Korrika

Herri oso baten hauspoa

Pandemiaren eraginez, Amurrioko herritarrentzat «nahiko konplexua» izan da Korrikaren lehen eguna prestatzeko lanetan aritzea, baina egindako ahaleginak merezi izan du. Herrian ilusioa da nagusi, eta euskarari bultzada bat emateko baliatu nahi dute aukera. Gaurko, egitarau zabala prestatu dute: goizetik izango da jai giroa.

Amurrioko talde eragilea, AEK-n egindako bileretako batean. RAUL BOGAJO / FOKU.
Olatz Enzunza Mallona.
2022ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Dena lotuta dago Amurrion (Araba), gaur arratsaldean Korrikari hasiera emateko. Aitziber Alava Amurrioko AEK-ko irakasleak dio ilusioa kaleetan sumatzen dela, eta antolatzaileek zein herritarrek egunak daramatzate atzera kontaketa egiten: «Ohorea da halako ekitaldi bat prestatzeko aukera izatea; baina, aldi berean, ardura handia izan da».

Joan den urri inguruan hasi zen talde eragilea lehen bilerak egiten, baina, izatez, hiru urte dira Korrika Amurriotik aterako zela jakin zutela: «Sekretupean mantendu behar izan dugu, eta hori gogorra izan da guretzat». Gerora, baina, herritar asko batu dira prestaketa lanetan parte hartzeko gogoz. «Herriko hainbat eragile beti daude prest euskararen alde egiten diren ekintzetan parte hartzeko, eta honetara ere bildu dira; baina, atzetik, boluntario asko dago», kontatu du Alavak. Eginkizun bakoitzerako talde bat osatu dute, eta, hala, errazagoa izan da egin beharreko lanak banatzea. Aitortu du pandemiaren eraginez antolaketa lana «nahiko konplexua» izan dela, baina gustura geratu dira azken emaitzarekin: «Lan karga handia izan da, baina, zalantzarik gabe, merezi izan du».

Goizetik hasiko da jai giroa herrian. 10:00etan txupinazoa botako dute Amurrioko euskaltegitik, eta, gerora, kale animazioa izango da egun osoan. Horrez gainera, azoka ere jarriko dute parkean, herriko eta inguruetako ekoizle eta sortzaileen produktuekin. 13:00etan parrillada egingo dute: «Urdailak bete behar ditugu, korrika egiteko indarrak hartzeko». Handik, Aldats elektrotxarangak plazara bideratuko ditu herritarrak.

Arratsaldeko lauretan abiatuko da Korrikaren hasierako ekitaldia. Eta, 16:30ean, herritarrek luzaroan itxarondako momentua iritsiko da: Korrikari hasiera emango diote. «Amurrion buelta batzuk emango ditu lehenengo, eta, gero, etenik gabe ibiliko da 11 egunez, Donostiara iritsi arte», azaldu du Alavak. Ondoren, Iratxoen kantu sekretuak: Korrika haurrentzako ikuskizuna eskainiko dute herriko antzokian, eta, 18:00etan, Gozategi, Izate Faltsua eta Dupla taldeen kontzertuez gozatu ahal izango da, parkean.

Erabileran eragin behar

Korrikaren hasierako ekitaldiak, baina, festa baino gehiago izateko asmoa du. «Joan den aldian, Garesen (Nafarroa), euskarari bultzada bat emateko balio izan zuen ekitaldiak, eta, hemen ere, gauza bera gertatzea espero dugu. Baikorrak gara», dio Alavak.

AEK-ko irakasleak nabarmendu du azken urteotan «gero eta euskara gehiago» entzuten dela herrian, «baina, oraindik ere, zenbakiak ez dira oso onak». Korrikaz gainera, Euskaraldiaren gisako egitasmoek duten garrantzia goraipatu nahi izan du, eta, aurrerantzean, erabileran eragitea izango da erronka nagusia: «Erabileran egin behar da indarra: konplexu eta lotsak kendu, eta euskaraz hitz egitera ausartu behar dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.