Patxi Usobiaga. Eskalatzailea

«Berriro ere izugarri motibatuta sentitzen ari naiz»

9a zailtasuneko 'La fuga' eskalatu eta gero, gozatzen ari da Usobiaga. Profesional izan zen garaiarekin alderatuz gero, denbora gehiago du igo nahi dituen paretak patxadaz aztertzeko.

JAVIPEC.
Unai Ugartemendia.
2020ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Urte batzuk igaro dira Patxi Usobiaga eskalatzaileak (Eibar,Gipuzkoa, 1980) goi mailako kirola utzi zuenetik. 2009an munduko txapeldun izan eta gutxira, kirolaren beste aldea ezagutu zuen, 2010ean lehia uzteraino. Lau urteko etenaldia egin eta gero, itzuli egin zen. Bigarren gaztaroan murgilduta dabil orain.

Urte askotan goi mailan ibili ondoren, eskalada utzi zenuen 2010ean. Lau urteko etenaldia egin zenuen zure ibilbidean. Nola gogoratzen dituzu urte haiek?

Urte bereziak izan ziren. Garai hartan, modu batera bizi izan nituen. Urte batzuk geroago, berriz, konturatu nintzen zergatik bizi izan nituen horrela. Zorte handia izan nuen, surfa ezagutu eta jende askorekin harremana egiteko aukera izan nuelako. Beste ikuspuntu bat izateko oso ondo etorri zitzaidan. Oso gustura egon nintzen urte haietan, baina haitzean jaioak haitzera nahi, eta niri ere hala gertatu zitzaidan. Orduan konturatu nintzen niretzat eskalada dena zela.

Orain, Katalunian bizi zara. Nolatan?

2003-2010 bitartean,profesional gisara aritu nintzen eskaladan, eta askotan etortzen nintzen hona. Ordurako pentsatzen nuen, eskalada amaitzean, leku ederra izan zitekeela bizitzera joateko. Bide politak eta harkaitz asko dago, eta paradisua da eskalatzaile batentzat. Egia da ideia hura albo batera utzi nuela eskalada utzi eta surfean hasi nintzenean, baina berriro ere eskaladan murgildu nintzenean, ez nuen zalantzarik egin. Hasieran, Bartzelona inguruan jarri nintzen bizitzen, entrenamenduekin hasi eta PUC Series ere martxan jarri nuenean. Baina konturatu nintzen nik nahi nuena arroka artean bizitzea zela. Lehenik Ponsera joan nintzen; orain, berriz, Olianan bizi naiz.

Oso indartsu itzuli zinen eskaladara 2014an.

Indartsu itzuli nintzen, baina profesional izandako urteekin ezin da alderatu. Orduan munduko txapeldun izatera iritsi nintzen, eta hori ez da txantxetako kontua. Profesionaletan igaro nituen urteetan, oso denbora gutxi izaten nuen bide berriak saiatzeko. Gehienez ere, astebete izaten nuen gauza berrietan murgiltzeko, eta hori oso denbora gutxi da. Pentsa, orain dela hiru urte Pachamama [9a+/b zailtasuna] igo nuen, eta hilabete inguru pasatu nuen hura aztertzen. Zortzi urte igaro ziren lehenbizikoz hura eskalatzen saiatu nintzenetik. 2009an, aste pare batean igotzeko moduan izan nintzen, baina eroriko bat izan nuen, eta ezin izan nuen igo. Egia da azken urte hau hobeto daramadala, baina 2017tik ez dut zorterik izan lesioekin. Min handia pasatudut azken urteetan.

Eboluzio handia izan duzu geroztik.

Bai, bai, ni ere asko aldatu naiz. Esaterako, lehen ez nuen biderik ekipatzen, ez nuelako ez astirik, ezta indarrik ere. Orain, ordea, arroka asko dauzkat inguruan, eta denbora ere gehiago daukat denetarako.

Pachamama aipatuta, inor gutxik espero zuen berriro ere maila horretan ikustea. Baina zuk espero al zenuen?

Oso prozesu luzea izan da. 2014an, berriro ere eskalatzen hasi nintzenean, zailtasun handiko bide asko igo nituen. Badakit nire buruak nola funtzionatzen duen, eta bide berriak irekitzeko oso zentratuta egon behar dudala. Horrelaxe nengoen 2016. urtearen amaieran. Oso zentratuta egotea lortu nuen. Motibazio handiarekin nengoen 2017rako, eta horrela lortu nuen Pachamama eta Papichulo [9a+ zailtasuna] kateatzea. Esfortzu handiarekin lortutako erronkak izan ziren. Azken bi urteetan nabaritu ditut hilabete haietan egindako esfortzuak.

Iaz lepoan ebakuntza egin zizuten. Orain zer moduz zaude osasunez?

Ondo. Aspaldiko lesioa zen lepoan nuena. 2010ean auto istripu bat izan nuenetik, arrastaka eraman nuen lesio hori. 2011n hasi ere ez nuen egin denboraldia.

Gorputzak bere onera egin duenean, berriro ere 9a zailtasuna egiteko gai izan zara. Zer esan nahi du zuretzat La fuga kateatzeak?

Ebakuntza egin eta oso gutxira, jada 8c+ zailtasuneko paretekin hasi nintzen, eta, egia esan, oso azkar suspertzen ari nintzela konturatu nintzen. Neguan asko sufritzen dut eskalatzen, eta orain bizi naizen herria, tenperatura aldetik, kontraste handikoa da. Bide berri asko ireki nituen hilabete horietan, tartean 8b+ eta 8c+zailtasuneko ia berrogei bide inguru. Konfinamendua pasatu eta gero ekipatutako bideak izan dira. Oso gogotsu nengoen etxetik irteteko. Gutxira, David Gambusek ekipatuta daukan sektore batean hasi nintzen gora eta behera, eta haietako egun batean La fuga igo nuen. Oso sentsazio onekin nabil azkenaldian, eta niretzat hori da garrantzitsuena, zailtasunez harago. Badakit leku askotako bideetan zailtasunak izan ditzakedala, baina beste bide askotan izugarri ondo sentitzen ari naiz. Motibazio handiarekin nabil azkenaldian!

Indarberritzeko prozesua ondo doala ikusita, beste helbururik baduzu etorkizunerako? Edo nahiago duzu patxadaz joan?

Azkenaldian ekipatu ditudan zortzi bide probatzen ari naiz. Bide guztiak oso onak iruditzen zaizkit, eta ez daukat bat begiz jota. Alde horretatik, paradisua da bizi naizen tokia, eta bertako bideak jorratzen pasatuko ditut hurrengo hilabeteak. Arroka asko dauzkagu inguruan, eta, David Gambusek bere garaian egindako lanari esker, ez dugu urrutira joan beharrik.

Eskalatzeaz gain, munduko eskalatzailerik onenetako batzuk entrenatzen dituzu; esaterako, Adam Ondra. Zer moduz?

2014an hasi ginen batera lanean. Aurten, Tokiora joan behar nuen harekin Olinpiar Jokoetara, baina dena bertan behera geratu denez, urtebete itxaron beharko dugu. Garapen bat izan du bere ibilbidean. Lehen, Munduko eta Europako Txapelketak ziren haren helburu nagusiak, baina Olinpiar Jokoak tartean sartu zirenean, gorago jarri zuen langa. Lan handia egin du azken urteetan.

Oso sasoiko zegoen COVID-19a iritsi zen arte, ezta?

Hala da, bai. Baina, aldi berean, geldialdi hau oso ondo etorriko zaio. Abiadura entrenatzeko denbora gehiago izango du, hori delako bere punturik ahulena. Diziplina horretan hobetzen badu, aukera handiak ditu eskaladan urrezko domina irabazteko. Haren aukera bakarra izan daiteke datorren urtekoa, gehienbat, gazteak oso indartsu datozelako eta Ondrak jada 28 urte izango dituelako. Hiru diziplinetatik bitan, oso ona da, eta bestean ere aurrerapen handia egin du. Japoniarrak izango ditu etsairik gogorrenak Jokoetan, bereziki Tomoa Narasaki.

Iaz, aita ere izan zinen. Gauzak asko aldatu al zaizkizu geroztik?

Bai, baina nik alde horretatik zorte handia daukat. Bikotekidea ere eskalatzailea da, eta ni ere horrela ezagutu ninduen. Gauzak aldatzea eskatu dit, halere, eguna ondo antolatzea. Azken asteetan, oso-oso goiz jaikitzen naiz lanerako. Ordu batzuk igarota, ni egoten naiz umearekin, eta bera rokodromoan aritzen da lanean; eta, arratsaldeetan, alderantziz. Beste aukerarik ez dago! Uneak bizitzen jakin behar da, berriro ez dira-eta itzultzen!

Eskalatzeko horma ere ireki berri duzue. Nola daramazue?

Esan bezala, ingurua leku ikaragarria da eskaladan aritzeko, baina neguan ia inor ez da bertaratzen. Hau ez da Araotz [Oñati, Gipuzkoa]! Hemen oso zaila da jendearekin eskalatzeko aukera izatea. Guk ikusten genuen behar bat bazegoela, eta horregatik animatu ginen horma irekitzera. Coll de Nargo herrian eraiki dugu. Laurehun biztanle inguruko herri da, eta neguko jarduera bultzatzeko beste aukera bat da. Udan ez ezik, neguan ere eskalatzen jarraitzeko aukera izango dute nahi duten guztiek. Beste lagun batek taberna bat hartu zuen, eta orain rokodromoa gehitu diogu. Eskalatzeaz gain, garagardo bat hartzeko, zerbait afaltzeko edo kafe bat hartzeko aukera paregabea eskaintzen dugu. Lagunak taberna kudeatzen du;nik, berriz, rokodromoa. Harana ezagutarazteko xedea dugu. Oso gustura gaude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.