Hondarribiko alardearen inguruko elkarrizketa prozesu bat abiatu dute

Aldundiaren ekimenez ari dira. Alarde fundazioak beste espazio bat proposatu du, baina Jaizkibelek eutsi egingo dio abian den prozesuari

Irain eta txistu artean desfilatu zuen Jaizkibelek iazko alardean. J.C.RUIZ / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
2019ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Irungo eta Hondarribiko alardeetan (Gipuzkoa) emakumeen parte hartzearen inguruko gatazka piztu eta 22 urtera, hitz egiten hasteko prest agertu da Alarde fundazioa, Hondarribiko desfile baztertzailea antolatzen duen erakundea. Atzo ohar bidez adierazi zuenez, «beharrezko» ikusten du «iritziak trukatzeko espazio bat eraikitzea», «bizikidetzan» aurrera egiteko eta «tentsioa murrizteko», iazko irailaren 8ko «zoritxarrezko egoerak» saiheste aldera. Iragarpen horrekin, ordea, Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatuta diskrezioz egiten ari ziren elkarrizketa prozesua auzitan jarri du fundazioak, beste espazio bat proposatuz.

Jaizkibel konpainia parekideak baieztatu du urte hasieran abiatu zuela diputazioak lan ildo hori, eta elkarrizketetan parte hartzen ari zirela Jaizkibeleko zein Alarde fundazioko kideak. «Diskrezioz» jardutea adostu zuten arren, fundazioak akordio hori hautsi duela uste dute desfile mistokoek. «Estimatu» egin dute fundazioa «azkenean» elkarrizketaren alde agertu izana, baina «berandu iristea» egotzi diote: «Alarde fundazioak bere burua eztabaidatik kanpo kokatu du, eta besteok eseri nahi gaitu balizko mahai baten inguruan».

Alkateak gidatuta

Izan ere, Alarde fundazioak lerro artean iradoki du ez duela ontzat joko kanpoko eragileen bitartekaritzarik: «Gure aburuz, Hondarribiak izan beharko luke gure iritziak partekatzeko tokia; gure herriko udaletxea proposatzen dugu topaleku gisa, eta alkatea [Txomin Sagarzazu, EAJkoa] proposatzen dugu moderatzaile gisa». Gogora ekartzekoa da Hondarribiko Udalak ez diola sekula harrerarik egin Jaizkibeli alarde egunean.

Konpainia mistoak, berriz, abian den elkarrizketa prozesuari eusteko asmoa agertu du: «Bide horretatik eta beste hainbatetatik, alardearen gatazkari konponbidea ematen ahaleginduko gara, azken hogei urteetan egin dugun bezala».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.