Hego Euskal Herrian osasun zerbitzuak bazterrean utzi dituztela salatu du SATSEk

Erizain eta fisioterapeutek elkarretaratzea egin dute, eta profesional gehiago kontratatzeko eskatu diete agintariei, besteak beste

Atzo langileek egin zituzten mobilizazioen argazki bat. SATSE.
jone arruabarrena
2022ko martxoaren 31
00:00
Entzun
SATSE sindikatuak salatu du Nafarroako Gobernuak osasun publikoa alde batera utzi duela «foku informatibo eta soziala» COVID-19ak ekarritako pandemiaren gainean ez dagoenetik .

Hego Euskal Herri osoan protesta egin zuten atzo erizain eta fisioterapeutek, eta «konponbideak» galdegin zizkieten agintariei.

Izan ere, azaldu dute «prekarizazioa» geroz eta handiagoa dela, eta agintariak «besoak gurutzatuta» daudela oraindik egoera ikusita.

Langileen «duintasun laborala eta profesionala» errespetatzeko eskatu dute, eta, horrez gain, adierazi dute administrazioak eta alderdi politikoek «traizio» egin diotela osasun publikoa hobetzeko herritar guztiek daukaten interes orokorrari.

Osasun zerbitzuak hobetzera begira, erakundeei eskatu diete paziente bakoitzeko profesional gehiago kontratatu eta baliabide material zein azpiegiturazkoak ere handitzea.

Gaur egun, Europan batez beste 8,8 erizain daude 1.000 biztanleko, eta Pedro Aicoa SATSEko Nafarroako idazkariordeak azaldu du, esaterako, Nafarroa kopuru horretatik «hurbil» dagoela, baina, hala ere, ez dela nahikoa. «Gehiago hurbildu beharko genuke beste herrialde aurrerakoiago batzuek dituzten kopuruetara; hau da, 14 eta 15 erizain herritar bakoitzeko».

Era berean, esan du fisioterapeutentzako postuak osasun sistema publikoan «oso eskasak» direla. SATSEren aburuz, profesional bat egon beharko litzateke «oinarrizko osasun eremu bakoitzeko».

Erretiroari dagokionez, 60 urte betetzean jubilazioa hartzeko eskubidea aldarrikatu dute, «galera ekonomiko» gabe.

Pazienteen Segurtasun Legea duela urtebete baino gehiago «blokeatuta» dagoela esan dute, eta, azaldu dutenez, horrek eragina dauka herritarren segurtasunean: «Osasun zentro eta zentro soziosanitario guztietan osasun segurtasuna bermatuta egotea eragozten ari da. Erizain bakoitzak gehienez ere berdintasun, kalitate eta segurtasun baldintzen araberako paziente kopurua izan beharko luke».

Osakidetzako langileek ere beste bi greba egun egingo dituzte datozen asteetan, duela egun batzuk iragarri zutenez: apirilaren 8an lehen mailako arretan izango da lanuztea, eta maiatzaren 16an, ospitaleetan eta buru osasuneko sarean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.