Gasteizko jaiak. ATERKIAREN BABESPETIK

Tradizioaren izenean?

Zezenketen aurka ATEA elkarteak atzo Gasteizen egindako elkarretaratzea.
Zezenketen aurka ATEA elkarteak atzo Gasteizen egindako elkarretaratzea. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS

Edurne Begiristain

2014ko abuztuak 6
Nazio baten handitasuna eta aurrerabide morala animaliekiko tratuaren arabera epaitu daitekeĀ». Mahatma Gandhiren esaldia letra larriz idazteko eguna da gaur [atzo] Gasteizen. Noiz eta zezenketak Andre Maria Zuriaren jaietako egitarauan ageri diren egunean. Noiz eta gure hiriko Blusa eta Neskek zezenetarako joan-etorria egunero egiteari ekiten dietenean. Noiz eta animalien sufrimenduaren inguruan ospakizun eta festa giro zentzugabea hasten denean. ATEA animalien eskubideen aldeko elkarteak elkarretaratze batekin gogoratu digu: ospa ditzagun jaiak animaliak torturatu gabe.

Tradizioaren izenean animaliei sufrimendua eragiten diegun herri bat gara. Horretan beste herrien pare gaude. Pare-parean. Ez gara hobeak. Ez. Besteak bezalakoak gara. Baita Gasteizen ere. Asto lasterketa antolatzen dugu Santiago egunean, eta zezenketak eta bigantxak Andre Maria Zuriaren jaietan. Tradizioaren izenean dena, hori bai. Horretan ere Gasteizek markak hautsi ditu: Green gara, baina animaliak torturatzeko dirua ematen dugu.

Baina egiari zor, Euskal Herriko beste hainbat tokitan ez bezala, zezenketarako ohitura gutxi dago Gasteizen. Eta diotenez, zaletasun handirik ez da egon sekula. Andre Maria Zuriaren jaietan zezenketara doazenak lau katu omen dira. Blusa eta Neska gehienek, esaterako, zezenetarako joan-etorria egiteko ohitura dute, baina gero ez dira plazara sartzen. 3.300 blusa eta neska inguru daude, baina horietatik 300 batek baino ez dute zezenetarako bonua eskuratu aurten. Egin kontu. Idoia Garmendia Gasteizko alkateordeak iaz aitortu zuen zezenketara espero baino jende gutxiago joaten zela: datuen arabera, zezen plaza gehien bete zen eguna abuztuaren 7a izan zen, 3.232 ikuslerekin: guztira, %41,26ko okupazioa. Erdia baino gutxiago.

Baina datuak datu, zezenketetarako dirua bideratzen jarraitzen du urtero Gasteizko Udalak. Eta hori gutxi balitz bezala, zezen plaza berri bat ere badugu 2006tik: Iradier Arena. Zezenak torturatu eta hiltzeko ez ezik, kontzertuetarako eraikina ere omen da. Ordea, ez du lortu arrakasta ez musikarekin, ez zezenketekin ere.

Tradizioa omen da gakoa. Tradizioaren eta ohituraren izenean antolatzen direlako zezenketak gure hirian. Animalia bakar bati mina eta sufrimendua eragin gabe, festa egitea ezinezkoa izango balitz bezala. Gure tradizioen seme-alabak gara, baina ez haien morroi.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna