Lizarra-Garazik 20 urte. Sorrera

Abertzaleak ados zirenekoa

Duela hogei urte, hainbat euskal eragilek Lizarrako Akordioa sinatu zuten, lurraldetasuna eta indarkeriarik eza ardatz zituztela. Edukiaren oinarria EAJk eta HBk lehenago adostutako testu bat da

Lizarrako Akordioaren sinatzaileak, 1998ko irailaren 12an, Lizarran, egitasmoaren berri emateko egindako agerraldian.
Lizarrako Akordioaren sinatzaileak, 1998ko irailaren 12an, Lizarran, egitasmoaren berri emateko egindako agerraldian. JAGOBA MANTEROLA

Enekoitz Esnaola -

2018ko irailak 13

Atzo hogei urte sinatu zuten Lizarrako Akordioaren adierazpena 23 euskal eragile politiko, sozial eta sindikalek. Historikoa izan zen, funtsean abertzaleen arteko lehen ituna zelako. Lurraldetasuna, hitza eta erabakia, burujabetza eta indarkeriarik eza jaso zituzten ardatz gisa. Edukiak bederatzi egun lehenagoko akordio batean du oinarria: EAJk eta HBk 1998ko irailaren 3an sinatutakoan. Biok gero hasi ziren Lizarrakoaren sinatzaileetako izandako eragile nagusiei aurkezten, proposamen gisara, eta, garrantzirik gabeko hitzen bat eta puntuazioa salbu, testuak ez zuen aldaketarik izan: huraxe aurkeztu zuten irailaren 12an, Lizarran (Nafarroa).

EAJtik, orduan halako kontuetan zebilen hirukoteak izenpetu zuen HBrekin lortutako akordioa: Joseba Egibarrek, Juan Maria Ollorak eta Gorka Agirre zenak. HBtik: Arnaldo Otegik, Iñigo Iruinek eta Joseba Permachek. Otegik eta Permachek urte erdi pasa zeramaten HBko Mahai Nazionalean —Mahai Nazional kartzelatuaren lekukoa hartu behar izan zuten—, eta Iruin laguntzen izan zuten EAJrekiko elkarrizketetan, Otegik hala eskatuta. Sei urte lehenago, Iruinek parte hartu zuen EAJren eta HBren lehen elkarrizketa ofizialetan, eta orduan ere Egibar, Ollora eta Agirre izan ziren jeltzaleen ordezkariak —HBtik, besteak, Jon Idigoras eta Floren Aoiz—. Bederatzi bilera egin zituzten 1992an: hizketan jardun zuten Espainiako Estatuaren eta Euskal Herriaren arteko gatazka gainditzeaz, burujabetzaz, bakeaz eta normalizazio politikoaz, baina ez ziren ados jarri, artean ez zegoelako baldintzarik, bi alderdien esanetan. Gainera, «nagusiki iraganaz» aritu ziren. 1995ean ere egin zuten bilera bat HBk eta EAJk, baina ezer ez. 1998a iritsi zen arte.

«Testuinguruak garrantzia» zeukan bide berriak urratzen hasteko, Iruinen arabera: Espainiako Estatuak estrategia aldatu edo berritu zuen ezker abertzalearen eta ETAren aurka egiteko, Justizia sistema ere erabiltzen hasi baitzen. Iruinek aipatzen duen testuinguruaren zantzuak gero eta ageriagoak ziren: 1997an, Auzitegi Nazionalak Mahai Nazionala espetxera bidaltzeaz gain —ETAren Alternatiba Demokratikoa zabaltzeagatik—, Egin egunkaria eta Egin irratia itxi zituen 1998ko uztailean. Ondotik etorri ziren auzitegietako neurri gehiago: 18/98 auziaren sakontzea, legez kanporatzeak, aldaketak Zigor Kodean, Auzitegi Nazionalaren funtzio berriak, Egunkaria ixtea... Dena ETA da teoria gailen. 7/2003 legea ere garai hartakoa da, PPren gobernuak bultzatutakoa. «Guk 1998an aurreikusten genuen Madrildik eraso handia zetorrela. Beraz, uste genuen fase politiko berri bati ekin behar zitzaiola Euskal Herrian», esan du Iruinek. Egibarrek ere aipatu du estatuaren «oldarraldia», «hedabideena barne».

