Amagoia Mujika Tolaretxipi.
Venezuela. Presidentetzarako hauteskundeak. Analisia

Chavez gogoan

2013ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Hugo Chavezen azken mitinean euria gogotik ari zuen Caracasen, eta zerura begira tantak aurpegira erortzen atera zioten argazkia dute gogoan bere jarraitzaileek. Esaten dute orduan jakin zuela heriotza zetorkiola. Pasarte hori gogoratzen dutenean malkoak ateratzen zaizkio jarraitzaile bati baino gehiagori. Gertuko iturri batek esanda, bizkarzainek atera behar izan zuten oholtzatik halamoduz, ezin zuelako gehiago. Horrenbeste denbora agertokian, blai, gorriak ikusi zituen komandanteak, baina jendetzaren aurrean azkena zuenez, dena eman behar zuen. Eta eman zuen, azkeneraino.

Chavez hil zen eguna dute ere gogoan. Negarra, atsekabea, bihotzeraino iritsi zitzaien lider handiaren hutsune jasangaitza. Baina urriaren 4 hartako mitinean komandanteak argi utzi zueneraikitakoa ezin dela eror dadin utzi, eta herritar guztien bihotzean dagoela bere hazia. Hori zor diotela sentitzen dute. Gaizki egindakoa zuzentzeko ere liburutxoa utzi zion herriari: Golpe de timon, ministroen azken bileratik ateratako testua. «Asko hobetu behar dugu», esan zuen.

Gaur [atzo] ez dago euririk. Eguzkitsua eta beroa da eguna, sargoria. Ikusgarria da, harrigarria eta hunkigarria, goizean goizetik kalean dabilen jendetza, iristen ari diren autobusak. Gorria da dena. Chavezengatik daude Caracasen, leku guztietatik etorriak, hark irakatsitakoari eutsiko diotela esateko, berak eskatu bezala Maduroren alde daudela erakusteko. Hamalau urteko borroka ez dute alferrik galtzen utziko.

Adorez, indarrez eta gogoz daude herritarrak, baina triste. Ezin dutelako sinetsi horren gizon handia, historian horren gutxitan sortzen denetakoa, nola hil den gazte. Lehen hitzordu garrantzitsua izan dute hura gabe, haien artean dago, baina etxeetan sartzen zen lagun eta aholkulariaren ahotsa falta zaie.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.