ZAURIAK IXTEKO KONGRESUA

Javier Sotil Mondragoneko presidenteak 'Etorkizuneko Mondragon' proiektua azalduko die bihar kooperatibetako ordezkariei, mugarria behar duen kongresuan. Krisiak eta zehazki Fagor Etxetresnen lurrikarak jarduteko moduan eragingo dituzten aldaketak jakingo dituzte ordezkariek.

Xabier Martin -

2014ko abenduak 14
Kasik urtebete behar izan du Mondragon taldeak Txema Gisasola aurreko presidenteak Fagor Etxetresnen porrotak bultzatuta hutsik utzitako eserlekua betetzeko. Javier Sotil presidente berria sei hilabeteko atzerapenez datorren kongresu nagusian berretsi beharko dute bihar, Donostian. Azken urteko gertakariak ez dira alferrik izan, eta Etorkizuneko Mondragon agirian jasotako lerro nagusien artean egungo egoeraren zailtasuna eta aurrerantzean nagusituko den zuhurtzia islatuko dira.

Euskal kooperatibismoa inoizko ataka zailenean jarri zuen orain urtebete taldearen ikur nagusia hondoratu izanak. MC enpresa taldean elkartutako kooperatiba subiranoen arteko loturak dira —filosofia eta egitura zehatzen mailan— funtsezko atala Sotilek kooperatibistei azalduko dien bide orrian. Arrasateko kooperatibismoak berezkoa duen enpresen arteko elkartasun kontzeptua «eguneratu» egin behar ote den, hori da eztabaida nagusiaren oinarria. Aldaketak espero dira; segurutzat jotzen dira, nahiz eta agian biharko kongresuak zabalduko duen aro berriaren bigarren zati batean iritsi. Elkarri laguntzeko modua «zorrotzago» arautzea da aukera bat, enpresen arteko kontrola zorrotzago bilakatzea; hots, gainbegiratze lan hori gertuagokoa egitea emaitzei eta helburuei begira. Kooperatiba batek laguntza jaso ahal izatea eta jaso ondoren diru jario hori ez galtzea orain baino prozesu osoagoa eta konplexuagoa izan daiteke aurrerantzean.

Fagor Etxetresnek 300 milioi euroko laguntza eraman zuten Mondragonen elkartasun funtsetatik; 300 milioi, alferrik galduak azkenean. Inork ez du ahaztu hori korporazioan, eta azken urtean ustez sortu diren hainbat enpresaren arteko errezeloak bazterrean uzteko modua izan daiteke laguntza mekanismoak moztu ez, baina bai mugatzea, sistema fintzea. Azken finean, elkartasun mekanismoak martxan jartzeko exijentzia handituko litzateke nolabait. «Mondragon gehiago ala Mondragon gutxiago» formula urriarekin mugatu dute batzuek euskal korporazio industrial handienaren barnean gertatzen ari den eztabaida, baina hortik haratago azaldu beharko litzateke eztabaida horren benetako muina. Kooperatiba subirano guztiek baitakite aurretik euren subiranotasuna dagoela, eta euren kabuz hartutako erabakiek eragiten dituztela elkarren arteko loturen egiturak; Mondragon bera, alegia.

Filosofiari eutsi

Beraz, Arrasateko korporazioak nekez egingo die muzin gaur egun taldeak duen posizioa ahalbidetu duen filosofiari eta hortik eratortzen den ereduari; beste kontu bat da gaur egun kooperatiba batzuek laguntza jasotzea per se eskubide gisa jotzea. Elkartasun mekanismoak ez dira etengo; areago, handitu egin daitezke agian, baina ez du ematen aurretik eskuratutako eskubideen planteamenduak tokia izango duenik etorkizun hurbileko Mondragonen.

«Kooperatiben muina burujabetza da. Ez da planteatu Mondragon holding bihurtzea eta kooperatiben gaitasunak bereganatzea». Javier Sotilek berak esan du jendaurrean askok «Mondragon gehiago» espero badute ere ezin dela esamolde horren atzean dagoena modu zuzenean planteatu. Beste kontu bat da enpresa horietako bati, baldin eta elkartasun mekanismoetatik laguntza jaso badu, bere kudeaketan helburu batzuk eskatzea.

Fagorrekin gertatu dena gertatu eta gero, «ardura» eskatu dute enpresetako bazkide askok elkartasunetik datozen funtsei begira; ardura esan nahi baita enpresen arteko loturen egiturek —Mondragonek— gauzatua, gobernatua. Laguntzak ezin dira izan betiko, askoren iduriko, helburu jakinei lotuak baizik. Kooperatiba batek laguntzak eskatzean enpresa hori eraldatzeko gaitasuna ukan dezakeela frogatu beharko du apika hemendik aurrera. Fagor Etxetresnei ukatu zien Mondragonek azken laguntza eskaera orain urtebete, hain zuzen enpresa hori eraldatzeko —martxa okerra zuzentzeko— gaitasunik ezarengatik. Irizpide hori oso presente egotea nahi dute askok.

Begien bistakoa ematen du etorkizuneko Mondragon enpresa bazkide bakoitzaren arduran oinarritu beharko dela. Eta, bide batez, korporazioaren helburu nagusia enplegua sortzea dela ere gogorarazi beharko du Javier Sotilek bihar. Arrasatekoa korporazio bakarrenetakoa da munduan garbi esaten duena, jendaurrean. Alegia, irabaziak ez dira helburu nagusia Mondragonen enpresetan, eraldaketa sozialerako bitartekoak lortzea baizik. Bakarrik dirua irabaztearekin nahikoa ez duen enpresa taldea kudeatzearen zailtasuna agerikoa da. Javier Sotilek oso ongi azaldu dezake Gisasolaren dimisioaz geroztik korporazioa gidatu duen kudeaketa batzordeak hilabeteotan jasotako hausnarketa nagusien funtsa. Hemezortzi urte eman ditu taldearen tailerretan, ingeniari gisa aurrena eta marketinari eta berrikuntzari lotua gero. Komunikatzaile ona da Sotil, euskaraz eta gaztelaniaz, tentuz hitz egiten duena. Eta gaitasun hori guztia beharko du bihar 650 bazkide ingururen aurrean Mondragonek datozen urteetan zein norabide izango duen azaltzeko.

Kanpoaldeko protestak

Azken urteetan taldearen komunikazio politika zurruna izan da, kanpora begira behinik behin, eta Sotilek gizon egokia ematen du hori aldatzeko. Barru aldera, beraz, mugarria izan daiteke biharko kongresua, baina baita kanpora begira ere, euskal enpresa talde handienaren pareko komunikazio politika ezartzen has daitekeelako.

Horrez gain, Kursaalaren barrualdean bakarrik ez, kanpoaldean ere ez da faltako eztabaida: Ordaindu eta Eskuratu protesta egiteko elkartuko dira Kursaalaren aurrean. Fagor Etxetresnetan galdutako ekarpenak eskatzen ari zaizkio Mondragoni, milioi euro asko, baina Arrasateko korporazioak garbi utzi du horrek ez duela «zentzurik». Justiziaren babesa dauka MCk auzi horretan, eta taldeak ez du mugimendurik egingo. «Ez du zentzurik Mondragon taldearen barruan arduradun bat bilatzeak kooperatibaren jarraipenaren inguruan hartutako erabakiak direla eta». Korporazioak dio ez dela gertatutakoaren erantzule inondik inora, eta, beraz, «ez du zentzurik bere kooperatibari bazkide banakoek egindako ekarpenen itzulera Mondragoni eskatzeak».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna