Vincent Poirier. Baskoniako jokalaria

«Sailkatzeko, bizpahiru garaipen gehiago beharko ditugu, gutxienez»

Euroligako ligaxkako partida jokatuko du gaur Baskoniak, Buducnosten aurka. Joanekoan galdu egin zuten, eta Poirierrek argi du defentsan hobetzea izango dela irabazteko gakoa. Taldea ondo ikusten du, denboraldiko une erabakigarrienari heltzeko.
IHANA IRIONDO / FOKU

Ainara Arratibel Gascon -

2019ko martxoak 15
«Gustura eta lasai» bizi da Gasteizen Vincent Poirier Baskoniako jokalaria. Birrintzeak egiten dituenean izan ezik, patxadatsua da, eta hala erantzun ditu galderak, lan saioaren ostean.

Lortu dituzuen azken garaipenen ondoren, ematen du gainditu duzuela Espainiako Kopako kolpea. Nola zaudete?

Espainiako Kopakoa porrot handia izan zen guretzat, baina uste dut hori ahaztu, eta egoera iraultzen jakin dugula. Horren ostean partida garrantzitsuak irabazteko gai izan gara. Taldea sasoi oso onean heldu da denboraldiko une erabakigarri honetara, eta hala jarraitu nahi dugu.

Partida garrantzitsua duzue gaur Euroligako final-laurdenetarako sailkatzeko lehian, Buducnosten aurka. Zein itxura hartzen diozu partidari?

Norgehiagoka zaila eta gogorra izango da. Haiek jada ez dute sailkatzeko aukerarik, eta presiorik gabe jokatuko dute, ez dutelako ezer jokoan. Horrek are arriskutsuago egiten ditu, talde ausarta baita. Serio eta arreta handiz aritu beharko dugu, sailkapena jokoan duena gu garela erakutsiz. Antzeman egin behar da hori.

Lehen itzuliko partida 99-84 galdu zenuten haien kontra, eta 21 hiruko sartu zituzten. Zertan hobetu behar duzue gaur irabazteko?

Uste dut gaurko partidak ez duela zerikusirik izango ordukoarekin, haiek entrenatzailea eta hainbat jokalari aldatu dituztelako, eta guk ere bai. Baina argi dago 99 puntu jasota mirari bat behar dela Euroligan partida bat irabazteko. Beraz, zalantzarik gabe, defentsako lanean hobetu behar dugu, haiek buruz burukoan jokalari oso onak, bizkorrak eta ausartak dituztelako: Ear Clark, Edwin Jackson... Joanekoan min handia egin ziguten, eta gertutik zaindu beharko ditugu. Buesan jokatzen ditugun partidetan horixe falta zaigu hobetzeko: defentsa eta errebotea zorrotzago zaintzea.

Gaurkoarekin bost norgehiagoka faltako zaizkizue ligaxka amaitzeko. Final-zortzirenetarako sailkatzeko, zenbat partida gehiago irabazi beharko dituzuela uste duzu?

Uste dut gutxienez bizpahiru garaipen beharko ditugula; aurkarien emaitzen arabera ere egongo da hori.

Baina behin gaurko partida jokatuta, partida oso zailak geratzen zaizkizue: Panathinaikos eta CSKA kanpoan, eta Real Madril eta Anadolu Buesan. Zein lehia ikusten dituzu irabazteko modukoak?

Sailkapenari begira, argi dago gaurkoa irabazi beharrekoa dela, eta, besteak beste, ikusten dut Panathinaikosi irabazteko aukera. Gainera, horrek lasaitasuna emango liguke, ia aukerarik gabe utziko genukeelako. Horrekin batera, etxeko bi lehietatik bat irabazi behar dugu. Garrantzitsua litzateke azken jardunaldirako sailkatuta egotea, CSKAren pistan irabaztea oso zaila baita.

Sailkatuko zaretela uste al duzu?

Dena emango dugu horretarako, guregatik, zaleengatik eta hiriagatik. Ziur nago lortuko dugula.

Asko aipatu da Lauko Finala Gasteizen jokatuta presio handiagoa duzuela. Hala sentitzen duzue?

Nik ez, eta taldeak ere ez. Guretzat, presio bat bainoago, motibazio bat da. Horregatik ari gara hartzen partida bakoitza final bat balitz bezala, ez presioa dugulako.

Zein dira, zure ustez, Euroliga irabazteko hautagai nagusiak? Gai ikusten duzue zuen burua halako talde baten kontra bost lehiako kanporaketa bat gainditzeko?

Real Madril eta Fenerbahce dira talderik indartsuenak, eta uste dut hautagai nagusiak direla. Baina final-laurdenetan bietako bat egokituz gero, uste dut irabaz diezaiokegula. Nahiz eta partida erabakigarria etxean jokatzeko aukerak abantaila txiki bat ematen dien. Argi dago Lauko Finalean egon nahi badugu, halako taldeei irabazteko gai izan behar dugula.

ACBn nola ikusten duzu taldea?

Ondo. Aurreko sasoian finalera iristea lortu genuen, eta uste dut oraingoan ere lor dezakegula, nahiz eta Bartzelona eta Real Madrid oso indartsu dauden. Erregularrak izanez gero, arreta handia badugu, eta lesioekin arazo gehiago ez badugu, uste dut lor dezakegula. Adi ibili behar dugu, sasoi honetan asko sufritu dugulako ustez ahulagoak ziren taldeekin. Hemendik aurrera ezin zaigu hori pasatu.

Nola ari zarete nabaritzen Tornike Xengeliaren falta? Ardura handiagoa sentitzen duzue horregatik?

Gogorra izan da hura hainbeste denborarako galtzea, pistan eta hortik kanpo oso jokalari garrantzitsua delako. Baina beste jokalariak ardura gehiago hartzen ari gara, eta uste dut ondo erantzuten ari garela. Balio digu geure buruan konfiantza handiagoa izateko, bai bakarka eta bai talde moduan, eta hori funtsezkoa da hazten segitzeko.

Pozik zaude denboraldi honetan erakusten ari zarenarekin?

Beti dago zer hobetua, baina, oro har, pozik nago. Nire onena ematen ari naiz, eta uste dut baleko denboraldia egiten ari naizela. Gainera, niretzat are garrantzitsuagoa da taldearen jarduna, eta uste dut azken txanpa honi begira ondo kokatuta gaudela, bai Euroligan, baita ACB ligan ere.

Zertan hobetu dezakezula uste duzu?

Argi dago ez dudala beti maila bera emango, baina jokalari erregularragoa izan nahi dut, ez edukitzeko hainbeste gorabehera partida batetik bestera. Argi dago ez ditudala 20-22 sartuko partidako, baina, adibidez, errebotean eta defentsako lanean ondo aritu naiteke. Oreka hori lortu nahi dut, nahiz eta ez den erraza hainbeste partida jokatuta.

Askok esaten dute Velimir Perasovic entrenatzaile gogorra dela. Zuri ere hala iruditzen zaizu?

Harengandik nabarmenduko nuke saskibaloia asko maite duen entrenatzailea dela, eta oso didaktikoa. Asko hitz egiten du gurekin, eta oso gertukoa da. Nabari da jokalari ohia dela. Gauza taktikoetatik harago, ahalegintzen da guri saskibaloiaren inguruan duen ikuspegia helarazten. Asko ikasten ari gara harekin. Gogorra izan behar duenean ere izaten da, baina helburu edo arrazoi batekin. Txantxak ere egiten ditu, aukera dagoenean.

NBAn jokatzea aukera bat edo amets bat da zuretzat?

Esango nuke biak direla. Beste denboraldi baterako kontratua dut hemen, eta gustura nago. Baina ez dut aterik ixten. Hori bai, ez da orain nire ordezkariekin bilatzen edo aztertzen ari naizen zerbait. Lasai nago alde horretatik.

Datorren urtean Olinpiar Jokoak izango dira Tokion. Bertan egoteko aukerak ikusten dituzu?

Urratsez urrats joan nahi dut. Udan Munduko Txapelketa jokatuko da, eta ea bertan egotea lortzen dudan. Horretarako, denboraldi amaiera ona egin behar dut, eta gogor lan egin.

Birrintze ikusgarriak egiten ari zara sasoi honetan. Zein sentipen izaten dituzu halakoak egitean?

Saskibaloia maite dut, eta uste dut birrintzeak direla jokaldirik ikusgarrienak. Gustuko dut zaleek horretaz disfrutatzea. Horregatik egiten ditut, eta batez ere poza eta energia sentitzen dut egiten ditudanean.

Zer moduz bizi zara Gasteizen?

Pertsona lasaia naiz, eta hiria halakoa izanda, gustura nago. Lasaitasun horrek laguntzen dit atseden hartzen eta arreta osoa saskibaloian jartzen. Gainera, hiriak asko bizi du saskibaloia. Nire kirol ibilbiderako oso aproposa da, batez ere ondoan nire neska-laguna eta txakurra izanda.

Nolakoa da zure eguneroko bizimodua?

Jaiki, gosaldu eta pabiloira etortzen naiz, gimnasioko lana egitera. Gero, entrenatu, eta etxera itzultzen naiz. Egun asko ematen ditugunez bidaiatzen, hemen nagoenean etxean egotea gustatzen zait, bideo jokoetan jokatzen; are gehiago eguraldi txarra egiten badu. Ona eginez gero, berriz, bikotekidearekin eta txakurrarekin paseatzera ateratzea gustatzen zait. Salburuko hezeguneetatik gertu bizi gara, eta handik ibiltzen gara, baita hiriko parkeetan ere. Izan ere, asko maite dut natura. Atsegin dut, era berean, hemengo gastronomia, eta jatetxeak. Gehien gustuko dudana arrautzak boilurrekin eta hirugiharrarekin dira; baita txuleta, urdaiazpikoa eta barazkiak ere.

Jendeak ezagutzen al zaitu?

Bai. Hain garaia naizenez, ezagutzen ez nautenek ere esaten didate: «Zu Baskoniako jokalaria al zara?». Jendea oso jatorra eta gertukoa da, eta beti ematen dizkidate animoak, baita galtzen dugunean ere. Zoragarriak eta oso gertukoak dira.

Zu edo edo zure txakurra ezagutzen dute gehiago? Izan ere, sare sozialetan maiz jartzen dituzu haren argazkiak

Askok ezagutzen dute, egia esan. Zale ugarik esaten didate:«Maite dugu Piwie». Niretzat oso polita da hori, oso berezia baita txakurra.

Zenbat tatuaje dituzu?

Ez nuke jakingo zenbat. Bi besoak beteak ditut, eta orain bularraldean egiten ari naiz beste bat. Azkena duela hilabete egin nuen. Bat egiten dudan bakoitzean, azkena izango dela esaten dut, baina beti izaten dut beste bat egiteko gogoa.

Zein da zure ametsa?

Txikitan saskibaloian jokatzearekin amesten nuen; orain, berriz, tituluak irabaztearekin. Dena emango nuke Baskoniarekin bat lortzegatik, ahal bada sasoi honetan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna