Hezetasuna mahats uztaren etsai

Hezetasunak sortu duen mildiu onddoaren eraginez uzta %20-%30 inguru jaits daitekeela espero dute euskal ardogile batzuek. Hori eragozteko eta kalteak ahalik eta txikienak izateko, tratamenduak ugaritzen ari dira azken asteotan. Hala ere, mahatsaren kalitatea ona izatea espero dute, oraindik bi hilabete falta baitira uzta jasotzeko.
JON URBE/ FOKU

Irati Urdalleta Lete -

2018ko abuztuak 10
Eguzkia eta euri gehiago ez egitea. Hori eskatzen dute Euskal Herriko ardogileek. Izan ere, udaberri eta uda hasiera euritsuak kalte ugari egin die. Mildiu onddoa izan da ondoriorik larriena. Onddo horrek erasandako mahatsondoaren hostoei orban horiak ateratzen dizkie, eta, tratatzen ez bada, hostoetatik mahatsetara ere igarotzen da, eta fruituak usteldu egiten ditu.

Aurtengo mahats uztan hori gerta ez dadin, lanean ari diren euskal ardogileetako bat da Ruben Gaubeka, Bakioko (Bizkaia) Abio txakolindegiaren jabea. Kalkulatu duenez, uztaren %25-%30 inguru galduko du eguraldi hezearengatik. «Loretik fruitura aldatzen ari zenean, zirimiria egin zuen bi astez. Euria egin eta hurrengo egunean, eguzkia atera, eta tenperatura igotzen zen. Onddoa hedatzeko baldintzarik onenak dira horiek». Badaki Bakio ez dela Errioxa edo Nafarroa, baina aurtengoa ezohikoa izan dela dio: «Haize kontra goaz beti, baina aurtengo hezetasuna gehiegizkoa izan da, eta lursailarentzat txarra». Aurrerantzean, eguraldi ona egitea eskatzen du, uzta gehiago honda ez dadin: «Nekazari bati aukeratzen utziz gero, zazpi egunetik behin gauez euria egitea eta egunez eguzkitsu egotea nahiko genuke». Hala ere, badaki Gaubekak eguraldiaren aurka ezin dezaketela ezer egin.

Bakio baino lurralde lehorragoan dago Bastida (Araba). Hala ere, hezetasunarekin arazoak izan dituzte Solaguen upategian, Iñigo Rubio arduradunak onartu duenez: «Uda hasierako ekaitzek eragina izan dute, eta onddoak sortu dira eduki ditugun tenperatura epel eta hezetasun handiarengatik. Izan ere, horiek dira baldintzarik onenak mildiu onddoa hedatzeko», dio Rubiok. Aurrerantzean landareak lehortzeko bero egitea eta euririk ez egitea eskatu du. «Mahastian hezetasun gehiago sartzen bada, usteltzeko arriskua dago».

Getariako txakolinak ekoizpenik handiena duen herrietako batean dago Talai Berri txakolindegia, Zarautzen (Gipuzkoa). Hango jabea da Itziar Eizagirre. Uzta ondo zetorrela dio, baina hezetasunaren ondorioz mildiu garatu zitzaiela haiei ere. «Orain kontrolatuta daukagun arren, kalte dezente egin du. Leku batzuk oso ondo daude, baina erreka ondoan edo hezetasuna pilatzen den lekuetan pixka bat ukituta dago». Hala ere, mahats alea heltzen hasten denean gaitza desagertzen dela azaldu du, eta espero du abuztua igaro ahala mahatsaren osasunak hobera egingo duela.

Irulegiko sor-markan ere arazo bera ari dira edukitzen, Elorri Rekak aitortu duenez. Berak Irulegin bertan (Nafarroa Beherea) dauka Bordaxuri upategia, eta mahatsaren %20-%30 galduko dutela iragarri du, eguraldi txarraren ondorioz: «Primaderan eta udan aro txarra ukan dugu, euri anitz egin du, eta hezetasun handia izan da». Hori dela eta, onddoa ere agertu zaie haiei ere. «Mildiu gaitza ukan dugu mahastietan, eta arazo anitz eman dizkigu. Urte zaila izaten ari da». Arazoa konpon dadin, hemendik aurrera eguraldi lehorra eta beroa egin dezala eskatu du Rekak. Eskatzea libre da, are gehiago eguraldi kontuetan. Zoritxarrez ardogileentzat, asteburu lehor bati aste hasiera umel batek jarraituko dio.

