Seaskak 50 urte. Euskara. Xan Aire. Seaskako hizkuntza proiektuaren koordinatzailea

«Ikastolak ekosistema inplikatuago baten parte izan behar du»

Euskalduntze prozesuan ikastola elementu bat soilik dela dio Xan Airek. Seaskaren 50. urteurrena baliatuta euskalgintzan bakoitzaren rola zehazteko gogoeta zabal bat irekitzeko beharra ikusten du.

Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2019ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Euskaraz Bizi programa 2000ko hamarkada hasieran sortu zuten ikastoletan, euskararen erabilera lantzeko. Seaskaren hizkuntza proiektuan egokitu dute, buraso eta profesionalen arteko hitzarmen baten bidez. Ahozkoa lantzea du erdigune, profesionalen eta burasoen heziketan eta ekintzan urratsak egiteko. Xan Aire (Urepele, Nafarroa Beherea, 1984) da koordinatzailea Seaskan. Ikastolen egitekoaz ez ezik, euskalgintzaren egoeraz ere aritu da.

Nola aldatu da garairik garai Seaskaren publikoa?

Hautua egin da publiko zabalagoeta ondorioz erdaldunago bati zabaltzeko; horrek ekarri du aldaketa bat hizkuntzaren erabileran. Aldi berean, ikastolak hein batean normalizatu badira ere, gaur egun ez da normala ogi bat euskaraz erostea. Gizartean baditugu gabeziak betetzeko.

Ikastolan euskarak duen lekua eta gizartekoa ezin dira bereizi.

Gizarteari irekiak gara, eta gizarteko eragina bizi dugu ikastoletan. Horretan funtsezkoa da murgiltzea. Beharbada, garai batez uste genuen eskolarekin bakarrik konponduko zela euskararen osotasunaren gaia, baina hor ikusten dugu murgiltzea bera oinarri bat dela, saihetsezina, hori gabe zaila dela gaurko testuinguruan aitzina joatea euskaraz, eta horrek eskatzen duela inguruan esku hartze espezifikoago bat.

Erran daiteke ikastoletako ikasle kopurua emendatu ahala euskararen presentzia apaldu dela?

Ez doa berez, ez da faktore bakarra. Ikusi behar da familia tipologia aldatu den. Talde profesionalaren esku hartzeari begiratu behar zaio, eta zer inguru soziolinguistikotan bizi garen. Irakasleek erraten dute ez dela batere ofizio bera Azkaraten edo Donibane Lohizunen. Pentsatzen dut hastapenetik hala izan dela. Ikusten ari gara adin bat arte eskolak izaten ahal duela eragina osotasun horretan, eta batez ere erabilera informal eta espontaneo horretan.

Duela hogei urte, ikastoletako aire hartzeetan euskara zen nagusi; egun, tokika, frantsesa.

Aztertu beharko litzateke nola zen posible, zinez hala zen edo gure pertzepzioa zen. Gaur ere, lehen maila arte, gurasoen sentsibilizaziotik, irakasleen esku hartzetik eta gizartean eskaintzak baldin badira, lortzen dira biziki egoera interesgarriak aire hartzeetan. Adin batetik goiti konplikatuagoa da, eskolak ez baitu guk uste genuen eragina erabilera informal eta espontaneo horretan.

Zergatik?

Informala eta espontaneoa... Eskola hala ote da? Ez. 14 urtetan, ontsalaz, 10 urtetan baino hobeki dakigu euskaraz, baina gutxiago erabiltzen dugu. Arrue ikerketak urtez urte frogatu du: erabilerak beheiti egiten du, salbu inguruan eskaintza sendo eta iraunkor bat bada aisialdian, kulturan eta gizarte proiekzioan, eta helduen portaera eta jarreretan. Horrek adin batetik goiti du eragina. Eta, beharbada, hori behar dugu hobeki barneratu, ukatu gabe gure eskolak badituela oraindik gauzak hobetzeko —orain ari gara euskara plan baten inguruan, eta ardatza emana dugu ahozko hizkuntzaren lanketan—.

Aire hartzean frantsesa nagusi izateak zenbateraino eragiten dio murgiltze ereduari? Euskalduntze erronkari?

