Galdeketak. Bilakaera Euskal Herrian

Baimenarekin, edo gabe

Azken hamarkadan areagotu egin da galdetua izateko nahia herritarren artean, eta marduldu gaien zerrenda; prozesu parte-hartzaileetarako tresna gisa hartu izan dira.

jokin sagarzazu
2016ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Euskal Herrian ere 2006. urtea mugarri bat da erabakitzeko eskubideari buruzko eztabaidan. Ordura arteko galdeketak, nagusiki erreferendum izaerakoak, gobernuek deituta eta antolatuta egin ziren, eta, Hego Euskal Herrian, Espainiako prozesu konstituziogileekin lotuta: Espainiako Konstituzioari buruz, EAEko Autonomia Estatuari buruz, Europako Konstituzioari buruz... Egin ziren udal mailako kontsultak ere, auzo izandakoak udalerri izateari buruzkoak ugari —frankismoan udalen mapan eginiko zenbait aldaketa egokitzeko— , eta baita maila apalagokoak ere, herrietako azpiegiturekin eta beste loturikoak. 1980. eta 1990. hamarkadetako herri kontsulta ia denak —dozena bat— ofizialak izan ziren eta galdeketetako emaitzak instituzioek bete beharrekoak izan ziren.

Hego Euskal Herrian, Espainiako Erregimen Lokalaren Oinarrizko Legeak (1985) arautzen ditu herri galdeketak; Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluaren onespena behar dute udalerri mailako kontsultek, emaitzak derrigor bete beharrekoak izan daitezen; hala ere, egiten diren asko onespenik gabe egiten dira, iritzi bilketak izaten direlako, ez-lotesleak, nahiz eta gero udalek iritzi hori kontuan hartu. IparEuskal Herrian ere beharrezkoa dute Parisen oniritzia. Udal batzuk ari dira estatuen baimenik gabe kontsultak —ez-lotesleak— egin ahal izateko corpus juridikoak lantzen; Donostia izan da aurrenekoa, baina iaz eginiko araudia indargabetu berri du, behin behinean, EAEko Auzitegi Nagusiak.

Instituzioek beraiek antolatutako kontsultez gain, XXI. mende hasierarekin baterahasi dira ugaritzen gizarte mugimenduek eginikoak, hasi dira zabaltzen herritarren artean galdetuak izateko eskaerak eta gaien zerrenda, eta sortu dira talde horien interesen eta instituzioen arteko talkak. Kontsultak politika egiteko tresna ere bihurtu dira: desobendientziarako, aldarrikapenetarako, salaketarako, protestarako...

Hamar urteko bidea

2005-2010 artean erabakitzeko eskubideak indar berezia hartu zuen Euskal Herrian. Gizarte mugimenduetatik hasi eta instituzioetaraino. Mugarri nagusienetako bat izan da 2008an Eusko Legebiltzarrak onartu zuen Kontsulten Legea, urte berean Espainiako Justiziak indargabetu zuena.

Urte horietan ere abiadura handiko trenaren aurkako taldeek beste dimentsio bat eman zioten euren borrokari, nazio mailako izaera emanez, besteak beste. 2006tik 2010era, Euskal Herri osoko hogei bat herritan egin zituzten galdeketak, Hegoaldean AHT Gelditu Elkarlanak deituta eta Iparraldean CADE talde ekologistak. Galdeketa horietako bakar batek ez zuen gobernuen baimenik jaso eta Hegoaldean auzibideak ere abiatu zituzten horiek sustatu edo lagundu zituztenen aurka —Aramaioko alkatea kargugabetu egin zuten denbora batez; justiziak arrazoia eman zion azkenean—.

Lege babesik gabe, galdeketa horiek egiteko antolatzaileek ezin izan zituzten errolda ofizialak erabili, baina, halere, batez beste, %56,5 izan zen parte hartzea, eta deitzaileek babesten zuten aukeraren aldekoa izan zen emaitza, modu nabarmenean, halako kontsultetan gertatu ohi den legez. Instituziok bete beharrekoa ez izanda ere, talde horiek lortu zuten ordura arte Euskal Herrian gutxitan erabilitako parte hartze ariketa bat martxan jartzea.

Ordutik, polemika iturri izan diren hainbat gai eraman dira kontsultara. Gipuzkoan, esaterako, hondakinen bilketarekin loturikoak. Horietatik hamar Madrilen baimenarekin egin dira, udalek antolatuta. Lehena Usurbilen, 2009an, eta azkena Astigarragan, aurtengo apirilean. Beste zazpi izan dira ez- ofizialak, herrietako taldeek antolatuta.

Parte hartzea handiagoa izan da ofizialetan. Baina, oro har, ez ofizialak egin dira gehiago. 2013an, Nafarroako eta Gipuzkoa artean jarri nahi den tentsio handiko elektrizitate lineari buruz 39 herritan egin zuten galdeketa. Eta aurretik ere egin dituzte beste batzuk, ingurumen gaiekin lotuta, den-denak ez-ofizialak: Iaz, Kuartangon fracking-ari buruz; 2009an, Muskizen, koke plantari buruz; 2008an, Arabako 32 kontzejutan, Lantarongo zentral termikoaz; eta 2002an, Zornotzan, Boroako zentral termikoaz.

Beste gai batzuei buruz ere egin dira galdeketak. Azken bost urteotan, hiru baino ez ofizialak. Karrantzan, zezenketei buruz, 2013an; Deban, Itziarri auzo-udal izaera emateko, 2014an; eta Donostiako Igeldo auzoan, 2013an. Galdeketa hori legezkoa izan zen —auzitegiek hala ebatzita—, baina ez udalak ez aldundiak ezin zuten erabakia bete, EAEko Auzitegi Nagusiaren ebazpenaren arabera. Gai berarekin loturik, Galdakaoko Usansolo auzoan ere egin zuten galdeketa 2014an, baina ez ofiziala. Kasu horietan guztietan parte hartzea, batez beste, %72koa izan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.