Metaleko greban parte hartu zuten hamabost langile akusatu dituzte

Iker Aranburu.
2020ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Bizkaiko metalgintzako greban parte hartu zuten hamabost langile hainbat lege haustez akusatu dituzte azken asteetan. Haietako hiruk epailearen aurrean deklaratu zuten atzo, Bilbon. Inputazioak salatu dituzte greba babestu zuten sindikatu guztiek, uste baitute grebarako eskubidearen aurkako erasoa dela grebalariak akusatzea. ELA, CCOO, LAB, UGT, ESK, CGT, CNT eta LSB-USO sindikatuek agiri baten bitartez jakinarazi dute langileetako batzuek isunak jaso dituztela, eta mozal legea ezarri dietela.

Bizkaiko metalgintzako langileek hamar greba egun egin zituzten udazkenean, lan hitzarmenaren berritzea eskatzeko. Protestak azaroan amaitu ziren, sindikatu gehienek eta FVEM patronalak akordio baterako oinarriak egin zituztenean. Orduz gero hiru hilabete igaro diren arren, akusazioak iristen ari dira greban parte hartu zuten langileei. «Salatu nahi dugu akusazio horien guztien atzetik ezkutatuta dagoena grebarako eskubidea kriminalizatzeko nahia dela, lan eta bizi baldintza duinak babesteko edozein borroka kriminalizatzeko nahia», ziurtatu dute sindikatuek.

Kriminalizatzeko saiakera «erabaki politiko baten ondorioa» dela uste dute, eta Eusko Jaurlaritza aipatu dute espresuki. «Gatazkan zehar patronalaren alde jarri da zalantzarik gabe, adibidez, Ertzaintza bidali zuenean grebalariak beldurtzera. Azkenean, zenbait langile jipoitu, atxilotu eta salatu egin zituzten».

Sindikatuak haserre azaldu dira Iñigo Urkullu lehendakariarekin. «Ez ditugu ikusi lehendakaria eta Jaurlaritza greba egiteagatik kaleratuak izan diren metaleko langileak babesten, greba egin ez dezaten mehatxatuak izan diren langileak defendatzen, egunero euren lan eskubideak urratuak ikusten dituzten langileen ondoan, eta prekaritatean murgilduta bizi diren langileekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.