Eskola garraioan euskara aintzat hartzeko eskatu dute

Behatokiak eta Sortzen-ek Nafarroako Hezkuntza Departamentuari eskatu diote «hizkuntza irizpideak» ezar ditzala azpikontratatutako zerbitzuetan

Ion Orzaiz.
Iruñea
2021eko urriaren 13a
00:00
Entzun
Ikasgelatik kanpo ere, D ereduan eskolatutako haurrek euskaraz bizitzeko eskubidea dutela aldarrikatu dute Hizkuntz Eskubideen Behatokiak, Sortzen elkarteak eta Nafarroako zenbait ikastetxe publikotako gurasoek. Zehazki, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari eskatu diote zenbait zerbitzu azpikontratatzeko garaian «euskara ere kontuan har dezatela». Atzo erregistratu zuten eskaera.

Izan ere, ikastetxe publikoetan eskainitako zenbait zerbitzutan—eskola garraioan, esate baterako—, D ereduko ikasleekiko «begirunerik eza» sumatu dute zenbait gurasok. «Garraio zerbitzuaren esleipenetan ez da ezarri hizkuntza irizpiderik, eta haurrek euskaraz bizi eta eskolan euskaraz ikasten duten arren, zaintzaileek askotan ez dakite euskaraz», salatu du Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekak. Hori dela eta, Behatokiak «nahitaezkotzat» jo du zerbitzu horietan «euskara menperatzen duten profesionalak daudela ziurtatzea», zerbitzu publikoen «kalitatea» bermatze aldera.

Bereizkeria lan deialdietan

Bestalde, eremu mistoko lanpostu publikoetan euskara eskatzea edo merezimendu gisara ezartzea juridikoki blindatze aldera, zenbait aldaketa proposatu du Administrazioan Euskaraz taldeak. Nafarroako Parlamentuko taldeei eskatu die Euskararen Legearen 17. artikulua molda dezatela, lan deialdi batean euskaraz jakitea eskatzea ez dadin «inolaz ere diskriminaziotzat jo». Honako hau dio proposatutako testuak: «Euskaraz jakitearen merezimendua ezartzea zerbitzu elebiduna eskaintzearekin lotuta dago. Lanpostu batean edo Lantalde Organiko osoan euskaraz jakitearen merezimendua ezartzea ezin da inolaz ere gehiegizkotzat edo neurrigabetzat jo».

Nafarroako Administrazioetako Langileen Estatutuko 33.2 artikulua aldatzea ere proposatu du Administrazioan Euskaraz taldeak, langile euskaldunek aukera izan dezaten euskara eskakizun ez duten lanpostuak ere betetzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.