Biktimak izan dira hizpide ETAk jarduera amaitu zueneko urteurrenean

Jaurlaritzak uste du «indarkeria argitzea» eta «erreparazioa» direla egin beharreko urratsak. Grande-Marlaska: «Demokrazia gailendu da»

ETAko hiru kide, 2011ko agiriaren berri ematen. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
gotzon hermosilla
2020ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Bederatzi urte bete dira ETAk jarduera armatuaren amaiera iragarri zuenetik. 2011ko urriaren 20an izan zen hori. Geroztik, ETAk armagabetze prozesu luze bati ekin zion, 2017ko apirilaren 8an azken bururaino iritsi zena, eta 2018ko maiatzaren 3an desegin zen. Euskal Herriko eta Espainiako eragile ugarik adierazpenak egin dituzte urteurrenaren harira; gehienek biktimak izan dituzte gogoan, eta beste zenbaitek aurrera begira egin beharreko urratsak ere aipatu dituzte.

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Bingen Zupiriak esan du ETAren egiturak bertan behera uzteko prozesua «oso denbora laburrean» egin zela, eta hori «positiboa» eta «beste prozesu batzuetarako eredugarria» suertatu zela, baina oraindik badagoela zer konpondu: zehazki, «herri honek pairatu duen indarkeria argitzea» eta «jasandako minagatik biktimei eman beharreko erreparazioa».

PSE-EEren idazkari nagusi Idoia Mendiak esan du ETAren bukaera hari «aurre» egin ziotenen «meritua» dela, eta Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernua, Patxi Lopezena, Espainiako segurtasun indarrak, Espainiako justizia eta nazioarteko kooperazioa aipatu ditu, «nahiz eta batzuk egia okertzen saiatu».

Espainiako gobernuburu Pedro Sanchezek esan du ETAren amaieraren ostean Espainiak aurrerapausoa eman zuela «adiskidetzea, bizikidetza eta adostasuna» lortzeko bidean. Espainiako Barne ministro Fernando Grande-Marlaskak, berriz, esan du «demokraziak eta zuzenbide estatuak» garaitu zutela ETA.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.