta Zelaia herenegun. Ertzaintzak ostegunean atzeman zituen, Araban —Amurrion eta Gasteizen—. Berri agentziek zabaldu dutenez, «sustantzia lehergaiak, sukoiak edo su eragileak» edukitzea leporatu die epaileak, eta ikerketako iturriak aipatuz esan dute 2014ko eta 2015eko zenbait eraso daudela operazioaren abiapuntuan.

Halako neurriek Euskal Herriko gatazka politikoa «agerian» uzten dutela azaldu du San Vicente Sortuko kideak: «Askotan esan dugun bezala, arazoa ez delako inoiz ETA izan. ETA desagertua izanik ere, honelako erasoek gatazkak bere horretan dirauela argi erakusten digute».

Otegiren arbuioa

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak ere deitoratu du operazioa. Twitterren idatzi du «ustezko kale borrokagatik» atzeman dituztela haiek, eta esan du kale borrokarik ez dagoela gaur egun. «Ertzaintzak Auzitegi Nazionalaren esku utzi, eta honek espetxeratzeko agindua eman du. Beste ekarpen bat elkarbizitza demokratikoari. Lotsa!». Otegik gogoratu du Amurrion ezker abertzaleko familia baten etxearen aurka tiro egin zuen Espainiakoa polizia ohia aske dagoela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
S: