DARWIN ETA GU

'La, la, la land'

Jose Mari Pastor -

2018ko martxoak 24
Marta Rovirak espainieraz hitz egiteko erraztasun handirik ez duela esan izan dute hedabide unionistek. Barre egin diote. ERCko politikariaren txikitako pasadizo bat azaldu dute: Vic-ekoa da Rovira, eta umetan gaztelerazko hitzak telebistan baino ez ei zituen aditzen, Pitufoak eta Maya erlea telesailetan. Behin ikaskide bati patioan espainieraz berbetan entzun, eta gurasoei galdetu zien: «Zergatik hitz egiten du Carmenek telebistakoek legez?».

Gaztelera nagusi zen telebistan orduan. Gaztelerak nagusi izaten segitzen du gaur. Bihar 50 urte beteko dira Joan Manuel Serratek Eurovision Abesti Lehiaketan katalanez kantatzeko eskatu zuela. Biribilak esan zituen 1968ko martxoaren 25 hartan: katalanez ez bazen, ez zen taulara igoko. Ezezkoa jaso zuen. Orduko RTVE Espainiako telebistako zuzendari Juan Jose Rosonek —gero Barne ministroa izango zen demokrata— hau galdetu zion abeslariari: «Serrat, zuk kantari internazionala izan nahi duzu, ala probintzianoa?».

Eurovisionerako bi aste falta ziren. Azkenean, Madrilek Massiel bidali zuen Londresera, Serraten ordez. Kantari espainiarrak irabazi egin zuen, La, la, la abestiagaz. Internazionala zen Massiel, espainolez kantatzen zuelako —andando por la vida aprendí esta canción la, la, la...—. Serrat ikono bihurtu zen. Espainolez, baina. Independentisten etsaia bada ere, ez ditut nik haren lanak sutara botako. Y si te toca llorar, es mejor frente al mar... Para la libertad.

Mocedades taldeari ere ez zioten euskaraz kantatzen utziko 1973ko Eurovisionen. Bilboko kantariek ez zuten, badaezpada ere, halakorik eskatu. Bigarren postua lortu zuten, Eres tú kantarekin. Geroago, Zu zara bertsioa atondu zuten, kontsumo baskongadorako. Denak pozik. Diktadura frankistatik itxurazko demokrazia felipistara pasatu gara, eta oraindik ere nekez adituko dugu Eurovisionen Espainiaren ordezkari bat katalanez edo euskaraz kantatzen, lege gorenaren arabera hizkuntza horiek ere espainiarrak izan arren. Espainian broma gutxi nortasun nazionalarekin.

Espainiar askoren bi alde guztiz kontrajarriak nabarmendu ditu John Carlin kazetariak —progre unionisten egunkaritik bota dute, Kataluniako independentistak oso modu gupidagabean ez larrutzeagatik—. Haren ustez, espainiarrak Europako Mendebaldeko herritar jator eta atseginenak dira egunerokoan, baina jarrera erabat aldatzen dute, muturrera joateraino, politika nazionalari buruzko gaietan, batez ere lurraldearen batasunari eta hizkuntzari dagokienez. Hori ez da beste inon gertatzen. To er mundo e güeno, baina esparru autonomista horretatik harago joan nahi baduzu, akabo bakea. Saia zaitez espainiar talde batekin oporretako bidaia antolatu batean horretaz hitz egiten. Segituan konturatuko zara.

Eduard Voltas kazetariak Germa Bel ekonomialariaren iritzia plazaratu du, Carta a un indecís liburuko atal batean. Bel PSCko kidea izan zen, eta ustezko X jaunaren gobernuan egon zen, Josep Borrell ministroaren aholkulari. Modu arrazionalean konpondu nahi zuen Espainia-Katalunia auzia, baina etsi egin du. Orain, independentista da. Arrazoia? «Aurrekoa aldatzera behartzea gauza itsusia iruditzen zait. Ezin duzu bestea hori egitera behartu». Espainiarrak, aldatu? Ez. Are gutxiago diren moduan gustura, pozik daudenean. Eta harro. Saiatzea denbora galtzea da. Eta itsusia. Ez dute motiborik ikusten estaturik gabeko nazioen arazoa konpontzeko. Erreparatu azken inkestei: Ciudadanos PPri aurrea hartzeko moduan dago. Ines Arrimadas eta Albert Rivera dantzan ditugu La, la, la land zoragarrian, Emma Stone eta Ryan Gosling bikotea bezala.

Bihar 50 urte beteko dira Serratek erabakia hartu zuela. Bihar 100 urte izango dira Claude Debussy musikagile frantsesa hil zela. «Artea gezur guztietan ederrena da» esan zuen berritzaile inpresionistak. La Mer da haren lan ezagunetako bat. Itsasoa. Kanpoan eta barruan. Haren barea. Gure oinazea. Zer egingo diot, Kantauri itsasoan jaio nintzen-eta.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna