KRITIKA. Musika

Aretoa isiltzen denean

2022ko abenduaren 14a
00:00
Entzun

Il Giardino Armonico

Biolina: Isabelle Faust. Zuzendaria: Giovanni Antonini. Egitaraua:Birtuosoa-Poeta: P. A. Locatelliren obrak. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: abenduak 11.

Pietro Antonio Locatelliren izena gutxitan irakur daiteke inguruan egiten diren kontzertuen esku-programetan. Il Giardino Armonico taldeak programazio gabezia hori bete zuen igandean, biolinista eta konpositore italiarraren monografiko bat eskainiz. Birtuoso handia izaki, bere obrek eskarmentu zein trebetasun handiko interpreteen eskuetan soilik lor dezakete jatorrizko bikaintasuna. Isabelle Faust alemaniarrak dotorezia, doitasuna eta sen musikal apartekoak hedatu zituen Kursaalean, Giovanni Antoniniren zuzendaritzak eskatzen duen estilo berezia bere eginez eta, gainera, hura gaindituz.

Kontzertuaren beraren egiturak crescendo handi bat marraztu zuen bizitasunean zein piezen berezitasunean. Musika deskribatzailea dela esan daiteke, eta bertan aise atzematen dira kontrasteen lanketa eta zabaltze finak. Lehen bi kontzertuetan oso modu gardenean aurkeztu zituen Antoninik bere irakurketan nabarmentzen diren dinamika malguak, esaldien norabide garbia eta arnasari ematen dion espazio pribilegiatua. Agerikoa da baita ere musikari guztiek begirada hori partekatzen dutela: kolore desberdinak une oro dira bereizgarriak, eta, aldi berean, osotasunaren sentsazioa gailentzen da, izaki bakar bat balira bezala. Oinarrizko batasun horrek gidatu zituen kontzertu guztiak, lehen Allegro-aren (op. 3, 10. zb) sugarrean eta, esaterako, Concerto grosso op. 1, 11. zb sarabanda ederrean ere.

Bigarren zatia izan zen, akaso, berebiziko edertasun uneak bildu zituena. Horien artean, kadentzia gogoangarri eta birtuosoetan Faustek oparirik preziatuena egin zigun: bere interpretazio fin eta ñabarduraz beteak auditoriuma guztiz isilarazi zuen behin baino gehiagotan. Eztultxorik ez, karameluen plastikozko bilgarrien igurtzirik ez. Soilik musika. Antoniniren eta Fausten unibertso partikularrean sartu, eta musika barroko italiar instrumentalaz gozatzeko aukera bakana. Zeren, noski, egiaz eta sakonetik entzuteko behar-beharrezkoa da barne zein kanpoko zaratak itzaltzea. Baita aretotik atera ondoren ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.