Ikusita nola joan ziren 1997a eta 1998 hasiera, zaila zirudien Euskal Herrian aro politiko berri bat hastea: besteak beste, ETAk Miguel Angel Blanco, Jose Luis Caso, Jose Ignacio Iruretagoiena eta Alberto Jimenez —eta haren emaztea— PPko zinegotziak hil zituen; Madrilek preso sartu zuen HBko zuzendaritza osoa...

Ajuria Eneko Itunaren amaiera ere orduan heldu zen, ordea, eta Egibarrek garrantzia ematen dio: «1998an izan zen haustura, martxoaren 17ko bileran. [Jose Antonio] Ardanza [Jaurlaritzako] lehendakariak plan bat aurkeztu zuen urtarrileko bilkuran, eta han esaten zen Madrilek errespetatu egin beharko zuela alderdien arteko negoziazioan adostutakoa, betiere ETA su-etenean zela. PSEk eta PPk ez zuten ontzat jo, eta orduantxe bukatu zen Ajuria Eneko Ituna». EAJko ordezkariaren esanetan, Jaime Mayor Oreja (PP) Espainiako Barne ministroak jada uste zuen jeltzaleak zerbaitetan ari zirela ezker abertzalekoekin; «ez dakit gu izan gintuzten zaintzan, baina HBkoak bai».

PSE-EEk, gainera, makina gehiago behartu zuen, Egibarrek dioenez: PSEk nahi zuen legebiltzarkideek men egitea Espainiako Konstituzioari, eta, haien asmoa ez zenez aurrera atera, 1998ko ekainean hautsi egin zuen EAJ eta EArekin zeukan koalizio instituzionala.

Sintonia onean

HB eta EAJ artean ez zebiltzan eduki zehatzekin bileretan, baina kontuan hartzekoa da garai haietan ados jartzen hasiak zirela Eusko Legebiltzarrean, beste batzuekin batera: Kirol Legearen onarpena, Trebiñuren integrazioari buruzko proposamena edota euskal presoen eskubideen aldeko ekinbideak. Gainera, HBk sustatuta, Irlandako foroa martxan zen ekainetik, EAJ ere han zela. Halaber, Egibarrentzat «inportantea» da 1998ko uztailean EAJk Bartzelonako Adierazpena sinatu izana CiU eta BNGrekin. Bestetik, ELA eta LAB lankidetzan ari ziren 1995etik, eta ELAk agortutzat jo zuen EAEko Estatutua 1997ko urriko mobilizazio batean.

Justuki, EAJren eta HBren ordezkaritzak 1998ko otsailean bildu ziren aurreneko aldiz; ondo samar hasieratik. Iruinek dio faktore pertsonalak ere eragin zuela. Uste du mintzaideek, aldeak alde, bat egiten zutela abertzaletasunari eta nazio eraikuntzari buruzko ikuspuntuetan: «kimika bat zegoen». Ados dago Egibar. EAJkoa 1997 bukaeran hasi zen Otegi ezagutzen: «Mahai Nazional osoa espetxeratu aurretik, HBn galdetu nuen ea zein izango genuen kontaktu berria, ala espetxera joan beharko genuen haiekin hitz egitera. Esan zidaten izango genuela kontaktua; Otegi azaldu zen».

Irailera artean, hamabi aldiz batzartu ziren Iruin, Permach, Otegi, Egibar, Ollora eta Agirre. Donostian, Igeldo aldeko etxe batean —EAJko militante batena—.

