AHTa eraikitzeko dirua gastu sozialera bideratzeko eskatu dute

Orain Ardura plataformak «zuhurtziaz» jokatzeko eta AHTaren lanak «berehala» gelditzeko eskatu die erakundeei Iruñean eta Bilbon

AHTaren kontrako protesta, atzo, Bilbon, Jaurlaritzaren egoitzan. A. LOIOLA / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2020ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Elefante zuri handi bat buru zutela protesta egin zuten atzo Abiadura Handiko Trenaren kontrakoek Bilbon eta Iruñean. Orain Ardurak deituta, elkarretaratzeak egin zituzten Eusko Jaurlaritzaren, Nafarroako Gobernuaren eta Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren egoitzen aurrean. Haientzat ziren protestak: «Erakundeek AHTan funts publikoak xahutzen jarraitzea iraingarria da», esan zuen Nerea Vianak Orain Arduraren izenean: «Arduragabekeria handi honen erdian, gutxieneko zuhurtzia baino ez dugu eskatzen: obra hori berehala geldiarazteko eskatzen dugu, eta funtsak sistema publikoa indartzera bideratzeko, bizi baldintza duinei eusteko».

Elefante zuririk ez leloarekin atera ziren kalera AHTaren kontrakoak. Elefante zuriak onurak bainoago galerak ekartzen dituzten jabetzei egiten die erreferentzia, edo jabeari kalte eta besteei onura ekartzen dietenei. «AHTa da Euskal Herriko elefante zuririk handiena. Antzinako Thailandiako elefante zuriek bezala, ustezko onuradunak hondamendira eramaten ditu, eta etorkizuneko belaunaldiei betiko hipoteka eragiten diete», azaldu zuen Vianak.

Bozeramaileak esan zuenez, azpiegitura hori egiteko 12.000 milioi euro gastatu behar dira, eta diru publikoarekin «eliteei soilik mesede egiten dien» proiektu bat ordaintzea «iraingarria» dela salatu zuen. «Denok dakigu azpiegitura honek ez duela inoiz funtzionatuko; eraikitzen jarraitzea dirua zakarrontzira botatzea da. AHTarekin jarraitzeak ez zuen inolako justifikaziorik inoiz, are gutxiago azken ehun urteetako krisirik handienaren erdian». Horregatik eskatu zuten diru hori gastu sozialera bideratzeko.

Herrietan ere bai

Iruñean bildu zen jende gehien: 500 lagun, antolatzaileen arabera; Nafarroako jauregitik Espainiako ordezkaritzara egin zuten manifestazioa. Hiriburuetako protestez gainera, AHTaren kontra kalera atera ziren Atxondon, Abadiñon (Bizkaia) eta Ribabellosan (Araba).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.