Maiza preso eria askatzeko eskatuko dute abenduaren 27an

Manifestazio bat eginen dute Etxarri Aranatzen, gaixo diren 21 euskal presoen alde. Jon Gurutz Maizak 69 urte beteko ditu abenduaren 31n

Herritar ugari batu dira Etxarri Aranatzen egindako agerraldian. IÑIGO URIZ / FOKU.
Iker Tubia.
Etxarri-Aranatz
2019ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Kalera aterako dira Etxarri Aranazko (Nafarroa) eta eskualdeko herritarrak abenduaren 27an. Jon Gurutz Maiza auzokoak hamabi urte daramatza espetxean, 69 urte beteko ditu abenduaren 31n, eta gaixo dago. Hori ikusita, manifestazio batera deitu dute Maiza eta gaixo diren beste hogei euskal presoak etxeratu ditzaten. Herriko plazan izanen da hitzordua, 19:00etan. Dagoeneko herriko talde eta lagun anitzek adierazi dute atxikimendua, eta Sakana eskualde osoari protestan parte hartzeko deia egin diote.

«Gaixotasun larri eta sendaezin bat ez da espetxe batekin bateragarri», azaldu zuen Igor Artieda Galdeanok Orain Jon Gurutz lantaldearen izenean, atzo, herriko plazan egindako prentsa aurreko agerraldian. Adierazi zuen gatazkaren konponbidean urratsak egiteko «euskal presoen korapiloa» askatu behar dela:«Bide horretan, gaixotasun sendaezinak dituzten euskal presoen etxeratzea urgentziazkoa da. 21 preso horiek kalean egon behar dute. Ankerkeria hutsa besterik ez da pertsona horien osasunarekin eta sufrimenduarekin bestelako kalkuluak egitea».

69 urte, 12 kartzelan

Maiza 2007an atxilotu zuten, eta 12 urte daramatza Frantzian preso. Orain Lannemzango kartzelan dago, 300 kilometrora urrundurik, eta oraindik kondena luzea duela gogorarazi zuten prentsaurrekoan. Gainera,hiru estradizio eskaera eta euroagindu bat ere baditu. Ia 69 urte ditu, eta zenbait gaitz: ikusmen zorroztasunaren galera, ezkerreko begiko erretina askatzea, diabetesa, dislipemia, hipertentsioa eta aurikulako fibrilazioa. Gainera, eskuineko begia galdu zuen haurra zela. Orain, Jon Gurutz taldearen Iluntasunetik etxera dokumentalean azaldu zuten presoaren egoera.

Gaixo diren presoen egoeraz ohartarazteko, Sarek anbulantzia bat eramanen du Nafarroako zenbait herritara. Manifestazioaren egunean Etxarri Aranatzen egonen da, baina aurretik Iruñerrian eta Bortzirietan ibiliko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.