Han, ja bilera batzuk eginda zeudela, urte berean, paraleloki, ETA eta EAJ hartu-emanean hasi ziren —baita EA ere—. ETAk bilera baterako proposamena egin zien udaberrian, eta uztailaren 30ean bildu ziren aurrenekoz EAJ eta ETA —EA eta ETA ere bai—. Jeltzaleen artetik, Agirre eta Egibar. «Espainiarekiko gatazkan aro berri bati ekiteko asmoz», erakunde armatuak «oinarrizko akordioa» sinatzeko proposamena aurkeztu zien: Euskal Herriko instituzio bakar eta burujabea eratzea; EAJk eta EAk bertan behera uztea PPrekiko eta PSOErekiko akordioak; ETAk su-eten mugagabea emateko konpromisoa... Bi alderdi politikoek abuztuaren 13an helarazi zioten erantzuna: baietz, baina akordioa garatzeko baldintza batzuekin —burujabetza prozesua denen artean aztertu behar zela eta berez inor ez zela baztertu behar instituzioetan—. EAJk eta EAk urrian jaso zuten ETAren hurrengo idatzia, nahiz eta egun zehatzik gabeko iraileko data zeukan. Idatzia jaso zutenerako, martxan zegoen Lizarrako Akordioa: irailaren 12tik, Igeldoko testuarekin.

Ezartzeko asmorik gabe

«HBk eta guk adierazpen modura egin genuen irailaren 3ko idatzia, baina azkenean hura izan zen Lizarrako Akordioaren edukia», dio Egibarrek. HBkoek ere esaten dute ez zutela beste eragileei ezartzeko asmorik. EAJkoak gogoan du Igeldoko etxean ez zegoela idazteko makinarik ere, eta eskuz aritzen zirela. Ollorak prestatu zuen zirriborroa, eta Iruinek dio berak «ñabardurak» egin zizkiola. Lanketa bizi baten ostean, dokumentua Igeldon.

EAtik, Rafa Larreina zen ETArekin hizketan aritu zen kideetako bat, eta esan izan du harekin ez zutela akordio bat itxita, baina hala ere euskal eragileek abian jarri zutela Lizarrakoa. Egibarren esanetan, EAJk zuzenean ez zekien ea ETAk ontzat joa zuen Igeldoko edukia, «baina HBkoek esaten zuten aldaketa zetorrela, su-eten bat egon zitekeela». Erakunde armatuak uztailaren 30eko bilkurako idatzian aipatu zien EAJkoei eta EAkoei menia lau hilabetekoa litzatekeela hasiera batean. HBkoentzat garrantzitsuak ziren erakunde armatuak eta beste bi alderdiek izandako bi bilkurak, eta iritzi zion Igeldoko mahaiko mamia zehaztu behar zela.

Iñigo Iruin, joan den astean, Donostian, EAJk eta HBk 1998ko irailaren 3an lortutako akordioarekin. / Enekoitz Esnaola.

ETAk Lizarrako Akordioaren aurkezpenetik lau egunera jakinarazi zuen su-etena indarrean jarriko zuela 48 ordura —lehen aldiz «mugarik gabekoa»—. 1995ean, «KAS Alternatiba gaurkotzearen ondorioz», eskema berri bat plazaratu zuen Alternatiba Demokratikoan: hitza herriari ematea aldarrikatzeaz gain, planteatutako negoziazio gune batean euskal eragileak lirateke protagonista, autodeterminazio eskubidearen garapenerako eta egitasmo nazional batzuetarako.

Egibarrek azpimarratu du giltzarri izan zela Igeldoko adierazpena «politikarien» artean egin izana: «Ez zegoen aparteko zaintzarik inon. Gero, ETArekin egon ginenean, nik antzeman nuen dokumentuaren aitatasuna ez zuela oso gustuko. Dokumentuan esaten da indarkeria mota guztiek desagertu egin behar zutela, eta azkenean horrek ETAri amaiera bat finkatzen zion».

Seikoteak ez zuen irailaren 3an bertan izenpetu testua, urriaren 2an Lizarrako Akordioaren sinatzaileek Donibane Garaziko bilera egin ondoren baizik. Igeldoko dokumentuak Lizarra Garazi Akordioa dakar goiburuan, eta ez dauka Lizarrako Akordioak mamiaren aurretik Ipar Irlandako bake itunari buruz dituen azalpenak. Egibar: «Oroigarri bat beharko genuela esan genuen, eta, halaxe, seiok sinatu eta bakoitzak ale bat hartu zuen». Iruin abokatuak, adibidez, ondo gordea du bulegoan, koadro batean.

«Ilusioz» ekindako bidea

Bi argazkiren argiak eta itzalak

Nazio kontzientzia

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna