SEAk dio bi urtean 9.000 lanpostu sortuko dituela industriak Araban

5.000 baino ez dira izango enplegu berriak, lan merkatutik aterako diren langileen ordezkapenak izango baitira gainontzekoak

xabier martin
2016ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Industriak Araban duen garrantzia nabarmendu nahi izan zuen atzo SEA herrialdeko patronalak, eta sektoreak datozen bi urteetan sortuko dituen lanpostuen berri emanez lagundu zuen helburua. 9.000 enplegu sortuko ditu industriak Araban, datozen bi urteetan; horietako 5.000 enplegu berriak izango direla dio patronalak, eta gainontzekoa, beste 4.000 lanpostu alegia, lan merkatutik aterako diren beharginen ordezkapenak izango dira, erretiroa hartutakoen zuloak betetzeko. Jaime Ugarte SEAko idazkari nagusiak jakinarazi zuen 2016an 2.500 enplegu berri sortuko direla, eta beste 2.000 lanpostu ordezkatu beharko dira. 2017an beste horrenbeste gertatuko dela esan zuen.

Confebaskek aurreko astean ezagutarazi zuen enpresariek «zailtasunak» dituztela lanpostu berriak betetzeko; besteak beste,«jarrera arazoak» topatzen dituztelako hautagaien artean. Bada, Ugartek atzo esan zuen «oraingo erronka» dela lanpostu horiek behar bezala betetzea, eta horretarako «soslai egokiak» behar direla.

Arabako BPGaren %30

SEAko buruak gogoratu zuen industriak Arabako barne produktu gordinaren %30 ordezkatzen duela, EAEko batez bestekoa baino sei puntu gehiago. Halaber, Arabako langileen %27,6k industrian jarduten dute, EAEko batez bestekoa baino zazpi puntu gehiago. Eta, hala ere, azken hamarkadan 14.000 lanpostu galdu ditu sektoreak lurraldean. Horiek berreskuratzeko xedea du SEAk Industria Politikaren Planaren bidez. «Batez ere, enpresa txiki eta ertainentzako plana da; Arabako enpresen %95 dira, izan ere».

Patronalak Sozietate Zerga ukitu nahiko luke, enpresen emaitzei egokitzeko, eta kenkarien politika argitu. Alegia, zerga gutxiago ordaintzea eskatu zuen, eta horri «zerga lehiakorragoak» esan zion.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.