Espainiak «harmonizatu» egin nahi du selektibitatea

Zelaa ministroak gogoratu du erkidegoek eskumena daukatela proban, baina irizpideak batzeaz jardun da. Azterketa bakarra nahi du eskuinak

Selektibitatearen hasiera, asteartean, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU.
Garikoitz Goikoetxea.
2019ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Amaitu dute selektibitatea Hego Euskal Herriko ikasleek, baina zabalik dago azterketari buruzko eztabaida. Espainiako eskuinak gogor jo du proba erkidego bakoitzeko unibertsitate publikoek antolatzearen kontra, eta azterketa bakar bat egiteko eskatu du. Espainiako Gobernuak ez dio atea ireki aukera horri, baina, presioa ikusita, mugimendu batzuk egiten hasi da. Isabel Zelaa Hezkuntza sailburuak gogorarazi du erkidegoek badutela eskumena hezkuntzan, eta, hortaz, gai zerrenda ez dela berbera; horregatik, ez du bideragarri ikusten proba zentralizatzea. Hala ere, azterketa «harmonizatzeko» bidea hasi nahi du.

Unibertsitaterako hautaproba ia 14.000 ikaslek egin dute aste honetan —bostetik hiruk, euskaraz—. Azterketa horretako notak unibertsitatera sartzeko kalifikazioaren %40 ezartzen du —beste zatia, nagusia, Batxilergoko batez bestekoari dagokio—. Eskuineko sektoreen arabera, erkidego batetik bestera zailtasun desberdina du selektibitateak, eta horrek gorabeherak sortzen ditu ikasleen artean: «erraztasuna» dute batzuek nota handiagoa lortzeko. Proba bateratzeko argudioa dute.

«Aukera berdintasuna» bermatu beharra aipatuta, proposamen bat eraman du PPk Kongresura: azterketa bakarra egiteko eskatuko du. Ciudadanosek ere antzeko eskaera bat aurkeztu du.

Zelaa ministroaren esanetan, ordea, konponbidea ez da azterketa bakarra egitea. «Curriculuma pobretuko luke horrek». Gogorarazi du erkidegoek badutela eskumena edukien zati bat ezartzeko —Hegoaldeko gobernuek, %45—, eta hori ere aintzat hartu behar duela selektibitateak. Gaineratu du «datu teknikorik» ez dutela jaso desberdintasun arazoei buruz. Hala ere, «harmonizatu» egin nahi dute azterketa, zuzenketa irizpideak-eta bateratuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.