Tortura iker dadila eskatu du Nafarroako Torturatuen Sareak

Nafarroako Gobernuari «ikerketa ofiziala» egiteko eskatu diote, eta auzitegien debekuak salatu dituzte. 55 lagunek aurkeztu dute sarea

Oihan Ataun, Nafarroako Torturatuen Sareko bozeramailea. IÑIGO URIZ / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2019ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Poliziek Nafarroan egindako torturak argitara atera nahi ditu Nafarroako Torturatuen Sareak. Atzo aurkeztu zuten taldea, Nafarroako Jauregiaren arkupeetan. Torturak jasan dituzten herrialdeko 55 lagun bildu ziren prentsaren aurreko agerraldian. Oihan Ataunek hitz egin zuen sare sortu berriaren izenean: «Azken hamarkadetan herrialde honetan torturak izan duen eragina argitzeko ikerketa ofizial, profesional eta independentea egitea exijitzen dugu».

Deia Nafarroako Gobernuari egin zioten. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak polizia indarkeriaren Nafarroako legea indargabetu ondoren, Espainiako Poliziak eta eskuin muturreko taldeek herrialdean egindako indarkeriazko ekintzak ikertzeko diru laguntza ere bertan behera utzi zuen Nafarroako Auzitegi Nagusiak. Egoera hori salatu du torturatuen sareak: «Erabat onartezina eta oso mingarria da egia argitara atera dezakeen ikerketari ezarri zaion blokeoa». Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egin dena Nafarroan debekatu izana salatu du Ataunek.

Egoera ikusirik, bi mezu zabaldu nahi izan dituzte. Batetik, torturak jasan dituzten nafarrei sarera batu daitezela eskatu diete. Bestetik, gizarteari babesa emateko galdegin diote, eta haien egitasmoetan parte har dezaten eskatu. Horietarik lehena izanen da otsailaren 13an eginen dutena. Torturaren kontrako eguna da Euskal Herrian, eta protestak antolatuko dituzte.

«1.000 torturatu»

Ikerketa ofiziala egiteko badagoere, torturatuen sareak zenbait datu aurkeztu zituen. Haien datuen arabera, Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak 1.000 nafar baino gehiago torturatu ditu, eta lagun bat hil: Mikel Zabalza. Gogoratu dute Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak hiru aldiz zigortu duela Espainia tortura salaketak ez ikertzeagatik: Jon Patxi Arratibel, Xabier Beortegi eta Ataun beraren kasuak dira. Horrekin batera, hiru nafarren tortura testigantzei sinesgarritasuna aitortu zion CPT Torturaren Prebentziorako Europako Batzordeak.

Ikerketari galga jartzen diotenei tortura ezkutatu nahi izatea leporatu zien Ataunek, eta galdera egin: «Ohartu dira egoskorkeria horrek guri eta gure senitartekoei sortzen digun minaz?». Esan zuenez, beren eskuetan dagoen guztia eginen dute ikerketa ofiziala egin dadin, horrek, «irekita dauden zauriak» ixten lagunduko duelakoan.

Lehenik eta behin, Nafarroako alderdi politikoekin bilduko dira. Torturaren eztabaida mahai gainean jarri nahi dute, eta alderdiek ikerketa ofizialaren aldeko jarrera bil dezaten maiatzeko hauteskundeetarako prestatuko dituzten programetan. Nafarroako Gobernuak 30.000 euroko laguntza onartu zuen EHUk indarkeriari buruzko ikerketa ofiziala egin zezan. Auzitegien debekuari helegitea jarriko ziela iragarri zuen Nafarroako Gobernuak joan den hilabetean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.