Teheranen kontrako protestak piztu dira Irango Kurdistanen

Gasolinaren prezioa igo izanak eragin ditu protestak, eta estatu osora zabaldu dira. Poliziek zibilen kontra egin dute tiro hainbat hiritan

Protestariak, atzo, Ishafahen, Iranen. STRINGER / EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2019ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Kermanxah, Sanandaj, Ilam, Sine, Saqqez, Meriwan, Bokan, Kamiyaran... Ekialdeko Kurdistanen, Rojhelaten, protestak piztu dira. Teheranek gasolinaren prezioa igo izana izan da protesten abiapuntua, nahiz eta aspaldiko bazterketa eta jazarpena salatzeko ere atera diren kalera kurduak. Barrikadak ezarri dituzte hainbat hiritan, eta istiluak izan dira segurtasun indarrekin. Horiek negar gasarekin erantzun dute. Zibilen kontra tiro ereegin dute. PDKI Irango Kurdistango Alderdi Demokratikoak jakinarazi du gutxienez hamar zibil kurdu hil dituztela, eta hainbat zauritu.

Protestak herrialde osora zabaldu dira, baita hiriburura ere.Balutxistanera doan errepide nagusia ere blokeatu zuten herritarrek, eta hainbat banku eta gasolina zerbitzugune erre zituzten. Gutxienez 50 hiritan hedatu ziren protestak atzo iluntzean. Irakek Shalamchen hegoaldeko muga itxi zuen bart.

Hasan Rohani presidenteak hirukoiztu egin du petrolioaren prezioa, eta erosketa bera ere mugatu egin du. Ostiral goizaldean ezarri zuten igoera, aurretik iragarri ere egin gabe. Litroa 30.000 rialera igo du, eurotan, 25 zentimo. Ameriketako Estatu Batuek auzi nuklearraren harira ezarritako zigorrek krisi ekonomiko latza eragin dute, eta herritarrak ez daude prest eguneroko bizimoduari eragingo dien neurria onartzeko. Hainbat parlamentarik, protesten tamaina ikusita, premiazkoa ikusi dute atzera egitea.

Hermetismoa

Irango Kurdistanen protestak ez dira berriak. Rojavan Turkiak egin berri duen inbasioa salatzeko manifestazioak egin zituzten aurreko asteetan. Kurdistan lau estatutan dago banatuta, eta guztietan pairatu dute kurduek zapalkuntza gogorra. Iranen menpeko eremuan hermetismoa ia erabatekoa da. Zahra Mohammadi 29 urteko ekintzailea maiatzean atxilotu zuten, kurduen eskubideak defendatzeagatik. Amnesty Internationalek haren egoera salatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.