Erresuma Batuko hauteskundeak. Emaitzak

Johnsonek 'brexit'-a gauzatzeko gehiengo osoa lortu du bozetan

Toryek 364 diputatu lortu dituzte, eta Corbynek iragarri du laboristen gidaritza utziko duela. SNP 35 eserlekutik 48ra pasatu da: Sturgeonek bigarren independentzia galdeketa egiteko asmoa berretsi du

Johnsonek 'brexit'-a gauzatzeko gehiengo osoa lortu du bozetan.
ander perez zala
2019ko abenduaren 14a
00:00
Entzun

Hiru urte eta erdiren ostean, brexit-aren prozesuak bide argia du. Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak garaipen ikusgarria lortu du, eta irteera gauzatzeko behar zuen babes zabala eman diote boto emaileek: toryek 364 diputatu izango dituzte Komunen Ganberan, duela bi urte baino 46 gehiago. Hortaz, Erresuma Batua beranduenez datorren urtarrilaren 31n aterako da Europako Batasunetik (EB).

Lehen ministroa pozarren agertu zen atzo hauteskundeen balorazioa egiteko agerraldian, eta kanpainan zabalduriko mezua errepikatu zuen: brexit-a gauzatuko duela. «Britainiako herriaren erabakia gezurtaezina eta eutsiezina da. Ez dut huts egingo. 1980ko hamarkadatik izan ditugun emaitzarik onenak dira». Agintariak, gainera, erreferentzia egin zion atzoko bozetan irekita zegoen beste aukerari : «Emaitza hauek beste galdeketaren mehatxu zitala amaiarazi dute».

Johnsoni ezin hobeto atera zaio hauteskundeetara deitzeko apustua. Theresa Mayk 2017an galdu zuen gehiengo osoa berreskuratzeaz gain, David Cameronek 2015ean lortu zuena baino babes handiagoa jaso du, batez ere Ingalaterra erdialdeko eta iparraldeko barruti laboristetan lorturiko babesagatik. Hor zegoen bozetako gakoa, horma gorria deituriko eremuan: historikoki Alderdi Laboristaren alde egin dute, eta 2016an EBtik ateratzeko botoa eman zuten. Herenegun gauean, beraz, Bruselarekiko iritzia gailendu zitzaion boto ideologikoari, eta herritar askok toryen alde egin zuten lehen aldiz.

Boto aldaketa horrek azaltzen du Alderdi Laboristak hartu duen kolpea. Johnson agintetik kentzeko asmoa zuen, baina kontrakoa gertatu zaio Jeremy Corbyni: 59 barruti galdu ditu, 203rekin geratzeraino. Toryek hondoratu egin dute alderdia, eta, beherakada horren errua brexit-ari dagokion arren, laboristen buruzagiaren figurak eragin duen polarizazioa ere erabakigarria izan da atzoko emaitzetan. Porrota aitzakiarik gabekoa izan da, eta Corbynek jakinarazi du alderdiaren gidaritza utziko duela.

Ingalaterran izan da nabarmenena toryen garaipena, eremu horrekin bakarrik nahikoa izan baitute gehiengo osoa eskuratzeko: 2017an baino 48 eserleku gehiago lortu dituzte, 344 guztira. Kontrara, laboristek han izan dute galerarik handiena, atzo galduriko 59 eserlekuetatik 47 nazio horretan galdu baitzituzten, 180rekin geratzeraino. Gehiena Ingalaterran zegoen jokoan, Erresuma Batuko herrialderik populatuena baita, eta hark bidaltzen baitu ordezkaritzarik handiena Komunen Ganberara.

Boto emaileen agindua

Eskozian, agintean dagoen alderdia nagusitu da, Eskoziako Alderdi Nazionala (SNP), aldea nabarmen handituta. 2017an galdu zituen eserleku gehienak berreskuratu ditu, eta, hamahiru diputatu irabazita, Komunen Ganberan oposizioko bigarren alderdia izango da, 48 ordezkarirekin.