Luzaz eta anitz tematu gara sentsibilizazio kanpainetan. Badute eragina, baina mugatua. Ikasi dugu adin nahasketak aise eragin handiagoa zuela euskararen erabileran, kanpaina batek baino. Tutoretza sistemak ezarri ditugu. Gure proiektu pedagogikoarekin bat egiten du: haurraren ardura eta autonomia lortu nahi dugu, eta hizkuntzaren erabilera ariketa biziki konkretua da hori lantzeko.

Bada beste faktore bat ere: denbora. Esku hartze berezi batzuk eginez, adibidez, ikasturte hastapenean edo opor txikietatik itzultzean, aktibazio bat gertatzen da; beharrezkoa da, eta lortzen dira gauza biziki interesgarriak.

Dena ezin du eskolak egin.

Hizkuntza batek baditu hainbat funtzio: balio du lan egiteko, jostatzeko, besta egiteko, pentsatzeko, gogoetatzeko... Baina euskaraz lan egiten ikasten dute ikasgelan. Haurra ikastolatik ateratzean, horren jarraipen logikoa ez da besta edo kirola euskaraz egitea, ez. Funtzio sozialago edo informalagoetan, espazio egokiagoak landu beharko ditugu, eta, seguruenik, ez dira eskolaren barruan kokatzen.

Euskalduntze prozesuan bere funtzioa betetzen du ikastolak?

Niretzat, ikastola oinarri bat da, oinarri sendo bat. Zerbaitegatik ari dira beste eskola sareetan murgiltze gehiago esperimentatzen; batez ere, ama eskolan. Murgiltzeak bere funtzioak ekartzen ditu, baina ez guziak. Horregatik, ikastolak behar du izan ekosistema inplikatuago baten parte. Hori hasten da familiarekin eta etxearekin, baina ikusten ari gara gizarte mailan ere beharko ditugula ekarpenak. Gaur egun zer heinetarainoko esku hartzeak dira euskara planak egiteko enpresetan? Esku hartze zuzenagoak behar ditugu. Horri deitzen diot ekosistema inplikatuagoa.

Zenbaterainokoa da irakasle eta gurasoen kontzientzia?

Mendebaldeko zibilizazioan bizi gara, eta eskolari garrantzi handia ematen zaio. Beharbada, hobeki hartu beharko genituzke gurasoen beharrak. Erraten diegu behar dutela inplikatu, bilkuretara joan, talo erretzera joan, Herri Urratsen parte hartu... Baina iruditzen zaigu gurasoek badutela pista konkretu batzuen beharra ikusteko zer egin euskararen presentzia bermatzeko etxean.

Azken urteetan, hasi gara irakasleei begira euskararen gaia aspektu soziologikoan gehiago lantzen, kontzientzia hartzea heziketatik izan dezaten. Oro har, euskararen erabilpena gure muinean izan dadin. Euskaraz Bizi programa bat zen; hizkuntza proiektuak bat egin nahi du hezkuntza proiektuarekin. Gure mugez kontziente izanez, baina kontziente izanez esku hartze zehatz batek anitz ekartzen ahal duela.

Zer garapen espero duzu ondoko urteei begira?

Segitzen badugu esku hartze horiekin, ekarriko dituzte fruituak. Inportanteena da kontziente izatea gertatzen ari denaz, gure ekarpenaz, martxan dena zergatik den martxan. Hor bada jarduera ekintzetan bilketa lan baten beharra. Guraso eta profesionalen saretze bat behar dugu, giro konkretu eta egingarri bat sortzeko euskararen erabileraren gaia bermatzeko. Dimentsio kolektibo hori gabe zailago izanen da. Ez ditugu ahantzi beharko bi elementu: identitatea eta gogoeta. Nor garen eta nora goazen, eta zer diren helburuak.

Euskalgintzaz ari zara, oro har.

Horrek behar du partekatua izan; batez ere, 50 urteren buruan; memento interesgarria da puntu bat egiteko gauza horietaz. Jabetu soziolinguistikak ekartzen dituen argitasunez, eta ikusi lehentasunak eta ardatzak non eman. Erran nahi dut beharbada behar dugula hainbat aktore berriz hartu, bildu, eta problematizatu haien ekarpena hizkuntzarekiko. Eta hor ikusiko dugu gure xantierrean non diren gabeziak. Niretzat, gure artean gauzak berriz argitzea ez da itxaropen edo ezkortasun istorio bat. Lan hori egiten badugu, baldin badakigu nor garen, adostasuna baldin badugu nora goazen kolektiboki xantierrak ongi definituz, ez da esperantza istorio bat. Are, goazen!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.