78ko Sanferminak Gogoan-ek bere gain hartu du pankarten ardura

Olatz Azpirotz Larzabal.
Iruñea
2018ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
PSOE egin dute erantzule. 78ko Sanferminak Gogoan plataformak agerraldia egin zuen atzo, eta, bertan, Espainiako Gobernuari eskatu zioten Iruñeko hainbat bizilagunen aurkako auzibidea «gelditzeko eta artxibatzeko». 78ko sanferminetan eraildako German Rodriguezen senide eta hurbilekoak batu ziren agerraldira, plataformako hainbat kiderekin batera. Haien izenean mintzatu ziren Presen Zubillaga eta Sabino Cuadra.

Plataformak sei pankarta jarri zituen Iruñeko hainbat etxebizitzatan. Afixa horietan, 1978ko uztailaren 8an Espainiako Poliziak irrati bidez zabaldutako mezuak irakur zitezkeen: «Emaiozue buelta plazari. Prestatu bokatxa guztiak, eta energia guztiekin tiro egin, ahal bezain gogor. Ez diezazuela inporta inor hiltzea». Zigorgabetasun polizialaren amaiera ere eskatu zuten pankartetan, Inpunitateari Stop leloarekin.

Iragan uztailaren 13an, Espainiako Poliziaren deia jaso zuten etxebizitza horietako bizilagunek: polizia etxean deklaratzeko zitazioa eman zieten, «estatuaren aurkako kalumnia» delitua egotzita. Orain arte, iruindar bakar bat joan da deklaratzera, eta uko egin dio Espainiako Poliziaren aurrean hitz egiteari. Epaile baten aurrean soilik hitz eginen duela adierazi zuen. Balkoietan jarritako pankarten «ardura osoa» bere gain hartu du plataformak, eta zitazioak «adierazpen askatasunaren aurkako eraso larriak» direla esan du. Azken 40 urteetan «justizia aldarrikatzeko askotan erabili diren esaldiak» direla argudiatu dute, eta inoiz ez dutela izan «ez zigor polizialik ez judizialik».

Bestalde, Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezen jarrera txarretsi du elkarteak: «PPren aurreko gobernuak sustatutako inboluzio ez-demokratikoaren aurka azaldu bazen ere, hura aplikatu du, neurriz kanpo». Horregatik, auzibideak «gelditzeko eta artxibatzeko» eskatu diote Espainiako Gobernuari; eta, hala egin ezean, «kanpaina irmoa, masiboa eta sendoa» abiatuko dutela ohartarazi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.