SNPrentzat, emaitzak paregabeak izan dira, eta datozen hilabeteotarako talka handia espero da Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroaren eta Johnsonen artean, bigarren independentzia galdeketaren inguruan. Sturgeonen iritziz, herenegungo emaitzek zilegitasuna eman diote erreferenduma berriz egiteko asmoari, baina Erresuma Batuko lehen ministroak ez du asmorik halakorik egiteko eskumenak emateko; talka horretan, erabakigarriak izango dira 2021eko Eskoziako Parlamenturako bozak.

«Datorren astean, galdeketarako eskumenak jasotzeko auzi demokratikoaren berri emango dugu. Eskoziaren etorkizuna eskoziarren eskuetan egon behar da», adierazi zuena atzo Eskoziako lehen ministroak, emaitzen balorazioa egiterakoan.

Toryei dagokienez, kontrako joera izan dute Eskozian: zazpi ordezkari galdu dituzte, eta sei dituzte orain. Baina galera nabarmenena laboristena izan da; hamarkada luzez Eskozian nagusi izan dira, baina sei eserleku galdu ditu, eta bakarrarekin geratu dira.

Eskoziako beste albistea Liberal-demokratak alderditik etorri da, Jo Swinson buruzagiak bere eserlekua galdu baitu. Gertakari hori eta alderdiaren porrota kontuan hartuta —diputatu bat galdu du, hainbat irabazteko helburua jarri zuen arren—, Swinsonek atzo erabaki zuen alderdiaren buruzagitza uztea. Kanpaina hasieran babes handia zuen arren, erabaki txarrek kalte egin diete liberalei; brexit-a galdeketa gabe gelditzea proposatzeak, kasurako.

Galesen nagusi dira oraindik laboristak, baina sei eserleku galdu dituzte: 22rekin geratu dira, 2016ko galdeketan EBtik irtetearen alde bozkatu zuten barrutiek kontserbadoreen alde bozkatu baitzuten han ere. Toryek kopuru bera irabazi dute, eta hamalau eserleku lortu dituzte; Plaid Cymru alderdi nazionalista eserleku kopuru berarekin geratu da: lau.

DUP, galtzaile

Ipar Irlandan, galtzaile nagusia Alderdi Demokratiko Unionista izan da (DUP). Ordezkaritzarik handiena lortu duen arren —zortzi diputatu—, bi galdu egin ditu, eta horietako bat bereziki mingarria izan da, Sinn Feinek Nigel Dodds DUPen buruzagiordea eta Westminsterreko buruzagia garaitu baitu Belfast Iparraldea barrutian. Eta, toryek gehiengoa lortu dutenez, ez dute Londresen eragiteko aukerarik.

Alderdi errepublikanoak zazpi ordezkariei eutsi die, eta pixkanaka murrizten ari da unionistekiko duen aldea. Izan ere, alderdi nazionalistak eta europazaleak ados jarri ziren boto taktikoaren inguruan, eta horrek ahalbidetu du bai DUPen galera eta bai SDLP Komunen Ganberara bi ordezkarirekin itzuli izana. Aliantza Alderdiak ere eserlekua berreskuratu du, unionisten kalterako.

DUP toryen sostengua izan da azken bi urteotan, eta horrek kalte egin dio: Ipar Irlandako herritar gehienak EBn geratzearen alde agertu ziren, baina alderdi unionistak brexit-a defendatu du.

Horregatik, herenegungo emaitzek eragina izango dute Ipar Irlandako Gobernua osatzeko negoziazioetan: laster hiru urte beteko dituzte gobernurik gabe, eta, etzi, DUP eta Sinn Fein berriz elkartzekoak dira. Herenegungo emaitzei erreparatuta, bi indar politikoek beste jarrera batez hasi beharko dituzte hizketak: DUPen eragiteko gaitasuna murriztu egin da, eta nazionalista irlandarrak gehiengo izan dira lehenengoz boz batzuetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.