Ion Orzaiz.
ANALISIA

Maiaren oroimen apetatsua

2019ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Iruñeko alkate Enrique Maiak iragarri du euskararen udal ordenantza aldatu nahi duela. Iragan legealdiaren hondarrean EH Bilduk, Geroa Baik, Aranzadik eta Ezkerrak onartutakoak «elebitasun osoa inposatzen» zuela eta Iruñea, eremu mistoan egonagatik, eremu euskalduneko bihurtzen zuela de facto.

Jauzi kualitatiboa eman du Maiak euskararen aurkako diskurtsoan. Duela gutxira arte, «euskararen inposizioa» kritikatzen zuen: gaztelania azpiratzeko ustezko ahalegin bat. Orain, jada, «elebitasunaren inposizioari» aurre egin behar omen dio. Elebitasuna bera ere, gaitz bihurtua. Alkateak badu, gainera, elebitasun horri aurre egiteko formula. Eskuin muturrak bere diskurtsoetan egin ohi duenaren antzera, Maiak ere gogora ekarri nahi izan du ustezko iragan zoriontsu bat. Hizkuntz politika «arazo» ez zen garai bat (halakorik inoiz existitu ez bada ere; ez, behintzat, iragan hurbilean). Bila eta bila, Navarra Sumako ordezkariak aurkitu du erreferente egoki bat: 1997ko euskararen ordenantza.

Iraganaren mitifikazioak arazo bat du, ordea: errealitatea nekez izaten dela norberak gogoratzen duen bezain perfektua. Ordenantza proposamenaren aurkezpen ekitaldian, esate baterako, Iruñeko alkateari ahaztu egin zitzaion azaltzea 1997 urte hartan CDNk, PSNk eta Nafarroako Ezker Batuak osatutako hirukoak zuela udal agintea; eurek diseinatu eta aurkeztu zutela euskararen ordenantza hura, eta UPNk, berriz, kontra bozkatu zuela. Hemeroteka madarikatua.

Areago: 1997ko ordenantza irakurtzen hasita, argi dago Navarra Sumak ez duela testu horren mamia aplikatzeko asmorik, horren bertsio murriztaileago bat baizik. Hauxe du lehen esaldia: «Iruñeko Udalarentzat, udalerriko bi hizkuntza propioetako bat da euskara». Iragan maiatzean, Navarra Sumak gogor kritikatu zuen Joseba Asiron Iruñeko alkate ohia, gauza bera ia hitzez hitz esateagatik.

Eta aldeak ez dira hitzaurrera mugatzen. 7. artikuluan, esate baterako, udalak onartu egiten zuen herritarrek eskubidea dutela udalari euskaraz egiteko, ahoz zein idatziz, eta udalak «era berean» eskaini behar ziela arreta: «Udalak neurri egokiak hartuko ditu helburu hori erdiesteko». Maiak argi eta garbi esan du ez duela hori betetzeko asmorik eta, idazki ofizialen euskarazko itzulpenez eta harrerako zenbait lanpostuez gain, ez dutela bestelako neurririk hartuko euskarazko arreta bermatzeko.

Beste horrenbeste gertatzen da udalak argitaratutako kartel eta eskuorriekin. 1997ko arauaren arabera, «ele biz» idatzita egon behar dute. 9. artikuluak ez du zalantzarako tarterik uzten: «Afixetako elementu guztiak ele bikoak izanen dira. Udalaren jarduketez argibideak emateko edo propaganda egiteko foiletoak ele bitan eginen dira hiritar guztientzat badira». Navarra Sumakkontrakoa eginen du: mezuak gaztelaniaz eman, eta ale gutxi batzuk euskaraz argitaratu, justifikazio gisa hartuta euskararen kaleko erabilera datuak. Euskara zokoratu eta paisaia linguistiko ofizialetik desagerrarazi, alegia.

Hori guztia aipatzea ahaztu zuen Maiak. Izan ere, Iruñeko udal taldeak hilaren 22an udalbatzan aurkeztuko duen proposamenak gutxiago du 1997ko euskararen ordenantzatik, 1999tik aurrera egin zituzten moldaketetatik baino. Guztira, lau aldiz aldatu dute araua, eta, laukoak aurtengo ekainean eginikoa kenduta, moldaketa guztien helburua izan da euskaldunen hizkuntza eskubideak pixkanaka kamustea. Navarra Sumaren denbora-erreferentea, hortaz, ez da 1997 urtea, horren osteko legealdiak baizik. Yolanda Barcinaren agintaldiari dagozkionak, alegia.

Baina, orduan, zergatik aukeratu dute 1997ko ordenantza, eredu gisa aurkezteko? Zergatik ez dute esaten, argi eta garbi, 2004koa edo 2005ekoa berreskuratuko dituztela? Agian, galdera horri erantzuteko, komeni da 1997ko arauaren sustatzaileei erreparatzea. Hor ageri da, besteak beste, PSNren sinadura. Eta Maiak, hain zuzen, sozialisten babesa beharko du hilaren 22ko osoko bilkuran, bere proiektua aurrera atera nahi badu. Maite Esporrinek jada esana du begi onez ikusiko lukeela iraganeko hizkuntza politiketara itzultzea. Iragan faltsu edo distortsionatu bat bada ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.