Derbia, «sasoi betean»

Realeko jokalariek igandean Anoetara bertaratzeko deia egin dute. Gonzalo Arkonadak taldearen «heldutasuna» nabarmendu du

Nerea Eizagirre, Garbiñe Etxeberria, Gonzalo Arkonada eta Cristina Pizarro, atzo, Anoetan. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
ainara arratibel gascon
2019ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
«Denboraldiko garairik onenean» helduko dio igandean Realak Athleticen aurkako derbiari, Anoetan (11:30, ETB1). Hala adierazi zuen atzo Gonzalo Arkonadak, txuri-urdinen entrenatzaileak, Anoetan egindako prentsa agerraldian: «Aurreko denboraldian baino sasoi hobean dago taldea. Anoetan jokatzeak sortzen duen urduritasunak gain hartu zigun, baina oraingoan hala ez izateko egin dugu lan».

Denboraldi honetan taldeak «heldutasun handiagoa» duela nabarmendu zuen teknikariak: «Norgehiagoketako momentu zailak ondo kudeatzen ari da». Partidaren bila zelairatuko dira: «Garaipena merezi izateko lan egingo dugu, guretzat hori ere garrantzitsua delako. Lehen itzuliko partida irabazteko modua genuen sentipenarekin amaitu genuen». 2-1 izan zen emaitza Athleticen alde.

Burua Sevillaren aurkako Espainiako Kopako finalerdian izan dezaketen galdetuta, ondorengoa erantzun zuen: «Sevillarren inguruko txosten teknikoa oso aurreratua dugu entrenatzaile taldeak. Gure ardura da. Baina jokalariek partidaz partida joatea nahi dugu. Aurretik beste bi norgehiagoka ditugu, eta gertuen duguna da beti lehentasuna».

Arkonadarekin batera prentsa agerraldian izan ziren Nerea Eizagirre eta Cristina Pizarro Chini jokalariak. Biek jendea Anoetara bertaratzeko deia egin zuten. Aurreko sasoian 21.500 zale bildu ziren. Athleticen aurkako derbia beti dela «berezia» berretsi zuen Eizagirrek: «Athletici irabaztea beti izan da zaila, baina taldea sasoi oso onean eta indartsu dago, eta irabazi egin nahi dugu,Anoetan jokatzeaz disfrutatzeaz gain. Horretarako, ingurukoaz ahaztu eta arreta zelaian jarri behar dugu».

Nahiz eta lehen itzulian galdu, Pizarrok nabarmendu zuen ez dutela kitarako partida baten moduan hartzen: «Hazten eta ikasten jarraitzeko beste aukera bat da». Gainera, espero du igandekoa beste egun garrantzitsu bat izatea emakumeen futbolarentzat: «Berdintasunaren bidean beste urrats bat da. Guk futbolaz bizi nahi dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.