Eurogunean erosteko ahalmenak %5,5eko galera izan du iaztik

jokin sagarzazu
2022ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Aurten egindako lan kontratuetan soldatak %5,2 igo dira batez beste euroguneko sei ekonomia nagusietan. Azken urteetako hazkunderik handiena da hori, baina inflazioaren (%10,7) oso azpitik dago oraindik. Langileen erosteko ahalmenak, beraz, %5,5eko batez besteko galera izan du eurogunean. Ondorio hori atera du Irlandako Banku Zentralak, Indeed enplegua bilatzeko enpresarekin batera egindako azterketan.

Galerarik handienak Herbehereek (-%10,7) eta Italiak (-%7,9) izan dituzte. Eta txikienak, Frantziak (-%1,53) eta Alemaniak(-%2,9). Herbehereek dute euroguneko inflaziorik handienetarikoa (%14,5,) eta kontratu berrietan iaz baino %3,8 gehiago ordaintzen ari dira aurten. Aldiz, Frantzian txikiagoa da prezioen igoera (%6,2), eta apur bat handiagoak dira soldatak (%4,7). Alemanian igo dira gehien: iaz baino %7,7, baina KPIa %10,4koa da han.

Irlandako Banku Zentralak azpimarratu duenez, soldaten hazkundea handiagoa izaten ari AEBetan eta Erresuma Batuan, bereziki langabezia tasa txikiagoak dituztelako. Europako Banku Zentralaren aurreikuspenen arabera, euroguneko soldatak %4 igoko dira aurten, eta %4,8 datorren urtean.

Hego Euskal Herrian, azpitik

Hego Euskal Herrian, berriz, hitzarmen kolektiboen babespean dauden lan kontratuak kontuan hartuz, soldatak batez beste %3,78 igo dira aurten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %4,58 Nafarroan, baina kasu horretan ere KPIaren oso azpitik. Hala, lehen hiru lurraldeetako langileek erosahalmenaren %4,9 galdu dute, eta Nafarroakoek, %4,7.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.