Fernandez eta Iriart finalerdietara Nafarroako txapelketan eta Xilaban

Eneko Fernandezek 347 puntu lortu ditu, eta haren atzetik Endika Legarra sailkatu da. Patxi Iriarten ondoren (416,5) Aitor Servier geratu da

Eneko Fernandez irabazlea, Izaban kantari. NAFARROAKO BERTSOZALE ELKARTEA.
Andoni Imaz.
2021eko urriaren 3a
00:00
Entzun
Iazko geldialdiaren ondoren, bertso txapelketak martxan dira. Atzo, Nafarroako Bertsolari Txapelketako lehen final-laurdena izan zen, Izaban; herri horrek aurreneko aldiz hartu zuen txapelketako saio bat. Ehun bat lagun elkartu ziren zinema aretoan. Eneko Fernandez izan zen irabazlea, 347 puntu lortuta. Xilaba Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako txapelketako hirugarren kanporaketa ere jokatu zuten, Hiriburuko La Perle aretoan (Lapurdi). Han, Patxi Iriart nagusitu zen, 416,5 punturekin. Hortaz, bi bertsolariak hurrengo fasera igaroko dira: finalaurrekoetara.

Izabako saioan, Endika Legarra geratu zen bigarren (315,5), eta haren atzetik sailkatu ziren Julen Zelaieta (305), Patxi Castillo (300,5), Idoia Granizo (292) eta Aitor Irastortza (272,5). Alaitz Rekondo ibili zen gai jartzaile.

Iriarteren atzetik, Aitor Servier izan zen bigarrena Hiriburun (410,5). Honako hauek izan ziren hurrengoak sailkapenean: Kerman Diaz (399), Iker Altuna (382,5), Josu Txoperena (359,5) eta Pettan Prebende (319,5). Antton Lannes aritu zen gai jartzaile.

Bizkaiko txapelketa, gaur

Bi txapelketetako hurrengo saioak datorren larunbatean izango dira. Nafarroako txapelketako bigarren final-laurdenean, Saioa Alkaiza, Urko Gartzia, Eneko Lazkoz, Alazne Untxalo eta Ekhiñe Zapiain bertsolariak ariko dira kantuan, Tafallako kultur etxean, 17:30ean. Xilabako laugarren eta azken kanporaketa saioa Gabadiko (Nafarroa Beherea) herriko gelan egingo dute, 17:00etan. Amets Arzallus, Odei Barroso, Maindi Murua, Maddi Sarasua, Johaine Sarraillet eta Egoitz Zelaia ariko dira han.

Bizkaiko Bertsolari Txapelketa gaur hasiko da, Durangon jokatuko duten kanporaketa faseko lehen saioarekin; San Agustin kulturgunean, 17:00etan. Kanporaketako beste saioetan bezala, sei bertsolari arituko dira kantuan: Ibon Ajuriagojeaskoa, Iruri Altzerreka, Beñat Bilbao, Ander Elortegi, Asier Galarza eta Inazio Vidal.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.