Arrauna

Karela, tosta eta arrauna

Hondarribia Arraun Elkarteak 50 urte bete zituen joan zen uztailaren 25ean. Taldea sortu eta gutxira hasi ziren arraunean Agustin Aginagalde eta Luis Mari Larretxea. Orain, laguntzaile finak dira, edozertarako prest beti. Ondo zaintzen dituzte egungo arraunlariak, eta horien artean dago Gonzalo Carrion.

Agustin Aginagalde eta Gonzalo Carrion Hondarribiako arraun elkartean, atzo. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2019ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Hiru arraunlari, hiru izen, Hondarribia Arraun Elkarteko 50 urteko historia marrazten. Iraganekoak bi, oraingoa bat: Agustin Aginagalde (Hondarribia, Gipuzkoa, 1951), Luis Mari Larretxea (Hondarribia, 1950) eta Gonzalo Carrion (Hondarribia, 1977). Horra Ama Guadalupekoa traineruan karela, tosta eta arrauna. Horra ontzi bete-betea, duela mende erdi uretaratu eta, estropadaz estropada, herri baten sentimendua zipriztintzen dabilena.

Uztailaren 25ean bete zituen 50 urte arraun elkarteak. Gero eta urrunago dago 1969ko mugarri hura. Lehenagotik ere izan zen arraunik herrian. Kontxako Bandera bera irabazi zuten bederatzi alditan. Baina elkartea, ofizialki, duela mende erdi sortu zuten.

Handik lau urtera hasi ziren traineruan Aginagalde eta Larretxea. Gurutz eta Julen Aginagalde eskubaloi jokalarien aita da Aginagalde. Anaia zuen arraunlari, eta hari segika ekin zion. Alboan zuen Larretxea, adiskidea: «Asko gustatzen zitzaidan kirola egitea, eta han animatu nintzen arraunean hastera». Orduan, kluba Ama Guadalupekoa eskolaren azpialdean zegoen, «zerbait behar gauzak gordetzeko eta», gogoratu du Aginagaldek. Oraingo egoitzaren ondoan zegoen zaharra. Beste garai batzuk ziren, eta tokitan zituzten gaur egungo erosotasunak: «Ur berorik ere ez genuen izaten dutxatzeko», kontatu du Aginagaldek.

Hantxe moldatu behar izaten zuten, eta han joaten ziren bi gazteak arraun egitera. 1973ko urte hartan bertan jokatu zituzten traineru estropadak herriko taldearekin. Hondarribia ez omen zen puntako trainerua garai hartan: «Baziren gu baino hobeak», diote biek, eta Aginagaldek Lasarte-Oriaren izena bota du. Azkar berretsi du lagunak esandakoa Larretxeak: «Gure aldean beste molde bateko klubak ziren. Dirua ere bazuten, pentsa, eta guk nahiko lan irauten ere». Lasarte-Oria aldean zebiltzan bi izen handi ekarri ditu gogora Aginagaldek:«Korta anaiak, Jose Luis eta Bixente, han ari ziren arraunean».

Talde handia eta ona omen zuen Hondarribiak garai hartan, Larretxeak dioenez. Baina badu damu handi bat oraindik ere: «Gure zuloa prestakuntzan zegoen. Edozein moduz ibiltzen ginen uda prestatzen, batere kontrolik gabe. Korta-eta aurrerago zebiltzan alor horretan». Hondarribiako egungo entrenatzailearen izena ekarri du solasaldira:«Guk Mikel Orbañanos bat izan bagenu, alde ederrean ginen garai hartan, talde ona genuelako».

Egoitza kontuetan bezala, prestakuntzan ere beste garai batzuk ziren ordukoak, baita estropaden egutegia ere: «Orduan Kontxako Bandera prestatzeko elkartzen ginen martxo aldera, eta abuztuan izaten ziren beste estropada batzuk. Ez zen orain bezala, ezta antzik ere; orain sekulako estropada mordoa dauzkate». Traineru azkarra ez izanagatik, pare bat bandera irabazi zituzten Aginagaldek eta Larretxeak, biak Espainia aldean: «Pedreñan eta Astilleron izan zen, eta gure estreinako urtean gainera, 1973an», esan du Aginagaldek. Larretxeak gogoratu du nola irabazi zuten bi bandera haietako bat: «Gure txandaren aurrekoan, sekulako denboralea atera zuen, eta, ohikoa ez bada ere, gurean barealdia izan zen. Ondo baliatu genuen aukera bandera geureganatzeko».

Banderak bandera, orduko arraunlarientzat ere bazuen magia historian zehar denak txunditzeko gaitasuna edukitzen ari den estropadak: Kontxakoak. «Han jokatzea bakarrik gauza handia zen», oroitu dute biek. Lortu zuten amets handiaren zati hori urte batzuetan betetzea, «baina ez beti», Aginagaldek dioenez: «Uste dut urte batzuetan segidan sailkatu gabe geratu ginela». Bi arraunlari historiko horiei ere heldu zitzaien arrauna uzteko garaia. Baina, hainbeste maite duten kirola albora utzi aurretik, Kontxan puntan ibiltzeko aukera izan zuten: «1981ean utzi nuen nik», kontatu du Aginagaldek, «eta Kontxan, urtebete lehenago, hirugarren egin genuen». Larretxeak orduko beste aurkari bat ekarri du gogora: «Zumaia indartsu ibiltzen zen, eta gogoan dut Donostiako estropada batean, oso itsaso txarrarekin, gu lehen kaletik ginela, eta Zumaia laugarrenetik. Sekulakoak eta bi jo ondoren, parean iritsi ginen ziabogara, baina, bueltako luzean, txikitu egin gintuzten». 1981eko urte hura izan omen zuen onena Aginagaldek: «Corte Ingles estropada ezagunean bigarren izan ginen. Uda ona egin genuen, eta, nire azken urtea izan zenez, gustura bukatu nuen». Larretxeak ere garai hartantxe utzi zuen arrauna.

Kluba ez, ordea. «Hor segitzen dugu lanean, edozertarako prest», dio Larretxeak. «Azkenean, laguntzaile asko behar dira arraun elkarte batean». Bi arraunlari historiko horien uberan, makina bat arraunlari azaldu da klubera, eta horietako bat Gonzalo Carrion (Hondarribia, 1977) izan zen, 1996an.

«Etxean aritzea, handiena»

Carrion bizikletan ibiltzen zen lagunekin, «baina fundamentu handirik gabe», berak kontatzen duen bezala. Lagunek erabaki zuten bazela garaia kirolen bati serio heltzeko, eta arraun elkarterako bidea hartu zuten. «Niri esan zidaten ez nuela jasango arraunaren gogortasuna, mutil argala eta indar gutxikoa nintzelako», jarraitu du kontakizuna. «Nik, hala ere, nireari eutsi nion; joan nintzen arraunera, sartu nintzen klubeko atetik, eta oraindik ez naiz atera», laburbildu du Hondarribiako arraunlariak haren arraun ibilbidea.

Elkartearen loraldia bizi izan du, 1996an C traineruan hasi eta gero. Orain, puntako kluba da Hondarribia, eta hortxe dabil azken urte luzeetan: «Oraingoa da taldean ezagutzen dudan laugarren belaunaldia», azaldu du. Badatoz gehiago atzetik: «Harrobia badago, herrian arrauna baita kirol nagusia». Ez dute eredu txarra Carrion: «Norbere herrian eta lagunekin arraun egitea baino gauza handiagorik ez dago, zure koloreekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.