Erremedio gogorragoa

Kalte handiagoek erremedio gogorragoa behar dutenez, tratamenduak sarriago egin behar izan dituzte Euskal Herriko ardogileek. Lakarreko Lezaun upategian, Nafarroa sor-markan, ardo ekologikoa ekoizten dute, eta, beraz, ezin dituzte produktu kimiko sintetikoak baliatu mahatsondoen gaitzei aurre egiteko. «Bizi guztian erabili izan diren erremedioak darabiltzagu: kobre sulfatoa eta sufrea, batez ere», azaldu du Edorta Lezaun upategiko buruak. Mahatsondoei arreta handiagoa jarri eta lan gehiago egin behar izan dute; izan ere, erabiltzen dituzten produktuak euria egiten duenean garbitu egiten dira, eta berriro bota behar izaten dituzte.

Kobrea eta sufrea darabiltzate Bastidan dagoen Solaguen upategian ere. Onddo horren aurkako tratamenduak urtero egin behar izaten dituzten arren, aurtengo egoera txarragatik, gehiago egin behar izan dituztela aitortu du arduradunak: «Baldintza normaletan sei edo zazpi tratamendu egiten dira mildiuren kontra, baina aurten nekazari batzuek hamar baino gehiago ere egin behar izan dituzte».

Barnealdean ere bai

Barnealdean ez ezik, kostaldearen ere jarri behar izan diote irtenbidea arazoari. Bakioko Abio txakolindegian ere tratamenduak egin dituzte bai prebentzio moduan, baita sendagai moduan ere, makinak eta produktu kimikoak erabiliz. «Aurreko urteetan baino sarriago tratatu behar izan ditugu, baldintza onak izan direlako onddoa zabaltzeko». Gainera, orografiaren arazoa gehitu zaio hezetasunari: «Mahatsondoak aldapan dauzkagu, eta, euria egiten badu bi egunez jarraian, hurrengo egunean ezin gara sartu. Lursaila bustita eta irristakor egonez gero, traktoreek ere ezin izaten dira ibili. Ahal izan dugun bezala egin dugu lan», azaldu du Gaubecak.

Zarautzen, hezetasunari beste arazo bat gehitu zaio, Eizagirreren arabera: «Euria egiten zuen produktuak botatzeko garaian, eta eraginkortasuna galtzen zuen». Onddo bakoitzak bere tratamendua du, eta, esaterako, kobrea erabili dute aurten hainbeste zabaldu den mildiu onddoaren aurka.

Azken asteen esperoan

Uzta biltzeko oraindik aste batzuk falta direnez —abuztu amaieran has daitezke lekurik lehorrenetan, eta urrira arte itxaroten dute beste batzuek—, zaila da aurreratzea azkenean onddoak zer-nolako kaltea egingo duen. Ekoizpen txikiagoa espero dute Irulegiko arnoaren ekoizleek, baita txakolin egileek ere. «Mahatsa garatzen ari da, eta abuztu erditik aurrera hasten da heltzen. Eguraldi ona behar dugu, fruituak behar dituen azukreak har ditzan», azaldu du Gaubekak.

Gutxi gorabehera, uztaren %25-%30 gal dezakeela dio Bakioko txakolingileak, eta galera espero du Zarauzko Eizagirrek ere. «Jatorri izenak hektareako 13.000 kiloko muga jartzen du, baina guk aurreko urteetan hektareako 8.000-10.000 kilo hektareako jaso izan ditugu. Aurten, 6.000-7.000 kilo inguru jasoko ditugu Talai Berriko mahastietatik». Mahatsa heltzen hasten denean mildiu desagertu egiten denez, espero dute hobera egingo duela.

Baikorragoak dira Nafarroako eta Arabako Errioxako ekoizleak, azken finean, uda lehorrago joaten delako beren lurretan itsas ertzean eta Piriniotako mendi magaletan baino. Lezaun upategian uzta normala izango delakoan dago jabea, eta 5.000-6.000 kilo mahats inguru jasoko dituztela hektareako.

Solaguengo Rubiok, berriz, kantitatez aurreko urtekoa baino handiagoa izango dela aurreratu du, iaz ez bezala, aurten Bastidan izozterik ez baitute eduki. Kalitatez ere, uzta jaso arte ezer txarrik gertatzen ez bada behintzat, joan den urteko berdina edo hobea izango dela dio. Pentsatzen du hektareako 6.500 kilo mahats inguru jasoko dituztela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna