Ramon Zubizarreta 'Landakanda' pandero jolea hil da, 88 urterekin

Iñaki Garmendia 'Laja'-rekin bikote ezaguna osatu zuen, baina beste soinu jole batzuekin ere aritu zen. Hainbat disko grabatu zituen

Ramon Zubizarreta Landakanda, 2012an. ANDONI CANELLADA / FOKU.
mikel lizarralde
2021eko irailaren 26a
00:00
Entzun
«Ramoni ez zaio ezer falta. Panderista onak ondo kantatu behar du, panderoa ondo jo behar du, eta jendearekikoa izan behar du. Hirurak dira inportanteak, eta Ramon punta-puntakoa da horietan, jotzen, kantatzen eta lagun izaten». Iñaki Garmendia Laja soinu jole eta lagunaren hitzek ezerk baino hobeto laburbiltzen dute zer izan den Ramon Zubizarreta Landakanda trikitiarentzat. Biek bikote oso ezaguna osatu zuten urteetan, eta Laja hil eta bi urtera zendu da Landakanda, 88 urterekin.

Azkoitiko (Gipuzkoa) Landakanda baserrian jaio zen Ramon Zubizarreta, 1932an, eta 18-19 urterekin aritu zen aurrenekoz jendaurrean, hasieran gurasoen iritziaren kontra: «Gaizki ikusita zegoen, parrandarekin lotzen zelako. Baina parrandan egon beharra dago, derrigorra da. Nik ere makina bat ordu pasatu ditut, baina... lanean!». 26 urterekin ezkondu, eta utzi egin zion plazan jotzeari, garai hartan trikitia ez baitzegoen ondo ikusia. 40 urte zituela, berriz, Juan Garate Alkorta Maltzeta soinu jolea joan zitzaion harekin jo zezan eskatuz. Omenaldi batean aritu ziren biak, eta, handik aurrera, Landakandak ez zion jotzeari utzi.

Hainbat soinu jolerekin jo izan zuen lehen urteetan (Pikua, Zendoia, Epelde, Eleuterio Tapia), baina Lajarekin lortu zuen inorekin baino oihartzun handiagoa, Laja eta Landakanda bikotea osatuta. Miel Anjel Elustondok idatzi eta Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak 2011n argitaratutako liburuan (Landakanda. Panderoaren erregea), Lajak berak azaldu zuen zergatik aukeratu zuen Landakanda bikotea osatzeko: «Hain garbi kantatzen zuen, izan ere! Batzuei ahotsa aditu bai, egiten zaie, baina ez dute behar bezala ahoskatzen».

1977an argitaratu zuten lehenengo diskoa (Trikitixa), eta segidan beste hainbat etorriko ziren: Laja eta Landakanda (1981), Pepe Yanciren omenez (1986) eta Gure oroitgarri (1994).

Bihar egingo diote hileta, 19:00etan, Azkoitiko Andre Mariaren parrokian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.