Linden Ashcroft. Melbourneko Unibertsitateko irakaslea

«Sute hauek erakusten digute nolakoa izan daitekeen etorkizuna»

Karbono isuriak murrizteko berehalako neurriak hartu ezean, aurten Australian ikusitako irudiak ohiko bilakatuko direla ohartarazi du zientzialariak, eta luze gabe ondorio larriak eragingo dituztela.

MELBOURNEKO UNIBERTSITATEA.
arantxa elizegi egilegor
2020ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Linden Ashcroft klimatologoa da. Australiako beste milaka herritarrek bezala, gertutik bizi izaten ari da uda hasieratik piztutako dozenaka baso suteen ondorioak. Ozeaniako herrialdea inoizko udarik gogorrenak izaten ari da iazko urriaz geroztik. Horren atzean dauden arrazoiengatik galdetuta, Ashcroftek argi du erantzuna: gizakiak eragindako klima aldaketa.

Australian ohikoak dira suteak, baina aurtengoak inoizko okerrenak izaten ari dira.

Aurtengo suteak hain larriak izatearen arrazoiak hiru dira. Batetik, 2019a oso urte lehorra izan zen. 1900. urtetik jasotako datuak aintzat hartzen baditugu, orain arteko urte lehorrena izan zen; bestalde, Indiako Ozeanoko urek ohi baino tenperatura baxuagoak izan dituzte, eta horrek ekarri du Australiara heltzen den atmosferako hezetasuna gutxitzea eta euri kantitatea murriztea.

Bigarrenik, azken hilabeteetan Antartika inguruko sistema meteorologikoak normalean baino iparralderago kokatu dira, haizeen eredu aldaketa dela eta. Horrek eragin du udaberria eta uda epelagoak eta lehorragoak izatea, eta sute arriskua handitzea.

Azkenik, gizakiak eragindako klima aldaketaren ondorioz, Australiako tenperatura eta mundu osokoa gradu bat baino gehiago igo da. Horrek, lehortearekin batera, zailago egiten du baso suteak zabaltzea saihesteko pizten diren sute kontrolatuak egitea, horiek ere kontrolik gabe zabaltzeko arriskua baitago. Tenperatura epelek basoak lehortzen dituzte, eta, beraz, errazagoa da horiek erretzea. Aldi berean, luzatu egiten da sute arriskurako epea, eta arriskutsuagoa bilakatzen da suhiltzaileen lana. Australiako zientzialariek eta nazioartekoek urteak daramatzate ohartarazten gizakiek eragindako klima aldaketak baso suteetan izan dezakeen eraginaz.

Askok leporatu diote gobernuari klima larrialdiaren aurkako neurri egokirik hartu ez izana.

Zientziak argi esan du karbono dioxidoaren isuriak nabarmen murriztu behar ditugula klima aldaketaren ondorioak gutxitu nahi baditugu. Australiako Gobernuaren politiken helburua da nola edo hala erantzutea nazioartetik datorren eskari horri, baina askoz ere gehiago egin genezake. Mundu osoko estatuek egin behar dituzte urratsak.

Scott Morrison lehen ministroak, ordea, ekonomiari eman dio lehentasuna, eta bigarren mailan utzi ditu klima larrialdiaren aurkako neurriak.

Argi dago gobernuak klima larrialdiaren aurkako politika sendoagoak bultzatuko balitu, etorkizunean murriztuko egingo lukeela orain dugunaren antzeko hondamendiak gertatzeko arriskua. Klima aldaketa eztabaidagai izan da urte luzez Australiako politikagintzan, baina uste dut gertatzen ari denak balio izan beharko lukeela neurri zorrotzagoak hartzeko.

Gobernuak 2.000 milioi dolarreko funtsa iragarri du hondamendiari aurre egiteko. Baina nahikoa izango da?

Komunitateek diru asko beharko dute suntsitutakoa berregiteko, ikerketarako eta gure ingurumena berreskuratzeko, eta baita etorkizuneko baso suteak saihesteko neurriak hartzeko ere. Ez dakit 2.000 milioi nahikoak izango ote diren. Uda hasieran ikusi ditugun suteek erakusten digute nolakoa izan daitekeen etorkizuna ez baditugu isuriak murrizteko neurriak hartzen.

Zer ondorio izango dituzte baso suteek ingurumenean? Eta osasunean?

Beldur naiz suteek luze gabeko eta luzera begirako ondorioak ez ote dituzten izango herritarrengan. Asko izan dira etxea galdu dutenak; beste askok gertuko norbait galdu dute. Luzerako ondorioak ere izan dira ingurumenean, eta espezie askok eta gure ekosistemak hamarkadak beharko dituzte lehengoratzeko. Ez ditugu ahaztu behar buru osasunean eta osasun fisikoan eragindako kalteak ere. Australiako ekialdean, eta Canberra hiriburuan, herritarrek kutsadura maila oso altuak jasan behar izan zituzten hilabetean baino gehiagoan, suteen kearen ondorioz. Horrek luzera begira osasun arazoak eragin ditzake helduetan, haurretan eta baita umekietan ere, eta horri gehitu behar zaio halako trauma bat jasateak sor ditzakeen buruko osasun arazoak. Etxea galdu ez dutenek ere agian galdu dute eurentzako garrantzi berezia zuen txokoren bat, eta baso eremu izugarriak ere galdu ditugu, gure osasun eta zoriontasunerako oinarrizkoak direnak.

Zer neurri hartu beharko lituzke gobernuak klima larrialdia geldiarazteko?

Gure karbono isuriak murriztu behar ditugu gizarteko alor guztietan: garraioan, argindarrean, nekazaritzan eta industrian. Modu asko daude Australian lan egiteko modua aldatu eta herrialde aberatsago, osasuntsuago eta seguruago bat sortzeko, isuriak murriztuz, eta badut itxaropena gobernuak urratsak egingo dituela norabide horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.